Segurtasun Sailak eta adimen-desgaitasuna duten pertsonei laguntzeko Gorabide Elkarteak lankidetzan dihardute zentroetako egoiliarren baimendu gabeko absentzien kudeaketan

IMG_0011.JPG

2019.eko urriak 01

Erandio, 2019ko irailaren 30a

Segurtasun Sailak adimen-desgaitasuna duten pertsonei laguntzeko Gorabide elkartearekin lankidetzan dihardu egoitza-esparruko erabiltzaileen baimendu gabeko absentziak kudeatzen. Joan den ostiralean sinatutako dokumentuak absentzia horien aurrean polizia-erantzun bizkorra eta giza baliabideen eta baliabide materialen kudeaketa egokia bermatzeko komunikazio- eta erantzun-protokolo bat ezartzen du elkartearen eta Ertzaintzaren artean.

 

Gorabide irabazi-asmorik gabeko elkarte bat da, eta adimen-desgaitasuna duten Bizkaiko emakume eta gizonei eta haien familiei beren bizi-asmoak garatzeko aukera izaten laguntzea du eginkizun nagusi. Ildo horretan, babesa eta berrikuntza eskaintzen du erantzunetan, ikuspegi etiko batean oinarrituta, eta gizarte bidezkoago eta solidarioago batean txertatzeko aukera sustatzen du. Elkartearen helburuak honako hauek dira: desgaitasuna duten pertsona horien gizarteratzea sustatzea, haien gaitasunak eta bizi-segurtasuna garatzen laguntzea eta haien laneratzea lortzea.

 

Bestalde, Ertzaintza Segurtasun Sailean txertatutako polizia-gorputza da, eta pertsonei laguntza eta babesa emateko, edozein arrazoirengatik arrisku-egoeran dauden ondasunen kontserbazioa eta zaintza ziurtatzeko eta delituei aurrea hartzeko eginkizunak ditu, besteak beste. Horretarako, ezaugarri bereziak dituzten kolektiboen premia bereziak eta haien kalteberatasuna hartzen ditu kontuan.

 

Oinarri horiekin, bi erakundeek dokumentu bat sinatu dute, eta, bertan, Gorabideren zentroen egoitza-esparruko erabiltzaileen baimendu gabeko absentzien kasuak kudeatzeko protokolo bat dago jasota. Baimendu gabeko absentziak honako hauek dira: ihesa, desagerpena edo aurreikusitako egunean eta orduan ez itzultzea. Akordioak helburu bikoitza du: adimen-desgaitasuna duen pertsonaren interes gorena zaintzea eta kudeatutako baliabideen eraginkortasuna maximizatzea.

 

Adostutako protokoloak bi erakundeek absentzia horien aurrean jarraitu beharreko jarduketa-jarraibideak biltzen ditu. Adibidez, baimendu gabeko absentzia baten kasuan Ertzaintzarekin komunikatzeko kanalak eta abisuen edukia jasotzen ditu. Ertzaintzaren Aginte eta Kontrol Zentroaren jakinarazpenen edukiak, alde batetik, pertsonaren ezaugarri fisikoak eta desgaitasunari buruzko datuak jasoko ditu, eta, bestetik, haren absentziak eragin ditzakeen arriskuen balorazio profesional bat. Horren bidez, polizia-erantzun bizkorra eta baliabide materialen eta giza baliabideen kudeaketa egokia eskaini nahi da.

 

Absentzia baten aurrean egin beharreko lehen jarduketen artean, egoitza-baliabideak berak hurbileko ingurunean eta ez dagoen pertsonaren ohituren arabera egin ditzakeen egiaztapen- eta bilaketa-zeregin batzuk daude. Protokoloak, posta elektroniko eta telefono bidezko berehalako komunikazioez gain, absentzia baten kasuan salaketa formalizatzeko aukera hartzen du kontuan.

 

Lankidetza-dokumentuak lau urteko iraupena izango du, eta luzapena dago aurreikusita. Dokumentua joan den ostiralean sinatu zuten bi erakundeek, Ertzaintzak Erandion duen Egoitza Nagusian. Segurtasun Sailaren ordezkari gisa, Ertzaintzako zuzendari Gervasio Gabirondok hartu zuen parte, eta Gorabideren ordezkari gisa, berriz, elkarte horretako zuzendari kudeatzaile Pablo Gonzálezek.