Osasun Sailak 79.000 euro bideratu ditu osasunaren arloko erakunde profesional, elkarte eta entitate zientifikoentzako laguntzetara, osasun profesionalak prestatzeko (Gobernu Bilera 2019-10-1)

fotoconsejo.jpg

2019.eko urriak 01

Gobernu Kontseiluak, Osasun Sailak proposatuta, onartu egin du guztira 79.409 euroko laguntzak ematea. Horien helburua da dirulaguntzak ematea, batetik, 2019an Euskal Autonomia Erkidegoan antolatzen diren osasunaren arloko prestakuntzako eta zientzia-hedapeneko jarduerak egiteko, eta, bestetik, osasun-espezialitateetako erakunde profesionalak eta entitate zientifikoak eratu eta abiarazteko, osasun-profesionalak etengabe presta daitezen.

Osasun Sailarentzat garrantzitsua da lankidetzan aritzea osasun-profesionalak prestatu eta teknikoki eguneratuko dituzten osasunaren arloko irabazi-asmorik gabeko elkarteekin eta erakunde profesionalekin, baita osasun-espezialitateetako irabazi-asmorik gabeko entitate zientifikoekin ere. Hain zuzen, osasun-langileak trebatzeak eta horiek etengabeko prestakuntza-prozesuetan parte hartzeak eragin berezia dute biztanleriarentzako osasun-arreta egokian, eta gaixotasunak jotako pertsonen osasuna eta ongizatea hobetzen dute.

Hala, laguntza horiek honako ekintza hauen ondoriozko gastuak finantzatzera bideratuko dira:

  1. Aurten EAEn egiten diren bilera zientifikoak antolatzea. Halakotzat ulertuko dira osasuneko profesionalei zuzendutako biltzarrak, sinposioak, jardunaldiak, mintegiak, hitzaldiak, ikastaroak eta lantegiak. 47.645 euroko zuzkidura ekonomikoa izango dute.
  2. Eratzea edo abian jartzea osasunaren arloan lan egiten duten irabazi-asmorik gabeko elkarteak eta erakunde profesionalak, baita osasun-espezialitateetako irabazi-asmorik gabeko entitate zientifikoak ere, beren profesionalak prestatu eta teknikoki eguneratzen dituztenak edo osasun-ikerketa sustatzen dutenak. Laguntza 31.764 eurokoa izango da.