Euskal antzerkia, geure modura
- DataUrtarrilak 7
- Gaia Arte eszenikoak
Aiztoaren hotsa. Agian, aizkora baten epaia egurraren kontra. Hemen dugu 2019a, ttak! Eta hara non 2018ak ekarri ziguna gogoratzean Ttak! konpainiaren izena datorkigun lehenik eta behin. Bitxia da gero, konpainia guztiz ezezaguna delako ikusle askorentzat, baina seguru Agur eta Dolore ikusi dutenek aizkorakada indartsuaren kolpea sentitu dutela, aurreko guztia bukatzen, kate astunak ebakitzen, geroa askatasun osoz bilatzen duen lan labur horrekin. Emakume-ikuspegitik egina, zalantzak eta kontraesanak leku zentralean jarrita, umore basatia eta kemen izugarria lagun… Argi dago zergatik hartzen duen lehen postua iazko antzezlanen errepasoa egitean.
Eta antzerki militante eta, zoritxarrez, minoritariotik joan gaitezen antzoki handiak betetzeko jaioa zen beste batera, euskarazko emanaldien paisaia askotarikoa baita. Eskerrak! Izan ere, zer aproposagoa egun hauetarako Dublindarrak lana baino? Arriaga antzokian estreinatu zen duela urtebete, eta taula gainean zortzi aktore ezagun bildu ziren irlandar sendi bateko Errege Gauaren afaria irudikatuz eta James Joyceren Dubliners liburuko hamabost kontakizun elkarlotuz. Estreinaldiaren emaitza bikaina izan zen, eta gero gaztelaniazko bertsioarekin egin du bere bidea, baina antzerkizale askoren kezka da lan bikoitz horrek antzezleengan sortzen duen presio negatiboa, eta beren buruari galdetzen diote ea bide onetik ote goazen hizkuntza menderatzailea eta hizkuntza menderatua plano berean jarrita.
Gurean hainbat lan eskaintzen dira oraindik bi bertsioetan, eta haien artean Erlauntza, Txarriboda eta Txaloren ildoko Zoaz pake santuan eta Etxeko saltsak daude 2018ko muntaia arrakastatsuen artean. Guztiak entretenimendu arloan kokatzen dira argi eta garbi, eta kutsu zilegi horretatik irten nahi izan duten beste lan batzuek —Hiru emakume, Izoztutako haizea bezala...— nolabaiteko transzendentziara heldu nahi bai, baina ezin izan dute ikusleen bihotza arras konkistatu, haien planteamenduetan eremu errazegietatik ibili edo bide erdian geratu izanaren sentsazioa utzi dutelako. Hala ere, ele bitan ematen den antzerkiak Garai zekenak izeneko harribitxia ekarri digu joan den urtea amaitzeko eta honen hasierarako. Ibsenen Hedda Gabler obran oinarrituta, inoiz baino artegagarriagoa egin zaizkigu Heddaren pertsonaia —Miren Gaztañaga— eta haren inguruan mugitzen dena, eta planteamendu eszenikoak ere asko lagundu du, ikusleak antzezleen artean dabiltzalako Arriaga antzokiko zenbait leku eta gelatatik.


