Osasuneko sailburuak berretsi du I+G+I-n aurrerantz egitea ezin bestekoa dela herritarren bizi-kalitatea eraginkortasunez hobetzeko

Congreso_Innova_Health.jpg

2019.eko urriak 30

Nekane Murgak ikerketa eta berrikuntza “serio, irmo eta arduratsua” babestu ditu Innova Health 2019 Kongresuan, Madrilen 2.000 profesionaletik gora bildu dituena  

Osakidetzak eta bere ikerketa-zentroak 300 proiektutan baino gehiagotan lan egiten dute, eta ahalegina egiten da ideiak eta emaitzak osasun-sistemaren osotasunari aplikatzeko

 

Nekane Murga Osasuneko sailburuak irmo adierazi du ezin bestekoa dela ikerketan eta berrikuntzan aurrerantz egitea “eraginkortasunez bizi-kalitatea hobetzeko, osasunean emaitzak lortzeko eta balioa sortzeko”. Horregatik, Eusko Jaurlaritzak eutsi egiten dio hartu duen konpromisoari urtero I+G+i-n inbertsioa % 5 igo eta berrikuntza irekia sustatzen jarraitzeko eta, hartara, osasun-sistemaren erronkei erantzuteko. Hala baieztatu du Innova Health 2019 Kongresuan parte hartu duenean. Topaketa horrek osasunaren munduko 2.000 profesionaletik gora bildu ditu Madrilen, osasun-berrikuntzaren arloko askotariko alderdiak aztertzeko.  

Bere agerraldian, Sailburuak gogora ekarri du Euskadik Europari begiratzen diola aurrean dituen erronkei heltzeko, adibidez, biztanleriaren zahartzea, osasuneko desorekak berdintzea edo eraldaketa digitala, eskualdeen arteko lankidetzan arituz eta “ikerketa eta berrikuntza serio, irmo eta arduratsuaren aldeko apustua eginez”. Alde horretatik, Eusko Jaurlaritza, bere askotariko sailetatik, RIS3 Euskadiren espezializazio adimentsuko estrategia garatzen inplikatu da: “etorkizun ekonomiko, zientifiko eta teknologiaren aldeko apustu bat”. Estrategia horretan kokatuta, Osasun Saila liderra da arlo biosanitarioan eta, arlo hori bultzatzeko orduan, Osakidetza eta haren ikerguneak “ezin besteko elementuak” dira pazienteen eta gizarte- eta ekonomia-hazkundearen onuran jokatuko duten soluzioak garatu ahal izateko.           

Egun, 300 berrikuntza-proiektutan baino gehiagotan lan egiten da, hainbat arlotan, adibidez, medikuntza pertsonalizatuan, ekipamendu medikoetan, gaitz arraroetan, neurozientzietan eta neuroteknologietan, besteak beste. Berrikuntzaren kudeaketa-eredu korporatiboak balio du zerbitzu sanitarioetako praktika berriak eta ikerketa eta berrikuntzako emaitzak osasun-sistema osora helarazteko. “Betiere, pertsona erabakien eta jardunen erdian jartzeko ahalegina egiten dugu”, erantsi du sailburuak.

  1. urtetik, I+G-ko inbertsio sanitarioak % 10 baino gehiago egin du gora. Gobernu Kontseiluak 1,5 milioi euroko balioa duten laguntzak onartu ditu azken bilkuretan Bioaraba, Biocruces Bizkaia eta Biodonostia ikerketa institutuentzat, besteak beste ekipamendu medikoak eta teknologia sanitarioa testatuko dituzten jarduerak bultzatzeko.

Azken urte honetako ikerketa-gaietako mugarrien artean, nabarmendu behar da esna dauden pazienteen ebakuntzei edo zahartze aktibo eta osasungarriaren arloko berrikuntza-programei egin zaien errekonozimendua; sailburuaren arabera, hain zuzen, mugarri horiek Osasun Sailak egindako apustuaren “jarraitasuna eta seriotasuna” erakusten dute.  

 

Madril, 2019ko urriaren 30a