"Segurtasuna, kalitatea eta eraginkortasuna" dira Euskadiko egoitzetako farmazia-prestazioaren eredu berriaren helburuak

2019.eko urriak 29

Osasun Saila euskal egoitzekin lanean ari da, bere farmazia-zerbitzuak dekretu arautzaile berrian ezarritako eskakizunetara egokitzeko

 

Iñaki Betolaza Eusko Jaurlaritzako Farmaziako zuzendariak Eusko Legebiltzarrean baieztatu du euskal egoitzetan farmazia-zerbitzuak eta sendagai-biltegiak arautzen dituen dekretua ezarri izanak hobetu egingo duela adinekoen farmazia-arretaren kalitatea eta, horrela, areagotu egingo dela prozesu farmakoterapeutikoaren segurtasuna.

Era berean, eraginkortasuna hobetuko dela nabarmendu du; izan ere, hornidura-prozesu berrien ezarpenaren eta, baterako gida farmakoterapeutiko baten arabera, sendagaiak erosketa-sistema zentralizatuan prestatzearen bidez, Eusko Jaurlaritzak urtean 2,5 milioi euro aurreztu ahalko ditu.

 

DEKRETUAREN EDUKIA

Eusko Legebiltzarreko Osasun Batzordearen aurrean egin duen agerraldian, Iñaki Betolazak 29/2019 Dekretuak (Euskal Autonomia Erkidegoan dauden adinekoen egoitzetarako farmazia-zerbitzuak eta sendagai-biltegiak arautzen dituena) ezartzen dituen eskakizunen berri eman du, bai eta hura euskal egoitzetan ezartzeko prozesuaren berri ere.

Azaldu duenez, Dekretuak ehun ohe edo gehiago dituzten egoitza-zentroetan farmazia-zerbitzua izateko beharra ezartzen du; betebehar horretatik salbuesteko, Euskadiko Osasun Sistemako ospitale bateko farmazia-zerbitzu bati lotutako sendagaien biltegia ezarri beharko da. Eta ehun ohe baino gutxiagoko eta hogeita bost baino gehiagoko egoitza-zentroetan sendagaien biltegia ezartzeko exijitzen da.

Horrek esan nahi du 19.560 pertsonari arreta ematen dieten 249 egoitzarengan duela eragina. Egoitza bakoitzak bere farmazia-zerbitzua edo sendagaien biltegia izango du. Euskal Autonomia Erkidegoan, gaur egun, 318 egoitza eta 20.928 plaza daude.

Une hauetan, Farmazia Zuzendaritza euskal egoitzekin lanean ari da, bere farmazia-zerbitzuak dekretu arautzaile berrian ezarritako eskakizunetara egokitzeko. Bestalde, egoitza guztietan kalitateko farmazia-arreta garatzeko, farmaziako langileak sartu beharko dira.

Egoitzako laguntza-taldean sartuko diren farmaziako profesionalek sarbidea izan ahalko dute historia klinikora eta errezeta elektronikora; beraz, historial farmakoterapeutikora eta egoiliarren tratamendu aktiboaren kontsultara sartuz, medikazioa berrikusteko, egokitzeko eta uztartzeko prozesuak egin ahalko dituzte, haiei arreta ematen dieten medikuntzako profesionalekin batera. Horrek segurtasun handiagoa ematen dio pazienteari, laguntzaren kalitatea hobetzen du, bai eta preskripzioaren eta banaketaren prozesuena ere.

Osasun Sailak farmaziako titulazioa duten 15 pertsona kontratatzea aurreikusi du, haren ondoriozko eginkizunak garatzeko, Osakidetzako ospitaleetako farmazia-zerbitzuekin lotura duten egoitzetan.

 

FARMAZIA SOZIOSANITARIOAREN UNITATE BERRIA

Agerraldian, Eusko Jaurlaritzako Farmaziako zuzendariak Farmazia Soziosanitarioaren Unitate berria ere aipatu du; hura Barrualde Galdakao ESIko Galdakao-Usansolo Ospitaleko Farmazia Zerbitzuan ezarriko da, eta hura arduratuko da 130 egoitza baino gehiagori sendagaiak dosi pertsonalizatuetan prestatu eta hornitzeko. Egoitza horiek 100 oheko edo gehiagoko publiko eta pribatu guztiak izango dira; guztira, 13.500 plazadunak.

Galdakao-Usansolo Ospitalearen mendeko unitateak 1.038 metro koadroko eraikina izango du, eta 1.848 metro koadroko azaleradun alboko lursail bat. Eta, esan duenaren arabera, proiektu berritzailea izango da egoiliarrentzako sendagaiak kudeatzeko, dosi pertsonalizatuen sistema baten bidez; haren bitartez, betebehar terapeutikoa eta sendagaien erabilera eta kontrol hobea bermatzen lagunduko da. Unitate horretan, 7 lanpostu sortuko dira egoitzei sendagaiak prestatzeko eta hornitzeko lana kudeatzeko.

Azkenik, Eusko Jaurlaritzako Farmaziako zuzendariak nabarmendu du Dekretu horretan ezarritakoa abian jartzean, “egoitza-eremuan arreta-eredu berria” hasi dela, eta “datozen urteotan finkatu” egingo dela. Gainera esan du horren bidez "puntako eta kalitateko” osasun-arreta eman nahi dela, gizarte- eta osasun-paradigma berria aintzat hartuta, bai eta biztanleen zahartzea eta mendekotasun handiagoa ere kontuan hartuta.  “Egoitzetan dauden pertsonei zuzendutako medikuntzako eta farmaziako arreta sustatu nahi dugu, modu integralean eta koordinatuan”, eta horrek laguntza-kalitate handiagoa ekarriko du eta Euskadiko egoitzetan bizi diren adinekoentzako farmazia-prestazioaren segurtasuna eta eraginkortasuna hobetuko du.

 

Vitoria-Gasteiz, 2019ko urriaren 29a