SPRI Taldeak onlineko sarbidea eman die euskal ETEei Fabrikazio Aurreratuko lehenengo 75 aktibo zientifiko-teknologikoetara

BDIH.png

2019.eko apirilak 20

basqueindustry.eus webguneak industria arloko euskal ETEen eskura jartzen ditu I+G-ko azpiegiturak, lantegi pilotuak eta Basque Digital Innovation Hub (BDIH) sarearen ezagutza tekniko espezializatuak

 Euskal ETEek eskura dute jadanik Basque Digital Innovation Hub (BDIH) sarea osatzen duten 75 aktiboen lehen katalogoa (I+G-ko azpiegiturak, lantegi pilotuak eta  fabrikazio aurreratuaren arloko ezagutza tekniko espezializatuak). Sare horren helburua da aukera erraza eta kostu aldetik eraginkorra ematea enpresei, Fabrikazio Aurreratuaren esparruko gaitasun zientifiko-teknologiko berritzaile eta bikainak eskuratu ditzaten, eta horrela posible izan dezaten eboluzionatzea eta lehiakorragoak izatea. BDIHren jabe dira Euskadiko I+G-ko teknologi zentroak, Lanbide Heziketako ikastetxeak eta unibertsitateak, eta Eusko Jaurlaritzaren babesa du SPRI Taldearen bitartez.

Ezagutza eta zerbitzu zehatzak eskaintzen dizkie sektore hauetako enpresei: Fabrikazio Aurreratua, Robotika Malgua eta Kolaboratiboa, Zibersegurtasuna eta Makina Adimendun eta Konektatuak.

Basque Digital Innovation Hub (BDIH) ekimena fabrikazio aurreratuko RIS3 Espezializazio Adimenduneko Euskal Estrategiaren barruan dago kokatua (Basque Industry 4.0),  eta helburutzat du enpresa-sareari laguntzea berrikuntza digitalen esperimentazioan.

Ekimen honen helburua da enpresa industrialei -bereziki ETEei- behar dituzten gaitasun teknologikoak ematea aurre egin diezaieten 4.0 industriaren erronkei. BDIH sarea beraizik erabiltzen da I+G-ko proiektuak garatzeko, proiektu industrialak eskalatzeko, abangoardiako teknologiak erakusteko eta startupak trebatu eta azeleratzeko.

BDIH sareak nazioarteko konexioak ditu Europako beste HUB batzuekin. BDIH Europako Batzordearen Digital Innovation Hub-en katalogora biltzen da. Eta katalogo horren barruan dagoenez, aukera du Europako beste Digital Innovation Hub batzuekin kolaboratzeko, eskualde arteko lankidetza bultzatzeko eta Europako DIH sare handi bat sortzeko.

Hala, plataformak hainbat aktibo eskaintzen dizkie industria arloko euskal ETEei: Fabrikazio Gehigarriko 33, Robotika Malgu eta Kolaboratiboko 24, Zibersegurtasuneko 7 eta Makina Adimendun eta Konektatuen arloko 11. Gainera, aukera ematen du hainbat 4.0 aktibo konbinatzeko eta horrela ETE eskatzaileek behar duten konponbidea eskaintzeko. Horrezaz gain, onlineko eskaera-sistema bat bideratu da enpresa bakoitzaren neurrira eginiko proposamenak aurkezteko.

Fabrikazio gehigarria piezak eta produktuak ekoizteko eredu berri bat da. Fabrikazio gehigarriak (Additive  Manufacturing (AM) nazioartean) eskala mikrometrikoan manipulatzen du materiala eta modu oso zehatzean ezartzen du material hori elementu solido bat eraikitzeko.

Teknologia asko daude piezak printzipio horren arabera fabrikatzeko, eta horrek beste iraultza industrial bat eragin du.   Aukera ematen du tresnarik ez erabiltzeko, gizakiak imajinatu (eta marraztu) dezakeen edozein geometria erreproduzitzeko edo kontsumitzailearen eskaera aldakorrei unean uneko erantzunak emateko. Horrelako abantailei esker, AM funtsezko pieza bilakatu da herrialde garatuenetako industriaren etorkizunerako.

Euskadin Fabrikazio Gehigarriko gaitasun handiak ditugu, eta horregatik sortu da Fabrikazio Gehigarriaren arloko gune bat Basque Digital Innovation Hub sarearen barruan. Gune horretan, esparru horretako gaitasunak dituzten agente garrantzitsuenek elkarlanean dihardute ETEen beharrizanetara ongien egokitzen den zerbitzua eskaintzeko.   Robotika da enpresen -eta bereziki ETEen- lehiakortasunerako palanketariko bat, zeren enpresek beren prozesuak automatizatu behar baitituzte, fabrikazio aginduen aldaketetara azkar egokitzen diren konponbide malguekin.

Eraginkortasuna eta errentagarritasuna ahalbidetzeko, produkzio-prozesuak modernizatu behar dira, eta hori lortzeko modu bat da eskuz egiten diren prozesuak ordezkatu eta modernizatzea, hau da, robot industrial mugikor, malgu eta kolaboratibo berrien aldeko apustua egitea.