Osasun Sailak eta Osakidetzak berretsi egin dute "prestasun osoz" arituko direla justiziarekin lankidetzan

Comisi_n_salud_OPE.jpg

2019.eko urriak 29

Nekane Murga Osasuneko sailburuak eta Juan Diego Osakidetzako Zuzendari Nagusiak xehetasunez azaldu dituzte Legebiltzarrean egin dituzten ekintzak eta Vitoria-Gasteizko 2. Epaitegira bidali duten dokumentazioa

Sailburuak agertu du Eusko Jaurlaritzak “konpromiso irmoa” duela kalitatezko enplegu egonkorraren alde

Nekane Murgak baieztatu du Osakidetzan lan egiten duten pertsonak “lehen mailako profesionalak” direla

 

“Jarraituko dugu justiziarekin lankidetzan, orain arte egin dugun bezala”, adierazi dio Nekane Murga Eusko Jaurlaritzako Osasuneko sailburuak Eusko Legebiltzarreko Osasun Batzordeari, EPE 2016/2017aren prozesuaren inguruan. Juan Diego Osakidetzako Zuzendari Nagusia lagun zuela, sailburuak 2018ko ekainetik gaurdaino egindako askotariko ekintzak zerrendatu ditu.  

Sailburuak nabarmendu du sailak “konpromiso irmoa” duela kalitatezko enplegu egonkorrarekin. Alde horretatik, gogora ekarri du Osakidetzak Familia-Komunitate eta Pediatriako Medikuntzarako 215 lanpostuko hautaketa-prozesua deituko duela laster. Prozesu horretan, pixkanaka jarriko dira martxan EPE eredu berrian bildutako neurriak; horietako batzuk, azaroaren 15, 16 eta 17an egingo diren 2016-2017ko LEParen barruan deitzeke zeuden ezagutza espezifikoen espezialitate medikoen azterketetan sartuta daude, dagoeneko.

Nekane Murga sailburuak nabarmendu du eredu berri hori “dokumentu bizia dela, eta ekarpen berriak hartzeko zabalik dagoela”.

 

EGINDAKO EKINTZAK

Hala sailburuak nola Zuzendari Nagusiak adierazi dutenez, “haiek dira lehen interesatuak gertaerak argitzen”, eta 2018ko ekainetik gaurdaino egin dituzten askotariko ekintzak zerrendatu dituzte, lankidetza- eta gardentasun-jarrera agerian uzteko.

Adierazpenean, nabarmendu dute Osakidetza izan zela “bere ekimenez” kanpoko eragile independente bati emaitzen azterketa zorrotz koherente bat egiteko mandatua eman ziona. Gainera, Osakidetzak ondorioak argitaratu zituen, eta zortzi barne-espediente ireki. Halaber, Arartekoari, Legebiltzarrari, EPEaren Jarraipen Batzordeari eta, are, Fiskaltzari informazio dokumentatua bidali zien.

Vitoria-Gasteizko 2. Instrukzioko Epaitegiak aurretiazko eginbideak hasi ondoren eta martxoko zein urriko haren eskaerak ikusita, “garaiz eta forman” eta “ikerketarekin lankidetzan aritzeko” gogoaz helarazi zaio eskatu duen informazioa, sailburuak azaldu duenez.

Ildo beretik, urrian, “prozedura hauetan nagusitu behar den segurtasun juridikoa babesteko”, kautelaz bertan behera utzi dira 11 hautaketa-prozesu; izan ere, 2. Epaitegiak haien gainean aurretiazko eginbideak hasi ditu. Sailburuak azaldu du “kautelaz” utzi dituztela bertan behera prozesu horiek eta, beraz, jurisdikzio penalaren erabakiek zilegi egiten badute, adibidez, jardunak largetsiz edo jardunak artxibatuz, berriz jarriko direla indarrean. 

Horrek guztiak ez du eraginik izango prozesuan jarraitzen duten gainerako 75 kategorietan, oposiziogile gehiago kaltetu ez dadin egoera horren ondorioz. Izan ere, dagoeneko EHAAn argitaratu dira 30 kategoriari dagozkien LEPa amaitzeko behin-behineko ebazpenak, horien artean familia-medikuenak eta pediatriarenak.

 

LEHEN MAILAKO PROFESIONALAK

Sailburuak “guztiz arbuiatu” ditu Osakidetzako langileak beren postuetara iruzurrez heldu direla aditzera ematen duten baieztapenak. “Seguru adierazten dizuet Osakidetzan lan egiten duten pertsonak lehen mailakoak direla”, irmo adierazi du.

 

EPE EREDU BERRIA: EKARPENEI ZABALIK

“Gure konpromisoa da etorkizuneko EPEak hobetzeko lan egiten jarraitzea”, adierazi du sailburuak Osakidetzak berriki aurkeztu duen hautaketa-prozesuen eredu berriari buruz, 37 hobekuntza-neurri biltzen dituena. “Dokumentu bizia da, ekarpen berrietara zabalik”, nabarmendu du.

Hautaketa-prozesuen gainean, Nekane Murgak berretsi du Eusko Jaurlaritzak behin-behinekotasuna murrizteko eta enpleguaren kalitatea handitzeko konpromisoa hartu duela. Bada, aurreikusitako hurrengo deialdiez mintzatu da:

 

Vitoria-Gasteiz, 2019ko urriaren 29a