Osasun Sailak eta Osakidetzak abenduaren 31ra arte luzatu dute gripearen aurkako txertaketa-kanpaina

2019.eko azaroak 21

Nabarmendu dute txertoa dela gripeak eragin ditzakeen konplikazioak prebenitzeko modu eraginkor eta seguruena

Kanpainaren lehen bost astehetan, guztira 311.766 pertsonak hartu dute txertoa, gehienak, % 80, 65 urtetik gorakoak

 

Osasun Sailak eta Osakidetzak erabaki dute abenduaren 31ra arte luzatzea gripearen aurkako txertaketa-kanpaina; hasieran, azaroaren 23ra arte izatea aurreikusten zen. Horrela, arrisku-taldeko biztanleek, batik bat 65 urtetik gorakoek, gaixotasun kronikoren bat duten pertsonek edo haurdun dauden emakumeek txertoa hartzen jarraitu eta babesa areagotzen jarraitu ahal izango dute. Hori horrela, osasun-agintariek gogorarazten dute txertoa hartzea gripeari aurre egiteko eta gaixotasunak arrisku-taldeetan konplikaziorik ez eragiteko tresna seguruena eta eraginkorrena dela.

Txertaketa-kanpaina pasa den urriaren 14an jarri zen abian, eta, lehen bost asteetan, 311.766 pertsonak hartu dute txertoa, aurreko urtean baino mila pertsona inguru gehiagok. Haietatik, % 80 inguru 65 urtetik gorakoei eman zaie; alegia, talde horretan % 50ek hartu du.  Osasun Sailak eta Osakidetzak dei egiten diete biztanleei, beren osasun-zentrora txertoa jartzera joan daitezen; izan ere, hala egitea erantzukizun-ekintza bat da eta gaixotasunaren aurrean babesteko modurik onena.

Kanpaina honetarako, 400.000 dosi baino gehiago eskuratu dira; kopuru hori areagotu egingo da, hala behar bada. Dosi horiek erosteko 1,4 milioi euro inbertitu dira, aurreko kanpainan baino % 16 gehiago. Osasunaren Mundu Erakundeak ipar-hemisferiorako ematen dituen gomendioak hartzen dira aintzat:

Euskadiko gripe-jarduera oso baxua da, baina egoera alda daiteke, datozen asteotan. Gogorarazi behar da iaz 1.662 pertsona ospitaleratu zirela eta, haietatik, 435 larri egon zirela.   

Aurreko denboraldian, gripearen intzidentzia handieneko astea 2019ko hirugarren astea izan zen; orduan, 532,5 kasu erregistratu ziren 100.000 biztanleko.

 

Vitoria-Gasteiz, 2019ko azaroaren 21a