Zarauzko ITV berria aurreikusitako epeetan eta dagokion araudiaren arabera ari da tramitatzen

itv.jpg

2019.eko ekainak 03

Zarauzko ITVa gaur, ekainaren 3an, zabaltzeko aukera zegoela zabaldu ostean Eusko Jaurlaritzak argitu nahi du zehatz mehatz ari dela betetzen dagozkion zuzentarau eta epeak ITASUA emakidadunak estazio bat gehiago har dezan bere gestioaren baitan eta Zarauzko aldi baterako zentroa ahalik eta lasterren ireki ahal izan dadin.

Era berean Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura sailak aukera faltsu horren aurrean piztu den arreta deitoratu du, data hori inoiz ez delako izan Eusko Jaurlaritzaren egutegi aurreikuspenaren baitan egon, kontutan hartuz gainera prozesu administratiboak betetzeak epe batzuk betetzea eskatzen duela eta, zalantzarik gabe, zabaldu den data hori gainditzen dutela.

Kasu honetan gainera, tramitazioa ez da Ibilgailuen Azterketa Teknikoak eskatzen duena soilik baizik eta 1993ko Ibilgailuen Azterketa Teknikoen Zerbitzuaren Esplotazio Kontratuaren aldaketa ere egin behar da, eta ondorioz agente publiko ezberdinek eman behar diote oniritzia aldaketari.

Prozedura konplexua bada ere dagokion epean eta zorrotz ari da egiten martxan jarriko den ITV zerbitzu berriari berme legal eta administratibo guztiak ziurtatu ahal izateko. Aldi berean Zarauzko Udala ere ezinbestekoa den aktibitate lizentzia tramitatzen ari da.

Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura sailak duela hilabete eman zuen ezagutzera Euskadiko ITV estazioak kudeatzen dituzten 4 enpresek, estazio bat gehiago irekitzeko aukera izango zutela, eta Zarautz eta Beasainen gainera, Urnieta eta Irunen sortutako itxaron zerrenda luzeari erantzuteko asmoz behin-behineko estazioak zabaldu ahal izango zirela. Lan prozesua enpresa emakidadun bakoitzarekin bilerak eginez hasi zen eta orduz geroztik aurrera doa aurreikusitako epeak zorrotz betez.

Edonola ere, eta nahiz eta oraindik Zarauzko estazioa ez den zerbitzua ematen hasi, duela hilabete batzuk sortutako arazoa arintzen ari da eta aipatutako Gipuzkoako estazioetan modu arin eta eraginkorragoan ari dira lanean.