Zintzotasunarekin, gardentasunarekin, kontu-ematearekin, etika politikarekin eta egonkortasunarekin hartua duen konpromisoa berretsi du Lehendakariak

2019.eko abenduak 20

Iñigo Urkullu Lehendakaria buru izan da gaur Gabonetako harrera tradizionalean, euskal gizartearen ordezkaritza zabal bat bertan zela. Eman duen diskurtsoan, Lehendakariak berretsi egin du bere konpromisoa zintzotasunarekin, gardentasunarekin, kontu-ematearekin eta etika politikoarekin; baita egonkortasunarekin ere. Hala, adierazi duenez, “egonkortasuna Euskadin eta, baita Estatuan eta Europan ere”. Egonkortasun hori erdiestearren, Lehendakariak dei bat egin du beharrezko akordioak eta adostasunak lortzen laguntzeko, aukera emango dutenak aurrera egiteko, gobernagarritasuna ahalbidetzeko eta etorkizuneko politikak ituntzeko.

Lehendakariak adierazi duenez, amaitzear dagoen urte hau nahiko ona izan da Euskadirentzat, jarraitu egin baitugu arazoak gainditzen, eta aurrera egin du gizarteak. Hala, positibo eta baikor agertu da datorren urteari begira; eta gertuko etorkizuneko konpromisoetako batzuk aipatu ditu: iraunkortasuna eta ingurumena, gazteria, berdintasuna, identitatea, enplegua, industria, berrikuntza eta enpresa-ereduak. “Egonkortasuna sustatzen jarraitzeko aukera dugu. Gizartean berdintasuna eta oreka bermatzen jarrai dezakegu. Hazteko eta enplegu-aukera berriak sortzeko aukera dugu”, adierazi du.

Bestalde, Lehendakariak azpimarratu egin du zorroztasunak, hobetzeko gogoa eta “auzolanak” duten garrantzia disgregazioari, biktimismoari eta autokonplazentziari aurre egiteko. “Nahiago dugu elkarrekin aurrera egin, inor atzean utzi gabe”, adierazi du. Horrekin lotuta, bere gaitasunaz, bere ahalmenez, etorkizun hobeago bat eraikitzeko hartzen dituen erabakien garrantziaz jabetzen den euskal gizarte bat aldarrikatu du.

Lehendakaritzako atrioan "bertan egiten da harrera urtero" Eusko Jaurlaritzako sailburu guztiak bildu dira, eta haiez gain gonbidatu ugari, euskal instituzioetako arduradunak eta alderdi politikoetako ordezkariak, enpresen eta sindikatuen elkarteak, agente ekonomikoak eta sozialak, baita kulturako, unibertsitateko, kiroleko eta hedabideetako ordezkari ugari ere.