Osakidetzak martxan jarriko du 2018-2019ko lan eskaintza publikoa, familia medikuntzako eta pediatriako 215 plaza eskainiko dituen hautespen-prozesuaren bitartez (Gobernu Bilera 2019-09-17)

fotoconsejo.jpg

2019.eko irailak 17

  • Prozesu hori biltzen da Osakidetzan 1.083 plazako lan-eskaintza publikoa hastea onartzen zuen Gobernu Kontseiluaren 2018ko abenduko erabakian 
  • 2018-2019ko Lan-eskaintza publiko horren lehendabiziko probak datorren urteko lehen seihilekoan garatuko dira, eta azkar kudeatuko dira, hautatutako pertsonek 2020. urteko ekitaldian bertan har ditzaten postuak 
  • Lehen mailako arreta indartzera zuzenduko den neurri horren berri eman zaio Gobernu Kontseiluari

 Nekane Murga Osasuneko sailburuak Gobernu Kontseiluari jakinarazi dio  abian jarriko dela lehen mailako arreta indartuko duen 215 plazaren hautespen-prozesua. Familiako eta Komunitateko medikuntzara eta Pediatriara zuzenduko diren plazak dira. Ondoren eskaini duen prentsaurrekoan, sailburuak aditzera eman du asistentzia-maila hori indartzeak “lehentasuna” duela Eusko Jaurlaritzarentzat.

Prozesu hori biltzen da Osakidetzak 1.083 plazako lan-eskaintza publikoa hastea onartu zuen Gobernu Kontseiluaren 2018ko abenduaren 18ko erabakian. Erabaki horren ondorioz, Familiako eta Komunitateko medikuntzara eta Pediatriara zuzenduko den berariazko hautespen-prozesu baten berri eman du Osasuneko sailburuak.

Osasuneko sailburuak azaldu duenez, iragarpen horrek erantzuten dio, batetik, Eusko Jaurlaritzak enplegu egonkorraren eta kalitatekoaren bidez Euskadin lehen mailako arreta indartzen jarraitzeko egindako apustuari eta, bestetik, prozesu eraginkorragoak eta azkarragoak bilatzen dituen eta prozesu jendetsuak saihestu nahi dituen lan-eskaintza publikoko eredu berriari.

Sailburuak azaldu du, halaber, Osakidetzak hilaren 18an helaraziko diola neurri hori lan-eskaintza publikoaren Jarraipen Batzordeari —Satse, Sendagileen Sindikatua eta UGT sindikatuek osatzen dute Jarraipen Batzordea—. Helburua da Batzordearen barruan adostea lan-eskaintza publikoko eredu berriaren zer neurri ezarriko diren deialdi honetan, baita postuak 2020. urtean estaltzearen helburua betetzeko epeen xehetasuna ere.

PROZESUAREN EZAUGARRIAK

Lan-eskaintza publiko honen probek lehen arretako 215 plaza hartuko dituzte aintzat: Familiako eta Komunitateko medikuntzako 176 plaza eta Pediatriako 39 plaza.

Hautespen-prozesu horretan lan-eskaintza publikoko eredu berrian aintzat hartzen diren neurriak jarri ahal izango dira abian. Lan-eskaintza publikoko eredu berria Arartekoaren, HAEEren, osasunaren arloko profesionalen, sindikatuen, legebiltzarreko taldeen eta beste agente batzuen ekarpenen emaitzazkoa da eta datorren urriaren 8an aurkeztuko da Eusko Legebiltzarrean.

2018/2019ko lan-eskaintza publiko honen lehen hautespen-prozesua hurrengo hileetan hasiko da, barneko lekualdatze-lehiaketa baten bitartez; gero, 2020. urteko lehen seihilekoan, egingo dira dagozkion deialdia eta Familiako eta Komunitateko medikuntzako, eta Pediatriako azterketak. Asmoa da prozesua gainditzen duten pertsonek 2020. urtean jabetu ahal izatea beren plazez.

Sailburuak nabarmendu du gaur iragartzen denaren moduko tamaina txikiagoko prozesuen bizkortasuna eta garapena direla hurrengo lan-eskaintza publikoetan bultzatu nahi diren ezaugarrietako batzuk.

Sailburuak aditzera eman du gaur jakinarazten den familiako eta komunitateko medikuntzako eta pediatriako 215 plazako prozesu horren ondoren, beste kategoria batzuen prozesuak etorriko direla: erizaintzakoa… 

EUSKADIKO LEHEN MAILAKO ARRETAKO ESTRATEGIA

Osakidetzak joan den otsailean hedatu zuen lehen mailako arreta sendotzeko 35 neurri zehatz biltzen dituen Lehen Mailako Arretako Estrategia. Hautespen-prozesua abian jartzeko Gobernu Batzordean gaur egindako iragarpenarekin, bete dira dokumentu horren 28 eta 32 zenbakietako ekintzak.

Neurri horrekin, Osasun Sailak eta Osakidetzak lehen mailako arretako medikuen plantilla sendotu dute eta Lehen Mailako Arretako Estrategian biltzen diren neurriei erantzun zaie, hala nola jarduera burokratikoak murrizteko neurriari edo erabaki-ahalmena gehitzeko neurriari —proba diagnostikatuetarako sarbidea berrikusiz—.

Gogorarazi behar da joan den  maiatzean, Gobernu Kontseiluak erabaki zuela, halaber, familia-medikuntzako eta lehen mailako arretako erizaintzako beste 46 plaza sortzea. Gainera, gaur egun 1.467 profesional ari dira Euskadin egoitza medikoa, erizaintzakoa edo psikologiakoa egiten, eta hori da Osakidetzaren historiako prestakuntza-eskaintzarik handiena.