Nekane Murga sailburuak Gorliz Ospitalea bisitatuko du ekaitzak eragindako kalteak direla eta

2019.eko azaroak 09

 

• Sailburu andreak adierazi du pazienteak “ongi zainduta” daudela
• Osakidetzak kalteak zenbaterainokoak diren aztertuko du, ahalik eta lasterren konpondu ahal izateko
• Nekane Murgak Ospitaleko langile guztiek egindako lana eta erakutsitako konpromisoa eta elkartasuna eskertu ditu


Osasuneko sailburu Nekane Murgak Gorlizeko Ospitalea bisitatu du gaur goizean, azken egunotako euriteek eta haizeak egindako kalteak direla eta. Sailburuak adierazi duenez, Osakidetzak kalteak zenbaterainokoak diren aztertuko du, ahalik eta lasterren konpondu ahal izateko. Bestalde, sailburuak azpimarratu du ospitaleko paziente guztiak “ongi zainduta” daudela, eta eskerrak eman dizkie bai profesionalei bai pazienteei, euren inplikazioagatik, ulermenagatik eta elkartasunagatik.


Sailburuak egindako informazio-bileran izan dira Administrazio eta Finantzaketa Sanitarioko sailburuordea, Osakidetzako Osasun-laguntzako zuzendaria, Osakidetzako teknikariak eta Ospitaleko zuzendaritza, Carmen Rodriguez buru dela. Bileran azaldu dute uholde-urek eta haize-bolada zakarrek era askotako kalteak eragin dituztela ospitalean: hainbat gelatan ura sartu da, leiho batzuk hautsi dira, estalki batzuk desagertu dira, leku batzuk urak hartu ditu eta tentsioa jaitsi da, eta arazo hori jada konpondu da.


Sailburuak azaldu duenez, Ospitaleko langileak hasieratik aritu dira lanean denboralearen eraginak arintzeko, pazienteen arreta lehenesteko eta txikizioak garbitzeko. Horrez gainera, hartzen joan diren neurrien berri eman diete familiei eta pazienteei. Alde horretatik, Nekane Murgak familiak eta ospitaleratuta dauden pertsonak lasaitzeko mezu bat helarazi nahi izan du, Gorlizeko Ospitaleak pertsona guztiei arreta eta zerbitzua ematen jarraitzen baitu.


Sailburuak Ospitaleko langile guztiek (garbiketako langileek, sukaldekoek, administrazioaren arlokoek, erizainek, fisioterapeutek, medikuek eta zuzendaritzak…) egindako lana, erakutsitako konpromisoa eta lankideekin izandako elkartasuna ere eskertu ditu.


Nekane Murga sailburuak eta bere taldeak kalterik handienak jasan dituzten lekuak bisitatu dituzte, eta azaldu du Osakidetzak kalteen helmena aztertuko duela ahalik eta lasterren konpondu ahal izateko.