Oxfordeko unibertsitateko St Antony´s Collegen ikertzaile bisitari izateko laguntzak (Gobernu Bilera 2019-10-15)

fotoconsejo.jpg

2019.eko urriak 15

Gobernu Kontseiluak, Hezkuntza sailburuaren proposamenez, gaur onartu du 2019-2020 ikasturtean Oxford-eko Unibertsitateko St Antony`s Collegen egonaldia egingo duten ikertzaile bisitarientzat dirulaguntzak deitzen duen agindua.

Diru-laguntza hau, 50.284 euroko kopurua duena, 2007an Hezkuntza Sailak eta Oxford-eko Unibertsitateak Basque Visiting Fellow programa garatzeko  sinaturiko lankidetza hitzarmenaren emaitza da.

Ikertzaile bisitariak ondorengo diziplina hauetan egin ahal izango du ikerketa-lana: Historia Modernoko Politika, Nazioarteko Harremanak, Ekonomia, Gizarte Zientziak, Antropologia eta Nazioarteko Zuzenbidea. Diru-laguntza eta egonaldia ikasturte oso baterako (hiru hiruhileko) izango da, izangaiek hiruhileko bat edo biko egonaldi partzialak aukeratu ahal izango dituzten arren.

Laguntza hau eskuratzeko interesa duten ikertzaileek, doktore graduaren jabe izan beharko dute, eta horrez gain, lana egin ahal izateko eta unibertsitate-komunitatean bizitzeko ingeles maila egokia izan beharko dute. Eskaera orriarekin batera, curriculum akademiko eta zientifikoa aurkeztu beharko dute, eta Oxford-eko Unibertsitateko St Antony´s College-an garatu nahi duten ikerketa proiektua ere bai, ingelesez idatziak bata zein bestea. 

St. Antony´s College 

Oxford-eko Unibertsitateko St Antony’s College entzute handiko ikastetxea da Gizarte Zientzien arloan, diziplina arteko eskualde eta nazioarteko ikasketetan batez ere. Oxfordeko St Antony’s College Ikasketa Europarren Institutuan euskal gaietan espezialista den ikertzaile bisitari bat egotea oso lagungarri izango da Euskal Herria gero eta ezagunagoa izan dadin.

Oxford-eko Unibertsitatean europar ikasketekin interesaturik diharduten ikertzaileentzako elkargune eta laborategi intelektuala da. Zentro horretako ikertzaile edo Fellow deritzenez gain, badira Europako sei herrialdetako Ikertzaile bisitariak ere. Horietako bat da Basque Visiting Fellow. Gainera, zentro honek nazioarteko zenbait proiektutan ere hartzen du parte, eta mintegi nahiz lan saioak ere antolatzen ditu, jorratzen dituen diziplinetako hainbat akademiko entzutetsu gonbidatuz.