Pedro Azpiazu sailburuaren "Begirada ekonomikoa Euskadiren orainari eta etorkizunari" hitzaldia Deusto Business Alumni topaketan

azpiazu_10.jpg

2019.eko azaroak 20

“EUSKADIREN ORAINALDI ETA ETORKIZUNA, BEGIRADA EKONOMIKO BATEZ”

Pedro Azpiazu Uriarte

OGASUN ETA EKONOMIAKO SAILBURUA  

Bilbo, 2019ko azaroaren 20a

Bere kabura heltzen ari den legegintzaldi honetan, Giza Garapen Jasangarrirako Estrategia nabarmendu da, 2016-2020 Gobernu Programa gidatu duena, eta Basque Country Agenda 2030 ontzeak hura sendotu du.

Estrategia honetan, beharrezkoa da kontuan hartzea errentaren sorrera eta haren banaketa elkarri lotuta daudela. Froga enpirikoak daude desparekotasunak txikitzeak duen eragin onuragarriaren gainean, bereziki banaketaren beheko aldean, eta ez bakarrik gizarte-justiziari dagokionez, baizik eta ekonomia-hazkundeari ere erreparatuz.  

Aberastasun-sorkuntzaren eta –banaketaren elkarren arteko mendekotasuna kontuan hartuz, jabetzera heltzen gara hazkunde inklusiboa garrantzitsua dela.Hazkunde hori, berriz, lau kapital-moduk elkarrekin josten dituzten harremanetan oinarritzen da: gizarte-kapitala, giza kapitala, natura-kapitala eta kapital fisiko eta finantzarioa. Lau kapital horiek batera kontuan hartzea ezin bestekoa da munduko eszenategian gertatzen ari den eraldaketa hirukoitzari aurre egiteko (demografia-gizartean, energia-ekologian, eta arlo teknologiko-digitalean), tokian tokiko erantzunak behar baititugu, irailaren 20ko politika orokorreko eztabaidan Lehendakariak adierazi zuen bezala.   

Euskadiren gizarte-eraldaketa demografikoak esan nahi du 370.000 pertsona landuni errelebua hartu behar zaiela 2015etik 2030era, eta horren emaitza da, edozein hazkunde xumeko hipotesiri loturik, badirela 500.000 enplegu-aukera baino gehiago, biztanleria aktiboak geldotzeko joera naturala duen bitartean.Badakigu ekonomiaren erantzun endogenoak immigrazio garbia erakarriko duela, azken urteotan berriz egin duen bezala (14.700 pertsona 2018an), eta biztanleria aktiboa handituko da. Hala ere, halako giza kapitalaren berrikuntza erronka itzela da. Horretaz gain, biztanleria zahartzetik eratorritako beharrizanei aurre egin beharko zaie gizarte-zerbitzuetan eta osasun-sisteman.

Bestetik, klima-aldaketa mehatxua da dudarik gabe duela denbora batetik hona, beste ezaugarri batzuk dituen arren, mundu osoarentzako arrisku kolektiboa baita. Emisioak murrizten ikasle abilak izateak edo, aldiz, free rider-en gisan jokatzeak ez digu bermatzen emaitzarik, edozein dela ere.  Hala, bada, gertaerei erreparatuz gero, errealitate tristea da CO2 emisioen ia erdia 1990 ondoren jarri dela atmosferan; horrek agerian uzten du ekintza kolektiboaren arazo honi aurre egiteak eta eraginkortasunez elkar hartzeak (besterik ez bada emisioen hiru laurdenak eragiten dituzten 12 ekonomiek) duen zailtasunaren tamaina. Imajina dezakezuen bezala, kontua ez da lankidetzaren zailtasuna, baizik eta berokuntza gelditzeko ekintzen kostua.

2008an izandako Atzeraldi Handiak sortu edo areagotu egin zituen ekonomia-hazkunde horrek lau kapital horietan, gizarte, giza, natural eta fisikoan, hauspotutako desorekak.  Hori dela eta, 2016an BPG mailak suspertu ziren arren, gizarte-, giza, natur kapitalari eta kapital fisikoari lotutako desorekak ez dira arindu; ondorioz, sendotu egin dira hazkunde inklusibo batean aurreratzeko beharra eta lehentasuna, BPGren hazkunde hutsa gaindituz.

Hazkunde inklusiboaren bidean aurreratzeak, BPGtik haraindi, batzuetan eskatzen du iraganeko hazkunde-eredutik zer berreskuratu behar den eta zer berrasmatu behar den ulertzea; hori guztia, adierazitako erronka berrien argitan.Ezin da ulertu suspertzea zentzu hertsian Atzeraldi Handiaren aurreko egoerara itzultzea dela. Itzuliko ez diren enplegu eta enpresak dauden bezala, prestazio edo prestazio maila batzuk ere ez dira itzuliko.

Atzera begira dezakegu, bai, baina akatsetatik ikasteko eta berriz ere ez egiteko eta, era horretan, etorkizunari arrakasta-berme handiagoekin aurre egiteko.

Horretarako, beharrezkoa da gaurko egunetik irmo jokatzea, Euskadiren gizarte-kapitala, giza kapitala, natur kapitala eta kapital fisiko eta finantzarioa sendotzeko. Sendotze-ahalegin horrek eta tokian tokiko erantzunak behar dituzten munduko eraldaketa handiek, horiek ere eragina baitute guregan, lau lehentasun handiak eratu dituzte; bada, 2020ko aurrekontuek erantzunak eman nahi dizkiete gaurdanik.

  1. Askotariko arrakalen bitartez (soldatan, gizarte-arloan, generoan, belaunaldi artekoan, lurraldean eta arlo digitalean) gauzatutako desorekak gutxitzeko jardunen lehentasuna.

Euskadin, desparekotasunari dagokionez, gure aldeko indize konparatuak ditugu, Gini indizeko balioek (26,7), EB28 edo euro eremuan baino lau puntu inguru gutxiago; pobrezia larriko edo ongizate-absentziako indizeek ere halaxe erakusten dute.

Hala ere, 2018ko Urteko Txostenean adierazi dugun bezala, laneko estatistiketan eta azken Pobreziaren eta Gizarte Ezberdintasunen Inkestan oinarrituz, banaketa okertu egin da soldata-banaketaren bi muturren kontrako jokabidea dela eta (beheko soldatak gelditu egiten dira, eta goikoak hazi), eta pobrezia erlatiboaren indizea ere areagotu da, guraso bakarreko familiengatik, pertsona bakarrengatik eta etorkinak dituzten etxeengatik.  

Lehentasun horren testuinguruan, GENERO-IKUSPEGIA nabarmentzen da, aurrekontuaren % 10,5ak genero-ikuspegia hartzen baitu kontuan; izan ere, ikuspegi hori soldata-arrakala txikitzeko, emakumeen kontra borrokatzeko eta berdintasunaren alde lan egiteko jardunetan gauzatzen da.

  1. Hezkuntza-sisteman, ekitatea, bikaintasuna eta inklusioa, baita pertsonak bizitza osoan enplegagarri izatea ere, bultzatuko duten jardunen lehentasuna.

Giza kapitalaren garapena kritikoa da. Gainera, biztanleria zahartzen ari den eta etorkizunean lan-esku gutxi egongo den gure testuinguruan, gizarte-inklusioa eta –mugikortasuna erabakigarriak izango dira biztanleria aktiboa hoberentzeko.   Horregatik guztiagatik hezkuntzak protagonismo gero eta handiagoa hartu du Gobernuaren lehentasunetan.

Erronka horrek eskatzen du ekitate eta inklusioaren aldeko apustua areagotzea, hezkuntza-sistemak gizarte-igogailua bultza dezan, aldi berean bikaintasun igoz.

    3.  Klima-aldaketa, biodibertsitatearen zaintza, energia berriztagarri, energia-efizientzia eta mugikortasun jasangarriaren alde borrokatzen diren jardunen lehentasuna.

Kapital naturala da gure ondasun komun nagusia, eta eutsi behar diogu ikuskera horri. Hazkundeak ingurumen-desorekak sortzen ditu, eta gure herrialdea ez zaio arrotza horri. Ingurumen-desoreka nagusia klima-aldaketa da. Gure hazkunde-ereduak banaka hartuta guk nahi ez ditugun emaitza kolektiboak eragiten ditu.

Lehentasun horretan kokatuta, KLIMA-LARRIALDIKO ADIERAZPENA nabarmentzen da, eta horrek 2020rako aurrekontuetan 540 M €-ko guztizko kopurua esan nahi du, erronka global horri lotutako jardunak dituzten sailetan banatuta.   

  1. Herritarren multzoari oparotasuna hauspotuko duten ekonomiaren produktibitatea bultzatzen duten jardunen lehentasuna.

Lehentasun honetan kokatuta, enpresetan parte hartzeko tresna berri bat nabarmendu behar da: FINKATUZ funtsa, Finantzen Euskal Institutuak (FEI-IVFk) kudeatua. Badakizue, 2020ko Aurrekontu Egitasmoan berriki aurkeztu delako, 175 M €-ko inbertsioak amaitu ahal izango ditugula urte horretan. Inbertsio horiek Euskadiko enpresa handietan epe luzeko finantza-partaidetzak edukitzera bideratuko dira, Euskadin sustraituta jarraituko dutela bermatzeko eta Euskadiko produkzio-ehunduraren multzoaren bultza-indar lana egin dezaten.  

Gobernuak likidotasun-egoera ona du; izan ere, goranzko joeraz berrikusi zaio kaudimena, AA- ebaluazioa lortuz, eta horrek hasierako gure helburua nabarmen igotzeko modua eman digu.

Ez da bakarrik seinale bat bidaltzen duguna; zuzkidura horrek, funtsa definitzen duen aurrekontuen lege-egitasmoko xedapen gehigarriarekin batera, mezu irmo bat helarazten du: FINKATUZ hazteko eta sendotzeko etorri da, epe luzera bitarteko publiko garrantzitsu bat bihurtzeko eta, hartara, gure herrialdearen enpresa-garapena babesteko.

Lau lehentasun handien gaineko zertzelada horien bitartez, ez diet arazo guztiei heldu nahi, ezta diagnostiko sakonak edo neurri-sortak aurkeztu nahi ere.Bakarrik herrialdearen erronkek aurrekontuetan izan ditzaketen inplikazioak argitu nahi ditut, eta zuek gogoetara gonbidatu.

Horretaz guztiaz une batez pentsatu eta zuen kontuak atera ondoren, buruz behintzat, itzul zaitezte berriz nigana, finantzaketa-iturriak aztertzera.

Ekonomia-hazkunde handiak krisi aurreko BPG maila berreskuratzeko modua eman zigun 2016an, baina aurrekontuaren kasuan, suspertze horrek bi urte gehiago jo zituen.

Diru-bilketaren hazkundearen ondorioak aztarna utzi zuen: 2015 eta 2016ko diru-bilketa % 2,4 eta % 2,7 hazi zen, ekonomiaren hazkunde izendatua % 3,2 eta % 4 izan zenean.

Azkenean, marka handiagoa utzi zuten 2017an: Estatuarekiko finantza-erregularizazioaren ondorioz, % 11,8 hazi zen. Aurreko ekitaldiekin doitu ondoren, horrek superabit txiki bat ekarri zuen, % 0,3koa, Administrazio Orokorrean eta haren erakunde autonomoetan, aurreikusitakoa % 0,4ko defizita zenean.

2017 ondo amaitzeak 2018ko oinarrian eragin zuen eta, ondorioz, diru-bilketa % 3,5 hazi zen arren (ekonomia normalean % 4,2 igotzen zenean), ekarpenek aurreikuspenak gainditu zituzten, ia 500 M €-tan.

Hala, aurreikusitako % 0,3ko defizita % 0,5eko superabita bihurtu zen, betiere Administrazio Orokorraz eta haren erakundeez ari garela.

Zikloaren gorenean lortutako emaitza horiek ez dira ezohiko ezer, batez ere 2019ko ekitaldi honetarako sartutako hobekuntza handiak kontuan hartzen baditugu, otsailean onartutako hiru aurrekontu-lege osagarriei esker nagusiki.

Hala ere, 2018ko aurrekontua krisi aurreko mailetara suspertze horrek oso modu desberdinean osatzen da.  

DSBEren pisua bikoiztu egin zen krisian 0,3tik 0,6ra; osasunak beste 0,4 eraman zuen, eta hezkuntzak, berriz, 0,1, eta zorraren interesek 0,2, BPGan.

Nola egin zen orduan doikuntza? Batez ere langileen gaineko gastuen bidez, aurrekontuaren  guztizkoaren % 40 baitira, baita inbertsioko gastuetan ere.

Doikuntza guztiak dira eztabaidagarriak, baina finantza publikoen ekonomia-egoera hain larria arautzea onartu zuten legeek, nire iritziz, modu orekatsuan egin zituzten, pertsonen babesa eta oinarrizko zerbitzu publikoak lehenetsiz, batez ere osasuna, baliabide gero eta gehiago eskatzen dituena, teknologiaren aurrerabidea eta biztanleriaren zahartzea dela eta.  

Argitu nahiko nuke krisian galdu ziren diru-sarrerak (neurri handi batean, zorrarekin ordezkatuak), itzuliko ez diren bezala, ezin direla egin ez ziren gastuak berreskuratu.

Sinetsi nahi dut etorkizuna eraikitzeari eutsiko diogula, asko baitira egiteke ditugun zereginak, eta handiak direlako datozen garaiek eskatuko dizkiguten ahaleginak. Aurrera begiratu behar dugu.

Eta, hain zuzen, aurrerantz begiratu behar dugulako, berriki iragarri dugu Eusko Jaurlaritza gutxiago zorpetuko dela; aurreikusi da zorpetzea 597 milioi eurokoa izango dela 2019 amaieran. Era horretan, Eusko Jaurlaritzaren eta Sozietate Publikoen zorra (KSE perimetroa), 9.444 milioi eurokoa izango da: BPGaren % 12,3. Aurrekontu-egonkortasunaren araudiak balio dio Euskadiri % 13,8raino zorpetzeko eta, beraz, Euskadiko kontu publikoak baimendutako zorra baino 1.000 milioi euro beherago gaude gutxi gora behera. Eusko Jaurlaritzaren 2020rako aurreikuspena da zorpetzea 9.291 milioi eurora jaitsi ahal izatea.

Era horretan, Euskadi da estatuan gutxien zorpetutako

autonomia-erkidegoa eta, beraz, nabarmen hobetuko da sailkapen-agentziek haren kaudimenaz egiten duten balorazioa; hartara, sarbide hobea eskuratuko du merkatuetara, kostuari eta inbertitzaileen dibertsifikazioari dagokionez.

Hori egin ahal izan da zergak sendotzeko estrategiari eta aurrekontua koiunturara egokitzeari esker,  Eusko Jaurlaritzak legegintzaldi hasieratik babestu bezala, jabetu baikara krisi-urteetan zor handiagoa hartu dugula, baina beharrezkoa dela ere baliabideak handiagoak diren garaietan kontu publikoak onbideratzen joatea.

Orain baditugu baliabide nahikoak zorra kitatzen joateko, eta herrialde gisa gure hipoteka murrizteko; izan ere, hori etorkizunean inbertitzea da, aukerak hobeak izango direlako gerta daitezkeen eszenategi ekonomiko bihurriagoetarako erantzunean.

Hain zuzen, munduko ekonomiaren haizea ari zaigu astintzen, eta azken urteotako % 3 inguruko hazkundeak, enplegua sortzeko eta produktibitatean irabazteko modua eman digutenak, % 2 inguruko hazkundeetan geratuko dira gehienez ere; izan ere, ekonomia-hazkundearen beheranzko joeraren arriskuak egiaztatzen ari gara. Nazioarteko Diru Funtsak (NDF-IMF) beheranzko joeraz berrikusi zituen iragan hilabetean bere hazkunde-aurreikuspenak eta, hilabete honetan, Europako Batzordeak halaxe egin du, urte honetarako Espainiaren hazkundea lau hamarren jaitsiz, % 1,9n kokatuz, eta beste lau hamarren 2020rako hazkundean, orain aurreikusi baita % 1,5ekoa izango dela.   

Euskadirako azken aurreikuspenak hiruhilekoan behin berrikusten dira eta, modu berean, adierazi dute jaitsiera bat izango dela, hamarren batekoa kasu honetan, % 2,3tik % 2,2ra 2019rako; 2020rako aurreikuspena, berriz, bere horretan utzi da: % 2. Aurreikuspen horiek guztiak AIREFek babesten ditu, eta zuhurtzat hartzen ditu.

Hala, urteko bigarren hiruhilekoaren parentesiaren ondoren, moteltzea aurrera doa. Batzuetan, hura eragileen aurreikuspenek berek elikatzen dute, beren jokaeren bidez azeleratu egin baititzakete ere fenomeno ekonomikoak; ondorioz, profeziak betetzea eragin dezakete. Hori gertatu da, hain zuzen, familien kontsumoarekin; izan ere, hori enpleguko datuen eta soldata-igoeren arabera uste zitekeena baino gehiago jaitsi da.

Barne-eskariaren dinamismo txikiagoarekin batera, kapital finkoaren eraketa gordina jaisteak baldintzatuta ere dagoena, kanpo-eskariak jokaera ahula du, gure kide komertzialen hazkunde txikiei lotuta; bada, kide horien eragina Euskadiko gure ekonomiara heltzen da, gure industria-sektoreak duen garrantziagatik eta munduko ekonomiaren eraginaren pean egoteko duen joera handiagoagatik.

Trumpek muga-zergen inguruan egindako mehatxuek piztutako ziurgabetasunak zehazten joan dira herrialdeetan zein produktuetan, eta Brexita gauzatuko den modua munduko merkataritza baldintzatzen ari da. Merkataritza horrek beheranzko urte arteko hazkundea izan du 2018ko abendutik.  Haren azken erregistro ezaguna joan den uztailekoa da, eta ordutiko datu okerrena eman du: munduko merkataritza % 4,6 jaitsi da urte arteko tasan. EB-28ren kasuan, jaitsiera hori % 2,1ekoa izan zen hilabete horretan, eta arreta deitzen du Erresuma Batua % 11,3 jaitsi dela. Bestetik, Estatu Batuek beheranzko hazkundea izan dute joan den martxotik, eta uztailean -% 0,7koa izan zen. Datu horrek agerian uzten du Estatu Batuetako administrazioak ezarritako neurri protekzionistek haien buruari kalte egiten amaitzen dutela.

Euskadi, munduko esportazioen % 0,16 egiten dituena (25.000 milioi eurotik gora 2018an), ez zaio arrotz testuinguru horri, eta urte arteko aldakuntza-tasa negatiboak ditugu ere joan den ekainetik. Eskueran den azken datua abuztukoa da eta, haren arabera, esportazioen balioa % 8,8 erori da.

Euskadiko produktuen merkatuak oso kontzentratuta zeuden herrialde garatuetan, eta Estatu Batuek eta Erresuma Batuak dituzte ziurgabetasun handienak, gure esportazioen jomugen rankinean hirugarren eta laugarren postuan zirenak.

Testuinguru horretan, hazkunde potentziala sendotu behar dugu, gure kasuan % 2 ingurukoa dena, eta gutxienez puntu bat produktibitatez osatu behar da, beste puntua enpleguari utziz.

Horretarako, hedakuntza txikiagoko hazkunde-eszenategiei aurre egiteko zorra murrizteko apustuarekin aurrez aurre, apustu egin dugu doikuntzen ondorioz murrizketa gehien izan zituzten partidak handitzearen alde, adibidez, langile-gastuena. Partida horiek aurrekontuaren, eta inbertsio publikoaren, guztizkoaren % 40 baino gehiago osatzen dute.  

Bi neurri horiek, doktrina neoliberalak dioena ez bezala, ez lukete gastu pribatua uxatuko; kontrakoa baizik, hauspotu egingo lukete. Izan ere, Euskadik ez du sektore publiko oso handia, hura edozein parametrotan neurtuta ere. Biztanleko gastu gehiago du biztanleko errenta ere handiagoa duelako, baina sektore publikoko soldaten tasa, ekonomiako multzoaren aldean, txikiagoa da, eta Espainiako ekonomiari dagokion tasak baino bilakaera hobea izan du.

Euskadiko ekonomiari, bere produktibitatea dela eta, ez zaio bereziki garesti ateratzen zerbitzu publikoak hornitzea eta, beraz, hori albiste ona da.

Langile-gastuei dagokienez, irmo baieztatu behar dugu beharrezkoa dela soldatak suspertzea, hala ekitate arrazoiengatik nola hazkundeari eusteagatik, popako haizeak jotzeari utzi digun unean; izan ere, aipatu dudan bezala, 2018. urteko bigarren erditik, hori ari da gertatzen.

2019an, soldatak suspertzearen aldeko apustuak langileen atala % 3,6 hazteko balio izan zuen; bada, joan den hilabetean onartutako 2020rako aurrekontu-egitasmoak sendotu egin ditu aurrerabide horiek, atal hori % 2,9 haziz.

Inbertsioari dagokionez, haren bilakaera, kapital-transferentziak eta finantza-aktiboen igoera kontuan hartuz, % 10,2 igo da. Datu adierazgarri hori are garrantzitsuagoa izan daiteke ekonomiaren hazkundearen eta ziklo-kontrako politikaren hauspo gisa Europako Zerga Kontseiluak Europar Batasuneko zerga-arauen inguruan egin duen balorazio berrienari eta inbertsioen pizgarriak sendotzeko haren proposamenari arreta jarriko balitzaio; pizgarri horiek sendotzeko, Urrezko Arauaren aldaera berri bat baliatuko litzateke, hazkundea interes-tasa txikien eszenategia probestuz ere akuilatu dezakeena.   

Eusko Jaurlaritzan, bat egiten dugu egonkortasun-oinarriak malgutzeko proposamenarekin inbertsioak bultzatzeko, finantza-inbertsio jasangarrien ataka estua gaindituz, nahiz eta dakizuen bezala azken bi urtean hura ondo probestu dugun, 2018an eta 2019an 54 M € eta 98 M €-ko paketeen bidez, hurrenez hurren.

Bat gatoz Egonkortasun eta Hazkunde Itunaren arkitektura zaila izan dela, zuzenean behatu ezin diren magnitudeetan oinarritzen delako; ondorioz, eztabaida amaiezinak piztu ditu. Bestalde, are okerrago, zikloen arabera jokatu du eta,  

beraz, berrikuspen sakona behar du.

Egonkortasun-akordioak beti bete dituenaren zilegitasunaz, erraztearen eta malgutzearen aldekoak gara, hartara finantza publikoen rol egonkortzailea erraztu dadin.

Finantza publikoen azterketa atzeratu egin da aurrekontu-egonkortasunaren eta finantza-jasangarritasunaren aldean, baina gero eta garrantzi handiagoa hartu du aurrekontu-esleipenerako lehentasunak definitzeko erabakiak errazago hartzeko orduan; hartara, sakondu egingo da arlo batzuetan egin diren ebaluazio-ariketa berezietan eta spending review direlakoetan.  

Aurretik esperientzia hori izanik, orain bidezkoa da sistema oso bat diseinatzea, aurrekontu-kontsignatzeen sarrera zein irteera eta politika publikoetako erreformak arautuko dituena, horiek ex post eta ex ante ebaluatzeko sistema bat ezarriz. Europako agintariek sortutako egonkortasun-oinarri guztien ezin besteko berrikuspena ikusita, finantza publikoen kalitateak garrantzi gehiago hartu du zalantzarik gabe.

Diru-sarreren aldetik, Euskadin zuzeneko zergapetze-gaitasuna dugu.Sozietateen gaineko Zerga bat edukitzeko urratsak eman berri ditugu, gure enpresak oso lehiakor egingo dituena, gure presio fiskala Europako txikienen bitartean egoteak agerian uzten duen bezala (BPGaren % 1,4 2017an).

Ez dut auzitan jarriko, ezta aurrez iritzirik emango ere, etorkizunean fiskalitatearekin gertatuko dena. 2020an, 2018an indarrean sartutako erreformaren emaitzak berrikustea dagokigu. Orduan ikusiko dugu zer erabaki hartu.

Esaten nizuen bezala, guk, erakunde publikook, ahalegin guztiak egin behar ditugu zerbitzu publikoak efizientzia eta eraginkortasun handiagoz emateko.

Politiken ebaluazioa eta baliabideen berresleipena, baita erakunde publikoekiko (Eusko Jaurlaritza, foru-aldundi eta udalekiko) eta gizarte- eta ekonomia-eragileekiko lankidetza ere, ezin bestekoa izango da gauzak hobeto egiteko.  Ezin gara gehiago berandutu. Lanean oraintxe jarri behar gara.

Hori bai, esanetatik eginetara pasa nahi badugu, musikari letra jarri nahi badiogu, adierazi dudan bezala, aipatu ditudan etorkizun-erronkei heldu nahi badiegu, horiek diagnostikatu egin beharko dira, beharrezko adostasunak bilatu, eta zenbakiak atera, aldi berean finantzaketa-beharrizanak erabakitzeko. Zergak ezin dira igo edo jaitsi gure herrialdearen erabaki estrategiko horietatik bazterrera.

Nire ustez, hori guztia umiltasun, zintzotasun eta erantzukizunerako dei bat da.

Eskerrik asko