Segurtasun Sailak eta Ertzaintzak Zaintza eta Erreskate Unitatearen lana nabarmendu dute Pariseko 2019ko Milipol Munduko Segurtasun Azokan

2019.eko azaroak 20

Segurtasun Saila eta Ertzaintza Parisen dira egunotan, Milipol 2019 azokan, segurtasunari buruzko munduko azokarik garrantzitsuenean, parte hartzeko. Polizia-erakundeak Zaintza eta Erreskate Unitatearen lana nabarmenduko du aurten, prestakuntza eta esperientzia handiko zerbitzua izanik. Josu Zubiaga Segurtasuneko sailburuordea eta Rodrigo Gartzia Segurtasuna Koordinatzeko zuzendaria joan dira gaur bertara.

Segurtasun Saila eta Ertzaintza bi helbururekin ari da parte hartzen azokan: alde batetik, erakundearen lana nazioartean sustatzeko, Euskadiko segurtasunaren ardura duen polizia integral gisa; eta, bestetik, beste segurtasun-organismo batzuekin harremanak bultzatzeko, bereziki nazioarteko esparruan. Ertzaintzak munduko segurtasun azoka honetan parte hartzen duen laugarren aldia da, eta aurretik 2007an, 2015ean eta 2017an parte hartu zuen.

Edizio honetan Segurtasun Sailak eta Ertzaintzak prestakuntza eta esperientzia handiko polizia-zerbitzua den Zaintza eta Erreskate Unitatearen lana nabarmendu nahi izan du. Unitate hori berrogeita hamar bat ertzainek osatzen dute, eta hiru ataletan dago antolatuta: mendiko atala, uretakoa eta aeronautikoa.

Unitateko agenteek entrenamendu-maila eta prestakuntza tekniko handia dute, bai eta material baliabide aurreratuenak ere. Sorospen-lanak ez ezik, beste hainbat lan ere egiten dituzte, hala nola, delituen eta lege-hauste administratibo batzuen zaintza eta ikerketa lanak.

Ertzaintzaren unitate horrek urtean berrehun bat sorospen-jarduera egiten ditu: ehuneko 70 erreskateak izaten dira eta gainerakoak landa-eremuan desagertutako pertsonak bilatzeko lanak. Erreskate gehienak mendian eta asteburuetan egiten ditu.

Ertzaintzaren standean Zaintza eta Erreskate Unitateak erabiltzen duen lur-orotako ibilgailu bat dago, bilaketako eta erreskateko ekipamenduaz hornituta, bai eta zeregin horietarako erabiltzen dituen material espezifikoen erakusketa ere. Horrez gainera, errealitate birtualeko ekipo baten bidez jendeak erreskate-operazio bat birsortu dezake eta hurbiletik bizi ditzake era horretako egoerak.

Bestalde, erakusketan Ertzaintzari buruzko ikuspegi orokorra ere ematen da grafikoen eta ikus-entzunezkoen bidez, eta erakundeak azken urteotan izan duen bilakaera erakusten dute eta bisitariei polizia-kidegoaren eskumenei eta gaitasunei buruzko ikuspegi modernoa eta orekatua ematen diete.

Erakunde Harremanetarako eta Komunikaziorako Zerbitzutik koordinatutako agente talde batek egiten die harrera bisitei eta erantzuten diete egindako galderei, horrela, mundu osotik azokara hurbiltzen diren segurtasunaren arloko profesionalekin harreman-esparru bat sustatzeko.

Segurtasunaren arloko munduko azokarik garrantzitsuena

Segurtasunaren arloko erakunde eta enpresentzat munduko topaketarik garrantzitsuena da Milipol azoka. Bi urtez behin egiten da Pariseko Nord Villepinte erakustazokan, eta, bertan, sektore publikoko nahiz pribatuko ehunka erakusketari biltzen dira. Frantziako Barne Ministerioak sustatuko azokaren XXI. edizioa da aurtengoa, eta bere helburu nagusia aurreko edizioko zifrak gainditzea da. Aurreko azokan 53 herrialde ezberdinetatik heldutako 1.005 erakusketari elkartu ziren eta ia 30.000 bisitari jaso zituen. Azoka segurtasunaren arloko profesionalentzat bakarrik antolatzen da, eta ez da jende guztiarentzat zabalik egoten.