Otsailaren 21a, Ama hizkuntzaren Nazioarteko Eguna

Euskadiko 15 eta 29 urte bitarteko gazteen % 18,7rentzat euskara da ama-hizkuntza bakarra

Otsailaren 21a, Ama hizkuntzaren Nazioarteko EgunaOtsailaren 21a Ama Hizkuntzaren Nazioarteko Eguna (leiho berri batean irekitzen da) izendatu zuen Unescok 1999an. Haurrak 3 urte bete arte etxean jasotzen duen hizkuntzari deitzen zaio ama-hizkuntza. Hizkuntza- eta kultura-aniztasuna bultzatzea du helburu ama-hizkuntzaren nazioarteko eguna ezartzeak, hau da, munduko herri guztiek darabiltzaten hizkuntza guztiak babestea.

Gazteen Euskal Behatokiak, Euskadiko gazteei dagokien informazio gaurkotua zabaltzeko helburua izanik, Euskadiko Autonomia Erkidegoko gazteen ama-hizkuntzari edo lehen hizkuntzari buruzko datuak aztertu ditu.

2016ko datuei erreparatuta ikusten dugu Euskadin euskara ama-hizkuntza bakarra izan dela 15 eta 29 urte bitarteko gazteen % 18,7rentzat, Eustat-en datuen arabera. Gazteen beste % 10,8k bai euskara bai gaztelania izan dituzte ama-hizkuntzak. Guztira, hamar gaztetik hiruk euskara jaso dute gurasoengandik txikitan (% 29,5).

Portzentaje hori handitu egin da azken hogei urteetan: 1996an % 21,9 izan zen eta 2016an % 29,5 izatera igo da. Baina hazkunde hori euskara eta gaztelania batera ama-hizkuntzak izan dituztenen igoera izan delako gertatu da, euskara ama-hizkuntza bakarra dutenen portzentajea ez da ia aldatu urte hauetan eta.

Ama-hizkuntza euskara bakarrik edo gaztelaniarekin batera izan duten Euskadiko 15 eta 29 urte bitarteko gazteen ehunekoaren bilakaera

Datu orokor horien atzean lurralde historikoen arteko alde handiak daude. Gipuzkoan hiru gaztetik batek euskara du ama-hizkuntza bakarra (% 35,1); Arabako gazteen artean, aldiz, % 4,7k entzun dute dena euskaraz etxean txikitan.

Eta hartzen baditugu kontuan, bakarrik edo gaztelaniarekin batera, euskara ama-hizkuntza izan duten gazte guztiak ikusten dugu Gipuzkoan ia erdiak direla (% 48,3), baina Bizkaian % 22,0 dira eta Araban are gutxiago, % 13,0.

Ama-hizkuntza euskara bakarrik edo gaztelaniarekin batera duten Euskadiko 15 eta 29 urte bitarteko gazteen ehunekoa, lurraldeen arabera

Dena den, ematen du Hezkuntza-sistemak moteltzen dituela neurri handian lurraldeen arteko alde horiek. Araban gazteen % 13,0k bakarrik ikasi du euskara etxean baina 2016an Arabako 15 eta 29 urte bitarteko gazteen % 51,4k zioten ondo edo oso ondo hitz egiten zutela euskaraz. Gauza bera adierazi zuten Bizkaian bizi diren gazteen % 68,3k eta Gipuzkoan bizi direnen % 78,9k, hau da, etxean euskara jaso dutenek baino askoz gehiagok.

GEBren logoa 

Jarrai gaitzazu gizarte-sareetan!

Facebook logoa   Twitter logoa