Osakidetzak haurren bronkiolitis akutuaren arreta hobetu du

CRUCES_CARTEL_BRONCOLOGI_A_AGUDA.jpg

2019.eko urriak 04

Profesional sanitarioak lanean ari dira bronkiolitis akutuaren aurka behar ez diren sendagaien erabilera murrizteko, haurrei emandako arreta hobetzeko asmoz

 

Bronkiolitis akutua bi urtetik beherako haurrei erasaten dien arnasbideen infekzioa da, eta urritik martxora bitartean epidemia gisa zabaltzen da, nagusiki. Hasiera batean katarroaren antzeko sintomak agertzen dira (mukiak, eztula edo sukarra) baina, egun batzuen buruan, bestelako sintoma batzuk ere ager daitezke, hala nola arnasa egiteko zailtasunak, txistu-hotsak edo esnea hartzea zailtzen duen nekea.

Gaur egun ez dago gaixotasun horren tratamendurako medikazio efikazik, bai, ordea, diagnostikoari eta tratamenduari buruzko gomendioak jasotzen dituen praktika klinikoko gida bat. Hala ere, Nekane Murga Osasun sailburuak dionez, badago beharrekoak ez diren sendagai eta esku-hartze “gehiegi” erabiltzeko joera, praktika klinikoko gidek gomendatzen dutenaren aurka.

Hain zuzen ere, haurrei emandako arreta hobetzeko eta behar ez diren sendagaien erabilera saihesteko, osasun-profesionalek bronkiolitis akutuaren aurka baliatzen duten jardunbidea bateratzeko eta behar ez diren sendagaiak saihesteko kanpaina abiarazi du Osakidetzak, emandako osasun arreta optimizatze aldera.

Ildo horretan, hobekuntza-neurriak jarri ditu martxan: gidetako gomendioak jakinarazteko diagnostiko- eta tratamendu-protokoloa osatu du eta bronkiolitis akutuari buruz profesionalek dituzten ezagutzak eguneratu ditu.

Osasun sailburuaren hitzetan, Osakidetzak badu erronka “ume horien gurasoen ahalduntzea sustatzea, osasun-kultura hobetuz eta euren ahotsa eta esperientzia zerbitzu eta prozesu asistentzialetan txertatuz”. Hori dela-eta, hobekuntza-proiektu honen bidez familia eta profesional sanitarioen parte hartzea lortu nahi dugu, helburu komun baten alde: arretaren kalitatea hobetzea, gurasoen ikuspegia kontuan hartuz.

Hala, gaixotasuna jasan duten gurasoek izandako esperientziak jaso nahi dira, bertatik bertara jaso duten arretari buruzko informazioa bildu, haien iritziak eta beharrak ezagutu ahal izateko.

Hobekuntza-planarekin batera askotariko materiala prestatu dute: aholkuak, informazio-baliabideak eta familientzako prebentzio-neurriak. Gainera, Osakidetza webguneko Osasun Eskola atalean gurasoentzako informazio baliagarria dago, gaixotasunaren tratamenduko funtsezko jarduerei buruzkoa, hala nola arnasaren kontrolari edo sudurra garbitzeko moduari buruzkoa.

 

Barakaldo-Sestaoko eta Ezkerralde-Enkarterri-Gurutzetako ESIetako aurreko esperientzia

Osasun sailburuak adierazi duenez, “Osasun sistema publikoa izanik, geuri dagokigu pazienteei, kasu honetan umeak, zein gizarteari benetan zerk ematen dion balioa ebaluatze”.

Azken bi urteetan, Barakaldo-Sestaoko eta Ezkerralde-Enkarterri-Gurutzetako ESIak elkarlanean aritu dira hobekuntza-plan hau probatzen. Ondorioz, gaixotasun hau tratatzeko behar ez diren sendagaien erabilera % 50 txikitu da bi erakundeetan.

Gainera, Bronkiolitis Akutuaren Ibilbide Asistentzial Integratua ezartzea eraginkorra izan da: bronkodilatatzaileen, antibiotikoen eta kortikoideen erabilera gutxitu da; bronkiolitis akutuaren irizpide diagnostikoekiko atxikidura handitu da eta gertaera larrien erregistro gehiago izan da. Gainera, familiei gaixotasunari buruzko prestakuntza eta informazio gehiago eman zaie.

 

Gasteiz, 2019ko urriaren 4a