Ogasun eta Ekonomiako Sailburu Pedro Azpiazuk aurkeztu ditu Ekonomia Itunaren berri zabaltzeko eta sustatzeko 2019ko azaro eta abendurako aurreikusi diren jarduerak.

2019.eko azaroak 14

EKONOMIA ITUNA OGASUN ETA EKONOMIA SAILAK 2019KO AZKEN HIRUHILEKO HONETAN SUSTATUTAKO ZENBAIT EKINTZAREN PROTAGONISTA DA

Pedro Azpiazu Ogasun eta Ekonomiako sailburuak eta Itziar Agirre Ogasuneko sailburuordeak Eusko Jaurlaritzak azken hiruhileko honetan abian jarriko dituen jardueren berri eman dute; haien bidez, Gobernuak Ekonomia Ituna eguneratzeko eta defendatzeko duen programarako konpromisoari erantzun nahi zaio. Horrela, “QUIZZ 41, Zenbat dakizu Ekonomia Itunaz?” lehiaketa antolatu da, UPV/EHUko, Mondragon Unibertsitateko eta Deustuko Unibertsitateko ikasleen artean. Gainera, informazio-kanpaina bat diseinatu da, eta BECeko Gabonetako haur-parkean standa jarriko da berriro eta, bertan, txikienek KONEKO-V bideo-jokoarekin jolasean ikasi ahalko dute.

Ekonomia Ituna, 1878tik, euskal lurralde historikoen eta Estatuaren arteko harreman ekonomikoa antolatzeko oinarria da, eta, 1981az geroztik, Estatuaren eta Euskadiren arteko zerga- eta finantza-harremanak arautzen ditu. Funtsezko tresna da gure garapen ekonomikorako, eta egonkortasun-, oreka-, kontrola- eta erantzukizun-balioak dakartza. Ogasun eta Ekonomia Sailaren iritziz, positiboa da euskal herritarren artean finantza-tresna horren ezagutza zabaltzea.

QUIZZ 41, UNIBERTSITATEKO LEHIAKETA

Euskal Herriko Autonomia Estatutuak III. titulua jaso du 41. artikuluan: Ekonomia Ituna. Horregatik deitzen da unibertsitateen lehiaketa QUIZZ 41; atsegina eta dinamikoa izatea da asmoa, zabalkunde-ekintzaren helburu diren ikasleen interesa eta inplikazioa erakartzeko. Ekintza hori posible izan da UPV/EHUren, Mondragon Unibertsitatearen eta Deustuko Unibertsitatearen arteko lankidetzari esker, eta pedagogiako eta sustapeneko zeharkako ekintza gisa planteatzen da, eta haren antolaketa, Ogasun eta Ekonomia Sailari ez ezik, Hezkuntza Sailari ere badagokio. Abenduaren 4an eta 5ean izango da. Lehiaketari buruzko informazio guztia www.quizz41.eus web-orrian dago eskuragarri; bertan, interesdunek azaroaren 29ra arte eman ahalko dute izena.

Unibertsitate bakoitzean aurretiko fasea abenduaren 4an izango da, 15:00etan. Talde guztiak ordu berean parte hartzen hasiko dira; hasteko, unibertsitate bakoitzean gaitutako espazioetan aurrez aurre erantzungo diote test-motako 20 galderako txanda bati. Galdera bakoitzak hiru erantzun posible izango ditu, eta bakarra izango da egokia. Berdinketarik egonez gero, 4 galderako txandak egongo dira, berdinketa lortu duen taldeetako edozein kanporatuta geratu arte eta hiru unibertsitateetako bakoitzaren ordezkaritzan amaierako fasean lehiatuko diren lau talde irabazleak bakarrik geratu arte.

Amaierako fasea abenduaren 5ean izango da, Euskadiko Artxibo Historikoan, goizeko 10:00etan, eta, bertan, hamabi talde finalistak lehiatuko dira, operatiba berari jarraikiz, harik eta talde irabazle bakarra lortu arte. Taldekide irabazle bakoitzari ikasketa-beka bat emango zaio, gehienez 2.500 €-koa ikasleko, eta hura graduko edo graduondoko ikasketetan erabili ahalko dute, datorren ikasturtean, parte hartzen duten hiru zentroetako edozeinetan.

Ekintza unibertsitate-kolektiboaren artean zabalduko da, hezkuntza-zentroetako sare sozialen eta kanal digitalen bidez, eta, horretarako, mezu umoretsuak baliatuko dira, ikasleen interesa erakartzeko.

EKONOMIA ITUNA, NIREKIN ZERIKUSI HANDIA

Ogasun eta Ekonomia Sailak erronka gisa munduan bakarra den finantzaketa-tresna hau biztanle-segmentuen artean zabaltzea planteatu du. Hori dela eta, euskal autogobernuari eusten dion giltzarria ezagutzera emateko, zabalkunde-kanpaina bat diseinatu da, mundu guztiari zuzentzen zaiona, Ekonomia Itunak Euskadin, lurralde historikoetan eta gure herri eta hiri guztietan duen garrantzia hurbiletik ezagutzeko.

Azaroaren 18tik aurreran, kanpoaldeko publizitate-euskarrietan –markesinak, autobusak, metroa…– eta komunikabideetan –prentsa, irratia eta baliabide digitalak– ikusiko da kanpaina; bertako protagonistak Euskadin eta Euskaditik ematen eta kudeatzen diren pertsonak eta zerbitzuak izango dira. Modu errazean eta ikusteko modu erakargarrian azaldu nahi da Ekonomia Itunak nolako garrantzia duen euskal herritarrentzat.

KONEKO- V EGUNERATUTA

“KonEko V, Euskal Ekonomia Itunaren bideo-jokoa, duela urtebete aurkeztu zen, eta, orain, eguneratu egin da; horretarako, elementu grafiko berriak sartu dira, txikienen artean jokoaren esperientzia sustatzeko. Bertsio berri horretan ikusiko da, 16 joko-maila bakoitzean batu behar ditugun txanponen banaketa egokia eginez, zenbait elementu sortzea susta daitekeela, norberaren zerbitzuekin hiri bat eraikitzeko amaierako helburuarekin.

Jokoaren pantailen bidez sortutako hiria honako hauek eratzen dute: autobus-geltokia, adinekoentzako laguntza-zentroa, suhiltzaile-etxea, edukiontziak eta farolak, erraldoien eta buruhandien ikuskizuna, kiroldegia, liburutegia, haur-parkea, polizia-komisaria, ospitalea, eskola, enpresak, justizia-jauregia, udala, foru-aldundiak eta Eusko Jaurlaritza.

Ogasun eta Ekonomia Saila berriz ere egongo da presente aurtengo Gabonetan BECen antolatuko den haur-parkean.