Osalanen argitalpen lana erreferente izan dute "Lan Segurtasun eta Osasunaren Kulturako topagune Zientifiko-Teknikoa"n

2019-11-22_FOTO_1.jpg

2019.eko azaroak 22

Maria Jesus San Jose Lan eta Justiziako sailburuak “Lan Segurtasun eta Osasunaren Kulturako Topagune Zientifiko-Teknikoa”ri amaiera ematen parte hartu du; topagune horretan, laneko arriskuen prebentzio-gaietako estatuko zein nazioarteko mila erdi aditu bildu dira bi egunez, Granadako Zientzien Parkean.

Ekitaldian, hauexek parte hartu dute, besteak beste: Gregor Isenbort, DASA Alemaniako Laneko Osasun eta Segurtasunaren Museoko zuzendaria, Francisco Javier Pinilla, INSST Laneko Segurtasun eta Osasuneko Institutu Nazionaleko zuzendaria, eta sinposioa antolatu duten bi erakundeetako presidenteak: Rafael Ruiz, CGPSST Laneko Segurtasun eta Osasuneko Profesionalen Kontseilu Nagusikoa, eta Miguel Ballesteros, ITP Prebentzioko Institutu Teknikokoa.

Amaiera-ekitaldiaren barruan, Laneko Arriskuen Prebentzioaren III. Kongresua egiteari dagozkion sariak banatu dira, eta Espainiako Laneko Segurtasun eta Osasuneko Profesionalen Kontseiluak erabaki du Maria Jesus San Jose Eusko Jaurlaritzako sailburuari esleitzea Laneko Segurtasun eta Osasunaren Meritu Profesionaleko Urrezko Domina.

Nazioarteko topagune honetako ponentzia nagusien artean, Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundearen argitalpen-lana eta Osalanek Laneko Segurtasun eta Osasun arloan egiten duen kudeaketa dokumentala nabarmendu dira, baita laneko arriskuen prebentzio-gaietan araudiaren garapena aztertzen duen ponentzia ere, Alberto Alonso Osalaneko Zuzendari Nagusiaren parte-hartzeaz, beste autonomia-erkidego batzuetako ordezkariekin batera.

Intereseko beste gai batzuk honako hauek izan dira: laneko segurtasun eta osasunaren panoraman agertzen ari diren arriskuen azterketa (tartean direla Teknika Robotikoak, DRON Teknologia eta Nanoteknologia aplikatua), enpresako laneko arriskuen prebentzioaren antolakuntzan laneko medikuntza diziplina sanitario gisa sartzea, Osasuneko Oinarrizko Unitateen egituraketaren azterketa espezifikoa, produktu kimikoen laneko eragina ebaluatzeko estrategiak, gaitz profesionalen susmoen jakinarazpena, eragile kimiko, fisiko eta biologikoen eraginak edo jarrera edo muskulu-hezurduretako arazoek sortutako kalteen diagnostiko goiztiarraren kudeaketari buruzko azterketa kritikoa, eta prebentzioko zerbitzu arrotz gisa akreditatutako erakundeen estatuko sektorearen azterketa sozio-ekonomikoa.