Straumann talde suitzarrak Mendaroko Createch Medical enpresaren aldeko apustua berretsi du eta Euskadiko I+G indartzen du

2019.eko urriak 19

  • Createch Medicalen I+G dibisioa jada bere osaeraren berdefinizioa lantzen ari da Enpresa Ikergune bihurtzeko
  • Eusko Jaurlaritza ikerketa-ildo berrietan jada lanean ari den taldearen ekimenak babestera konprometitzen da

Arantxa Tapia buru duen Euskadiren ordezkaritzak bere Suitzako agendari amaiera eman dio Villeret hirian Straumann Taldearen egoitzara egindako bisitarekin. Bisita horretan ere hartu dute parte Xabier Egurbide Createch Medicaleko (Egile Taldea) nazioartekotze-arduradunak eta Jens Dexheimer Straumann Taldeko presidenteorde exekutiboak. Straumann Taldea hortzen inplanteak garatzen, ikertzen eta produzitzen liderra da mundu-mailan.

Straumannek, gaur, Mendaroko enpresa teknologikoaren alde egiten duen apustua berretsi du. Bertan, Entzutezkoen Fabrikaziorako mundu-mailako bere I+G zentroa kokatu du. Era horretan, Createch enpresaren aurrerapen teknologikoek nazioartean proiekzioa izateko aukera ematen du.

Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburu Arantxa Tapiak oso modu positiboan baloratu du Straumann eta Createch Medical egiten ari diren lana, eta etorkizunean sor daitezkeen proiektuak babesteko konpromisoa hartu du. “Konpromisoa zen I+G Mendaron mantentzea. Horrela egiten ari dira; ikerketa-ildo berriak zabaltzen ari dira, produktu berriak sartzen ari dira eta, gaur, gure erabateko eta epe luzerako konpromisoa berretsi dugu".

Straumann eta Createch ere oso pozik agertu dira elkarrekin egiten ari diren lanarekin. Talde suitzarrak Createch enpresari beste modu batera lortzeko zailtasun handiak izango zituen nazioarteko oihartzuna eman dio, eta Mendarokoek erraldoi suitzarrari oso teknologia espezializatua eta aurreratua eskaintzen diote entzutezkoen fabrikazioaren esparruan.

Mendaron bide hori zalantzekin eta euren “egiteko modua” gorde ahal izateko baldintza jarriz hasi bazuten ere, gaur egun oso gustura daude Straumannekin duten erlazioarekin. Createchek —oso kalitate handiko produktuarekin— hazi egin behar zuen eta Straumannek, merkatura sartzen laguntzeaz gain, entzutezkoen fabrikazioan oinarritutako ikerketa eta soluzioen garapena sendotu ditu. Talde suitzarraren bultzadarekin eta I+Garen esparruan indartuta, Createchek bere berdefinizio-prozesua hasi du, Enpresa Ikergune bihurtu ahal izateko eta, horrela, Euskadiko Zientzia, Teknologia eta Ikerketako sarearen parte izateko.

“Euskal erakundeen aldetik jasotzen dugun babesa gaur eurek ikusi ahal izatea guretzako oso garrantzitsua da” adierazi du Xabier Egurbidek instalaziora egindako bisita amaitzean.

Jens Dexheimer Straumann Taldeko presidenteorde exekutiboak Euskadin aurkitu duten oso maila teknologiko altua azpimarratu du, eta Createch Medicalen teknologia “paregabe” bezala definitu du, eta “maila globalean garapen-zentroa dela” esan du. Horri esker, CATCAMen teknologia batean oinarrituta, protesiaren arloan soluzio espezifikoak garatzeko aukera ematen die.

Createch Medical eta Straumann Group

Straumann Group taldeak hortz-inplanteak, tresnak, protesiak, biomaterialak eta soluzio digitalak ikertzen, garatzen, fabrikatzen eta hornitzen ditu, hortzak babesteko, leheneratzeko, berrezartzeko eta ordezkatzeko, klinika, hortz-laborategi, institutu, unibertsitate, odontologoen sare eta beste komunitate nagusi batzuekin elkarlanean.

Egoitza nagusia Suitzako Basilea hirian duela, Straumann Group taldeak 5.000 langile inguru ditu mundu osoan. Bere produktuak, soluzioak eta zerbitzuak 100 herrialde baino gehiagotan daude eskuragarri, filialez eta banaketa-bazkidez osatutako sare zabal bati esker, Straumann, Neodent eta Medentika nazioarteko marken eta jabetza osoa edo zati batena duten beste konpainia batzuen bidez.

2018an, Straumannek Createch Medical enpresa gipuzkoarraren % 100 eskuratu zuen. Createch Medical Mendaron kokatutako hortz-protesiak eta aurpegi-masailetakoak egiten dituen enpresa bat da. Bertan, ezagutza odontologikoak eta aeronautikoak uztartzen ditu maila teknologiko handiko produktuak eskainiz.

Akordioaren arabera, Createch Medicalen egoitza sozialak Gipuzkoan egon behar zuen eta Straumannen mundu-mailako I+G unitatea Mendaron ipini behar zen. Gaur egun Taldeak 7.000 langile ditu eta bere produktuak mundu osoko 100 herrialde baino gehiagotan saltzen dira.