Urtero 1.200 pazienteri zerbitzu hobea emango dien Santa Marina Ospitaleko 2. Solairu berritua bisitatu du Lehendakariak

2019.eko abenduak 18

Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako Lehendakariak, gaur goizean, Nekane Murga Osasun sailburuarekin, Juan Luis Diego Osakidetzako zuzendari nagusiarekin eta Osasun Saileko, Osakidetzako eta Santa Marina Ospitaleko zenbait ordezkarirekin batera, Santa Marina Ospitaleko ospitalizaziorako bigarren solairu berritua bisitatu du.

Bisitaren aurretik, lan-bilera bat egin da eta, hartan, Lehendakariak aurrez aurre ezagutu ditu solairu berriko ezaugarriak, ekipamenduak eta zerbitzuak; 3 milioi euro inguruko inbertsioa izan du eta, urtero, 1.200 paziente ingururi emango die arreta.

Ondoren, Lehendakariak solairu berria bisitatu du eta, Iñigo Urkulluren hitzetan, beste urrats bat gehiago da Santa Marina Ospitaleak ematen duen zerbitzuaren kalitatea areagotzeko, zahartzeari eta gaixotasun kronikoei aurre egiteko.

Eusko Jaurlaritzako Lehendakariak nabarmendu du Santa Marina Ospitaleak –75 urte bete ditu– jakin duela garai berrietara egokitzen eta, horrela, jakin duela une bakoitzean pertsona bakoitzaren beharrei erantzuten; hala, beti eutsi dio hurbileko arretaz eta konfiantzaz osatzeko eta zaintzeko eginkizunari eta pertsonen osasuna hobetzen eta beren bizi-kalitatea eta ongizatea areagotzen lagundu du.

Lehendakariak nabarmendu du, aldi berean, Eusko Jaurlaritzaren helburua osasun-sistemaren etengabeko hobekuntza dela, eta Santa Marinako solairu berria apustu hori benetako konpromisoa delako beste zantzu bat dela. “Eusko Jaurlaritzak jarraituko du herritarren zerbitzura dauden azpiegituretan eta teknologian inbertitzen”, eta nabarmendu du datorren urtean “70 milioi euro” inbertituko dituztela, “gure azpiegiturak, ekipamenduak eta instalazioak modernizatzen jarraitzeko; horrek kalitateko arreta, prestazio handiak eta laguntzaren hobekuntza ekarriko ditu Osakidetzan”.

 OSPITALIZAZIO-SOLAIRU BERRIA

Santa Marina Ospitaleko bigarren solairu berrituak 1.400 metro koadroko azalera du; 29 logelatan banatzen da (23 bikoitz eta 6 banako), guztira 52 ohe ditu, eta logela guztietako diseinuak, altzariek eta teknologiak (ohe elektrikoak, garabiak sabaian, eskaren aurkako koltxoiak, konfort-besaulkia…) erosoago egingo dute paziente eta familiartekoen egonaldia, eta profesionalen eguneroko lana erraztuko dute.

Gainera, medikuen eta familiartekoei arreta emateko bulegoak daude, erizaintzako kontrola, botikina eta ataria, pazienteak eta kideak eroso egoteko espazio atsegina izango dena.

Solairu hori kardiologiako, barne-medikuntzako eta pneumologiako zerbitzuetan zentratzen da, eta, urtero, 1.200 pertsona ingururi ematen zaie arreta, eta haien batez besteko egonaldia 10 egunekoa izaten da. Haiek guztiek erizaintzaren, laguntzaileen eta zeladoreen arloko 47 profesionalek eta kardiologiako, barne-medikuntzako eta pneumologiako espezialitateetako ospitaleko 21 mediku profesionalek eratzen duten taldearen arreta jasotzen dute.

Santa Marina ospitalea Osakidetzako ospitalea da, eta Bizkaiko lurralde-eremuan dihardu. Bertan, gaixotasun kronikoak, pluripatologikoak eta/edo zainketa aringarrietarako beharrizanak dituzten adinekoei ematen zaie arreta. Beste erakunde batzuekin koordinatuta lan egiten du, laguntza-jarraitutasuna eta pazienteen beharretarako egokiena den ingurunera itzultzea bermatzeko.

Fisioterapiako gimnastika duen errehabilitazio-zerbitzua eta proba osagarriak (ekokardiogramak, esfortzu-probak, bronkoskopia, X izpiak) dira arreta integrala eskaintzeko osagarria.       

Ospitaleak 239 ohe ditu. Urteko laguntza-jardueran, 5.000 ospitalizazio ingururi ematen zaie arreta, 6.000 larrialdi baino gehiagori eta 5.000 kontsulta ingururi.

 

Vitoria-Gasteiz, 2019ko abenduaren 18a