Plataforma irekiekin bat egiten duten TIGak ere arautuko ditu Eusko Jaurlaritzak laster onartuko duen Dekretuak

VTC-Taxi_006.JPG

2019.eko azaroak 04

  • TIGek eta taxien enpresek azken fasean dagoen Dekretua babesten jarraitzea adostu dute
  • Eusko Jaurlaritzak udalen eta foru aldundien lankidetza eskatuko du lurreko garraioaren antolamenduaren arloan indarrean dagoen araudia betetzen dela ikuskatu eta kontrolatzeko

Taxiaren eta TIGen mahai sektoriala gaur goizean bildu da, premiaz, UBER Bilbon martxan jarriko dela iragarri ondoren. Orain arte aurreikusita ez zegoen aukera bat da, eta foro sektorial honetan kontuan hartu ez zena, plataforma irekietatik bakar batek ere ez baitzuen interesik erakutsi Euskadin sartzeko.

Gaurko bileran, Garraioetako sailburuorde Antonio Aiz eta Lurralde Plangintzako zuzendari Janire Bijueska buru zirela, errealitate berria aztertu dute Taxien elkarteek eta TIGen ordezkariek. Euskadi da erkidego bakarra non sektore desberdinek mahai sektorial berean parte hartzen duten zerbitzu desberdinak erregulatuko dituen araudi bat lantzeko. Eusko Jaurlaritza teknologia berriak erabiltzearen alde agertu da, bai taxien bai TIGen negozio-ereduetan, bere ustez bientzat lekua dagoen merkatu batean. Alde guztiek erakutsi dute era guztietako zerbitzuak arautuko dituen Dekretu bat laster onesteko interesa.

Eusko Jaurlaritzak, gainera, Udalen eta Foru Aldundien lankidetza eskatuko du lurreko garraioen antolamenduari buruz indarrean dagoen araudiaren betearazpena ikuskatzeko eta kontrolatzeko zereginetan.

Taxiaren eta TIGen Mahaiaren helburuak eta lana

Mahai honen helburua beti izan da bi negozio-ereduetako ordezkariekin informazioa partekatzea eta kontrastatzea indarrean dagoen esparru arauemailean sektorearen jarduera modu eraginkorrago eta ordenatuago batean erregulatuko duen aplikazio-arau bat Euskadin lantzea ahalbidetzeko, betiere dauden errealitate guztiak kontuan hartuta.

Egindako lana, bereziki azken urte eta erdi honetan, erabateko zorroztasunez eta gardentasunez garatu da.

Orain arte sektoreko jardueraren eszenario posible bat diseinatu da 16/1987 Legea, uztailaren 30ekoa, Lurreko Garraioen Antolamenduari buruzkoa, aldatzen duen irailaren 28ko 13/2018 Errege Lege Dekretuaren lehenengo xedapen gehigarrian aurreikusitako gaikuntzaren esparruan.

Ezarri egin da esparrua, administrazioak landu dezan Euskadiko TIGen jarduera arautuko duen Dekretua, indarrean dagoen araudian ezarritako baldintzekin eta sektoreko bi negozio-ereduek egindako ekarpenekin bat etorrita. Dekretu hori azken fasean da orain eta, aurreikuspenen arabera, adostu bezala, urtea amaitu aurretik onetsiko da.

Euskadiko TIG Zerbitzuaren Prestazio Baldintzen Dekretua

Dekretuak arautu egiten du EAEn gidaridun errentamendu-ibilgailuetarako nahitaezko ikurren erabilera, Lurreko Garraioen Antolamenduari buruzko Legeko Erregelamenduaren 182.4. artikuluan xedatutakoa aplikatuz, azaroaren 20ko 1057/2015 Errege Dekretuak emandako idazketan.

Xedapen orokor bat da, helburutzat duena gidaridun ibilgailuen errentamendu-jarduera ustiatzeko eta kontrolatzeko baldintza jakin batzuk ezartzea, baldintza hauei dagokienez: aurre-kontratazio, zerbitzu-eskaerak eta bezeroen harrera, betiere osorik Euskal Autonomia Erkidegoan ematen diren zerbitzuak direnean, indarrean dagoen araudian ezarritako proportzionaltasun-irizpideak errespetatuz.

Dekretuaren ezaugarriak

  • Emandako zerbitzuak burutu aurretik nahitaez kontratatu behar direla ezartzen du.
  • Aurre-kontratazioaren baldintzak zehazten ditu. Errentamendu-eskaera egiten denetik eta zerbitzua benetan ematen hasten denetik, nahitaez, hogeita hamar minutu gutxienez igaro behar dute.
  • TIGek ezingo dute, inoiz ere ez, bide publikoetatik zirkulatu bezeroak bilatzeko ez eta bidaiariak hartzeko ere baldin eta haiek ez badute aurretik zerbitzuaren kontraturik edo eskaerarik egin, adierazitako hogeita hamar minutuko gutxieneko aurrerapenarekin.
  • Ibilgailu atxikiak ezin izango dituzte geolokalizatu Dekretuak adierazten duenez, kanpoaldetik ez dira ikusgai egongo geolokalizazio-sistemetan ezta beste edozein aplikaziotan, hain zuzen ere aukera ematen dutenetan zerbitzuaren erabiltzaile potentzialek haien kokapen zehatza eta transakzio zuzen bat egiteko, aldez aurretik enpresari eskaria egin gabe, hark ezagutu behar baitu uneoro bere flotaren egoera.

Bileraren ondoren Eusko Jaurlaritzak iragarri duenez, deialdi bat egingo die plataforma teknologiko irekiaren jarduera-eredua hartzearen alde daudenei TIGen sektorean.