Osasun Sailak eta URAk lankidetza-hitzarmena luzatu dute, kontsumorako eta bainu-eremuetako uren kalitatearen babesa sendotzeko (Gobernu Bilera 2019-12-26)

logoconsejo.jpg

2019.eko abenduak 26

Osasun Sailak eta URA Uraren Euskal Agentziak 2019ko urtarrilaren 31n kontsumorako eta bainu-eremuetako uren kalitatea babesteko lankidetza-hitzarmena luzatu dute.

Hitzarmenak indarrean iraun duen bitartean emaitzak onak izan direnez, bi aldeek erabaki dute hitzarmenarekin jarraitzea, giza kontsumorako eta bainu-eremuetako ura ekoizteko uren babesa sendotzeko; horretarako, osasun-arloko eta ingurumen-arloko alderdiak elkarrekin integratzea aurreikusten dute.

Nekane Murga Osasun sailburuak ikuspegi integral horrek duen garrantzia nabarmendu zuen, pasa den abenduaren 13an Eusko Legebiltzarrean Eusko Jaurlaritzak osasunaren eta ingurumenaren arloan garatzen dituen jarduketa nagusien berri emateko –besteak beste, airea, ura, lurrak, hondakinak, lurralde-plangintza, osasunaren ingurumen-determinatzaileak, klima-aldaketa etab.– esan zituen hitzetan. Hori guztia, 2013-2020 Osasun Planean jaso diren Euskadiko osasun-politiken bereizgarri diren sektoreen arteko eta erakundeen arteko ikuspegiarekin. 

Kontsumorako uraren kalitatearen eremuan, gaur luzatutako hitzarmenak aukera emango du jarduketak garatzen jarraitzeko, ura kontsumitzaileen txorrotera ahalik eta kalitate onenarekin iristeko; horretarako, jatorritik esku hartuko da, alegia, xede horretarako ur-bilketetatik. Horrela, aldi berean, azken hiru hamarkadotan banatutako uraren kalitatean lortu den funtsezko hobekuntzan sakonduko da, bai eta kontsumoko uraren zaintza antolatzeko maila aurreratuan ere.

Bainu-eremuetako urak direla eta, Euskadik baldintza higieniko-sanitarioen kontrola egiten du, bai uraren kalitateari dagokionez, bai hura inguratzen duen inguruneari dagokionez. 2019an, uraren kalitateari dagokionez, bainu-eremuen % 80k bikain kalifikazioa lortu zuen, % 18k ona eta % 2k onargarria. Ez zen gutxiegi kalifikaziorik egon.