Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak 700 ertzainen eta 26 udaletako 111 udaltzainen hautaketa-prozesu bateratuaren berri eman dio Zuzendaritza Batzordeari

2019.eko abenduak 19

Deialdia EHAAn urtarrilaren 8an, asteazkenean, argitaratzea aurreikusten da, eta hilaren 9tik aurrera eman ahal izango da izena

Vitoria-Gasteiz, 2019ko abenduak 19

Segurtasuneko sailburu Estefanía Beltrán de Heredia buru dela Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako Zuzendaritza Batzordeak gaur egin duen bileran 2019ko memoria eta datorren urterako ekintza-plana azaldu dira. Hizpide izan diren gaien artetik aipatzekoa da 700 ertzainen eta Euskadiko 26 udaletako 111 udaltzainen hautaketa-prozesu bateratua, Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziari buruzko Legearen bosgarren aldaketa onartu zenetik egingo den lehenengoa.

 

Ertzaintzako oinarrizko eskalako agenteen 700 plazaren deialdiarekin 29. Promozioa osatuko da, eta 1982tik egin den deialdirik handiena izango da; urte hartan guztira mila plaza deitu ziren. Lehenengo Promozioa ere, 1981ekoa, 700 plazakoa izan zen.

 

Ertzainetarako 700 plaza eta Euskadiko 26 udaletako udaltzainetarako 111 plaza betetzeko hautaketa-prozesu bateratuaren deialdia EHAAn urtarrilaren 8an, asteazkenean, argitaratzea aurreikusten da, eta izena emateko epea hurrengo egunetik, urtarrilaren 9tik, otsailaren 5era bitartean egongo da zabalik.

 

Deialdiko lanpostuen kopurua zabal liteke Kudeaketa Agindua sinatu duten udaletako Udaltzaingoetan, arrazoi ezberdinengatik hautaketa prozesuak irauten duen bitartean agente plaza berriak sortu ahala.

 

Bilera berean 2020rako aurreikusitako urteko ekintza-plana onartu du Arkauteko Zuzendaritza Batzordeak. Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren zuzendariak, Malentxo Arruabarrenak, azaldu duenez, 2020an 8.560 matrikulazio eskainiko dira, Euskadiko Segurtasun Publikoaren Sistema eguneratzeko eta hobetzeko 194 ikastarotan banatuta. Guztira, 2.392 pertsonak, 1.806 ertzainek, 267 udaltzainek eta suteak itzaltzeko zerbitzuetako beste 319 pertsonak, egingo dituzte karrera profesionalean eragina duten (kategoriaz igotzea eta espezializazioak) ikastaroak.

 

Parez-Pare jardunaldien zazpigarren edizioan bigarren urtez jarraian izango da Kriminologiaren Euskal Institutuaren nahiz Euskadiko Judikaturaren eta Fiskaltzaren laguntza, eta jardunaldi horietan zibersegurtasunarekin, gorroto-delituekin, sexu-delituekin eta polizia-ikerketari ezarritako teknologia berriekin zerikusia duten gaiak izango dira aztergai.

 

Udaltzaingoak Koordinatzeko Batzordea

 

Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademian Euskadiko Udaltzaingoen Koordinazio Batzordearen urteko bilera ere egin da gaur, Estefanía Beltrán de Heredia Segurtasuneko sailburua buru dela, Eudelekin izenpetutako hitzarmenaren bidez sortutako taldeek egindako lanen berri emateko eta datorren urterako Ekintza Plana aurkezteko.  

 

Arkauten egin den bileran Eudelekin izenpetutako hitzarmenaren bidez osatutako lantaldeek urtean zehar landu dituzten gaiak aurkeztu dira, gaiak honako arlo hauekin erlazionatuta daude: ekipamenduak, hautaketa eta formakuntza, araudia, informatika eta telekomunikazioak, berdintasuna, polizia eginbideak eta prozedurak, herritarren segurtasunaren eta bide-segurtasunaren arloko zehapen-araubidea ezartzearekin lotutako jardunbide egokiak eta interpretazio-irizpideak.

 

Era berean, bileran, Ertzaintzaren eta Udaltzaingoaren arteko lankidetzarako oinarrizko hitzarmenak aztertzeaz gainera, 2020rako Ekintza Plana aurkeztu da. Jardueren laburpenean aipagarriak izan dira 7/2019 Legearen, Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziari buruzko Legearen bosgarren aldaketarenaren, garapen arau-emailea; Udaltzaingoko bitarteko agenteen eta laguntzaileen poltsetarako deialdiak; hautaketa-prozesu bateratua; trafikoko istripuen biktimen erregistroa; udaltzaingoen erregistroa eta ataria; polizia-datuen truke telematikoa; delituen estatistika eta salaketa penalak; EBA polizia-prozedura; Etxeko eta Emakumezkoen Babesa; eta euskal poliziaren lanbide-akreditazio berriaren agindua.