Osasun Sailburuak Donostialdeko ESIko Obstetrizia eta Ginekologiako unitatea bisitatuko du

2019.eko uztailak 02

  • Donostialdeko ESIak emaginak sartu ditu puerperioko arretan ospitalean

  • Osasun sailburuak nabarmendu du nolako garrantzia duen emakumea bere haurdunaldiko, erditzeko eta puerperioko prozesuaren protagonista izateak

  • Haurdunaldiko, erditzeko eta puerperioko prozesuko integrazio asistentziala eta funtzionala emakumearentzako arretako helburu nagusiak dira

Donostialdeko ESIak asistentzia-berrikuntza garrantzitsua jarri du martxan amatasun-arloan, emaginak ospitalean puerperiorako arretan sartzean; horrela, haurdunaldirako, erditzerako eta puerperiorako asistentziaren zirkuitua ixten da, zeina osasun-zentroan hasten baita.

Nekane Murga Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak jarduketa horrek nolako garrantzia duen nabarmendu du, eta honako hau esan du: “haurdun dauden emakumeei kalitateko diziplina anitzeko asistentzia eskaintzeko lan egiten jarraitzen dugu, banako prozesuaren eta pertsonalizatuaren bidez; horretan, emakumea da arretagune eta hura da bere haurdunaldiko, erditzeko eta puerperioko prozesuaren protagonista nagusi”.

Asistentzia-aldaketa garrantzitsu hori emakumeari beharrezko osasun-arreta eskaintzeko eta emaitza perinatal ona eskuratzeko egiten da. Haurdunaldia, erditzea eta puerperioa une bereziak dira, eta, hori dela eta, funtsezkoa da osasun-zentroetan egiten den lana (emaginak, erizainak, ginekologoak) ospitale-baliabidearekin koordinazioan.

Emaginak sartzeak hobekuntza oso garrantzitsua dakarkio asistentzia-kalitateari, batik bat arretaren alta ondoko jarraipenagatik eta emakumea eta jaioberria prozesuaren erdigune direlako.

Sailburuak honako hau esan du: “ama-fetuaren ongizatea eta banako arreta kontu garrantzitsuak dira gure profesionalentzat, eta hala erakusten du pazientean izan ditzakeen alderdi objektibo eta subjektiboekiko errespetuak”.

Asistentzia-berrikuntza horren ondorioz honako hobekuntza handi hauek izan dira, besteak beste:

  • Arrisku baxuko puerperioaren segimendua emaginaren aldetik, amatasunaren solairuan, arrisku handiko edo zesareen haurdunaldietako ginekologoekin koordinatuta.
  • Emakumearen ahalduntzea hardunaldian, erditzean eta puerperioan.
  • Erditzeko asistentzia ospitale-mailan; asistentzia pertsonalizatua eta emakumearen interes eta nahietara egokituta.
  • Edoskitze naturalerako laguntza, Jaiotzarako eta Edoskitzerako Asistentziaren Humanizaziorako Ekimenaren irizpideei jarraikiz.
  • Segurtasun klinikoa. Jaioberriaren zainketa ohean bertan.
  • Alta goiztiarra arrisku baxuko erditzeetan.
  • Esne-bankuaren sustapena.
  • Haurdunaldiaren, erditzearen eta puerperioaren prozesuaren alta ondoko asistentziaren jarraipena.

Horrela, Donostialdeko ESIa Euskadiko lehen zentro bilakatzen da eta Estatuan lehenengoetako bat praktika kliniko berritzaile hori sartzen, asistentzia-prozesu nagusi horren onerako.

Nekane Murgak bisita aprobetxatu du, amatasun-arloko instalazio berriak ezagutzeko. Asistentzia-aldaketa garrantzitsu horrekin batera, arlo hori egokitu egin da eta, horrela, espazio lasaiak, erosoak eta lagunkoiak sortu dira, emakumea eta bere lagunkidea giro atsegin eta intimoan sentiarazteko, profesionalen babesarekin dagokionean.