Turismo-kanpaina berri bat #Basquexperience-a bizitzeko

Argitalpen-data: 

Emozio, sentsazio, usain, zapore, paisaia, soinuak biltzea… Hori da Eusko Jaurlaritzak diseinatu duen turismo sustapeneko kanpaina berriak duen #Basquexperience goiburuaren xedeetako bat. Ekimenaren nahia da zentzumenak suspertzea eta Euskadi “esperientzia hutsa” dela helaraztea.

Esperientzia paregabe horren bilaketak inspiratu du goiburua, bai eta Antonio Garamendi getxotarrak sortu duen sintonia berria ere. “Herrialdea ordezkatuko duten berezko izen eta doinu bat merezi ditu Euskadik; bere izaera eta erroak, bere oraina eta etorkizuna agertuko dutenak”, azaldu du Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburu Sonia Pérez Ezquerrak. Emaitza sare sozialetako hashtag ezaguna eta bisita liburuetan eta antzekoetan ikus daitezkeen eskuz idatzitako oharren grafia konbinatzen dituen goiburu bat eta doinu berri bat izan da. Azken honek “antzinako ohitura eta berrikuntza kosmopolita; itsasoa, kresala, basoetako goroldioa eta haranetako berdea; kulturarekin uztartu diren burdina eta industrietako kea, beren erroekiko leial diren abangoardiako hiriak; kalitatezko produktuak, eltze eta saltsa usaina, sukaldaritzako delicatessena” dakartza burura. “Soinu, usain eta zaporea du Euskadik; Esperientzia hutsa da”, gaineratu du Sonia Pérez Ezquerrak.

Euskadik abagune ugari eskaintzen dituen gertuko eta interes handiko jomuga gisara duen irudia sendotu nahi du kanpainak, barneko turismo-merkatua sendotzeari begira. Sailburuak azaldu duenez, barneko turismoaren alde eginiko apustuaren zioa da Euskadiko bigarren merkaturik handiena Autonomia Erkidegotik bertatik datorrena dela; guztiaren % 10 inguru suposatzen du. “Beste erkidegoetako bisitariak erakartzeaz gain, garrantzitsua da gure biztanleriari dei egitea ere gure herrian zehar mugitu, bidaiatu eta gure lurra ezagutzeko ohitura handia baitugu”, gaineratu du.

Hori dela eta, kanpainaren ekimenetako batean EiTBren laguntzarekin eginiko zenbait telebista-saio emango dira. Horien protagonista nagusienak Euskadiko biztanleak izango dira. Emanaldiak hil honetan bertan hasiko dira: gure lurraldeko txokorik ezezagunenak agertzeaz gain, oso entzutetsuak badira ere ezohikoagoak diren txokoak eta ikuspegiak biltzen dituzten leku horiek erakutsiko dira ere.

Saio monografiko horiek zeharkako ikuspegi bat eskainiko dute osagai bereizleen bitartez. Beren gaien artean, ondokoak egongo dira besteak beste: natura-, familia- eta industria-turismoa; hiriburuak, kostaldea eta enoturismoa. Aurrekoak osatzeko, gastronomia-esperientzia bikainak eta kontsumo arduratsua sustatzeko ekimenak gauzatuko dira ere. Kanpainak arreta berezia eskainiko dio erosketa arduratsuen turismoari, benetako erosketa-esperientziak bultzatu eta sustatzeko helburuarekin; honela, tokiko merkataritzak turismo-eskaintzari ematen dion balio erantsia utzi nahi da agerian.