Osakidetza eta Osasun Saila esklerosi anizkoitzaren alde busti dira

2019.eko uztailak 14

Nekane Murga Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak bat egin du Busti Zaitez esklerosi anizkoitzaren aldeko ekimenarekin; urtero antolatzen du “Esklerosi Anizkoitza Euskadi” elkarteak, 80 euskal udalerri baino gehiagotako igerileku eta hondartzetan.

Kanpainaren XXII. edizioaren ekitaldi nagusia Ereagako hondartzan izan da, Getxon, eta, bertan, sailburuak sartu-irten solidarioa egin du, beste agintari batzuekin eta Gurutzetako, Basurtuko eta Galdakao-Usansoloko unibertsitate-ospitaleetako neurologia-taldeekin batera; horiek baitira esklerosi anizkoitza duten pertsonekin daudenak urte osoan zehar-

Euskadin 2.860 pazientek dute esklerosi anizkoitza; prebalentzia 120 kasukoa da 100.000 biztanleko, eta intzidentzia handiagoa du emakumeetan gizonetan baino.

Nekane Murga sailburuak gaixotasuna ikusarazteko beharra eta hari aurreko egiteko osasun-ikerketa bultzatzen jarraitzeko beharra gogorarazi ditu: “Osakidetzak eta Osasun Sailak esklerosi anizkoitzaren kontrako borrokarekin duten konpromisoari eusten diote, eta, horretarako, une bakoitzean dauden medikamentu aurreratuenak sartzen dituzte, estatu- eta nazioarte-mailan saiakuntza klinikoetan parte hartzen dute eta zenbait ikerketa-ildo finantzatzen dituzte. Pazienteengatik bustitzen gara, eta gizartea ere solidario izatera animatzen dugu”.

Osasun Sailak milioi bat euro inguru bideratzen du gaur egun patologia horri buruzko berrogeita hamar ikerketa-proiektu baino gehiago finantzatzera. Zehazki, Bioaraba, Biocruces Bizkaia eta Biodonostia osasun-ikerketako institutuek, besteak beste, esklerosi anizkoitzaren jatorria, dietaren eta tabakoaren eragina edo haur eta gazteetan duen intzidentzia aztertzen dute.

Nekane Murgak aukera aprobetxatu du jendaurrean eskertzeko osasun-arloko langile guztien lana, bai eta esklerosi anizkoitza duten pertsonek bizi-kalitate hobea izateko lan egiten duten elkarteena ere. Era berean, euskal gizarte osoa gaur eta egunero bustitzera animatu du, gaixotasuna jasaten dutenen babesa erakusteko.

 

Vitoria-Gasteiz, 2019ko uztailaren 14a