Osasun Saila eta Osakidetza odol-emaileak bilatzen ari dira, Euskadiko egungo erreserbak hobetzeko

2019.eko uztailak 04

52.000 pertsona inguruk eman zuten odola 2018an; horietako 8.200ek lehen aldiz

 

Iaz, odol-emaileen kopurua areagotu egin zen, eta 51.701 pertsona izan ziren EAEn; 87.707 aldiz eman zen odola. 2019an, orain arte (ekainera arte), 46.499 aldiz eman da odola, erregistroaren arabera. Horrela, bada, Euskadik Estatuan odol-emaileen indize handiena duen autonomia-erkidegoetako bat da. Hala ere, odol-osagaien kontsumo-tasa handiak ere baditu, Osakidetzako osasun-jardueraren ondoriozkoak eta, batez ere, uda sasoiko beharren gorakadaren ondoriozkoak.

Sasoi honetan da zailen euskal ospitaleetako segurtasun-biltegiei eustea; izan ere, odol-emaile asko kanpoan daude, eta ematen den kopurua murriztu egiten da. Gainera, biztanlea zahartzen doa eta globalizazioa hazten, eta horrek pertsonen mugimenduak eta infekziorako arriskuak dakartza.

Hori guztia dela eta, Nekane Murga Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak gogorarazi du aurtengo udan odola emateak nolako garrantzia duen: “Euskadi erreferentea da elkartasunean. Zifrek hala erakusten dute. Eta hala izaten jarraitu nahi dugu. Hori dela eta, odola borondatez ematea sustatu behar da; izan ere, urtean 35.000 pazienteren tratamendua bermatzeko beharrezko osagaiak lortzeko modu bakarra da”.

Osasun Sailak eta Osakidetzak odola emateko egiten duten dei berri hori, Euskadiko Odol Emaileen Elkartearekin bat etorriz, publizitate-kanpaina batekin sendotu da, eta horrek animatu egiten du osasun-sistema publikoarekin solidarizatzera.

Osakidetzaren Transfusio eta Giza Ehunen Euskal Zentroak odol-emateak antolatu eta produktuak euskal ospitale guztietara heltzea bermatzen du. Egunero, bere unitate mugigarriak hamabi bat euskal udalerritara doaz, borondatezko odol-emateari bide emateko; 15 minutu baino ez dira behar odola emateko.

Nekane Murga Osasun sailburuak eskerrak eman dizkio euskal gizarte osoari, bere lankidetzagatik, bai eta osasun-arloko profesionalei eta hura posible egiten duten kolektiboei ere. Esan bezala, 35.000 pertsona baino gehiago tratatzen dira, urtero, odol-osagaiei eta medikamentu eratorriei esker; horiek odol-emateen bidez baino ezin dira lortu. Horiek gabe, osasun-asistentzia, kasu askotan, ezinezkoa izango litzateke.

 

Vitoria-Gasteiz, 2019ko uztailaren 4a