Osakidetzak bularreko areolaren eta titiburuen pigmentazioa jasoko du, abendutik aurrera, mastektomizatutako emakumeen zerbitzu-zerrendan

2019.eko urriak 21

  • Lehendakariak jakinarazi duenez, urtero hirurehun emakume inguruk egin ahalko dute teknika hori, ebakuntza kirurgikoaren ondoren bularra berritzen amaitzeko

Datorren abendutik aurrera, bularreko areolaren eta titiburuen mikropigmentazioa Osakidetzaren prestazioen zerrendan jasoko da; beraz, mastektomizatutako emakumeek bularra berritzeko prozesua euskal osasun publikoan osatu ahalko dute.

Hala iragarri du Iñigo Urkulluk, Donostian izan den ekitaldian; hartan, Nekane Murga Osasun sailburuak ere parte hartu du. Lehendakariak nabarmendu du mikropigmentazioaren prozesuak mastektomizatutako emakumeentzat nolako garrantzi fisikoa, psikologikoa eta animikoa duen; izan ere, paziente izatetik biziraule izaterako trantsizioa markatzen du sinbolikoki.  

Euskadin, 1.500 emakume ingururi diagnostikatzen diete bularreko minbizia; haietatik, % 20k eta 30ek bitartean mastektomia egin behar du. Horrek esan nahi du 300 emakume inguruk balia dezaketela, urtero, Euskal Osasun Zerbitzu Publikoaren prestazio hori. Hura zerbitzuen zerrendan sartzeko, aurreko hilabeteetan teknika hori aplikatuko duten Erizaintzako profesionalek prestakuntza berezia egin behar izan dute.

Urkullu Lehendakariak neurri hori euskal osasunaren ekintzaren oinarri den arreta onkologikoaren humanizazio-printzipioan sartu du, zeina 2018-2023rako Euskadiko Plan Onkologikoan gauzatzen baita. Haren helburua da minbiziaren aurreko biziraupena eta hura jasaten duten pertsonen bizi-kalitatea hobetzea. “Betiere –esan du–, profesional onenen eta euskal osasun-sare publikoan puntako teknologia etengabe sartzeko lanari esker”.

Hori horrela, bularreko minbiziaren kasuan gogorarazi du Detekzio Goiztiarrerako Euskal Programak berdintasun-baldintzetan lagundu duela heriotza-tasa nabarmen murrizten eta eraginpean dauden emakumeen bizi-kalitatea hobetzen. Zehazki, 1995ean programa abian jarri zenetik aurtengo ekainera arte, Osakidetzan 2,6 milioi zitazio baino gehiago izan dira eta 2,1 milioi mamografia, eta, horrela, 9.916 minbizi detektatu dira, gehienak fase goiztiarretan. Gainera, emakumeen % 83,4k bularreko tratamendu kontserbatzaile ez-inbaditzailea jaso zuen; ehuneko hori urtero da handiagoa eta aurrerapen handia dakar.