Nekane Murga Sailburuak Donostiako Altzako osasun-zentroko langileen talde-lanaren ereduari balioa eman dio

2019.eko urriak 23

  • Osasun Sailak eta Osakidetzak 2020ko inbertsioaren % 30a bideratuko dute Lehen Mailako Arretara, eta inbertsio-mailari eustea da asmoa

Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburu Nekane Murga Altzako osasun-zentroan izan da gaur eguerdian, Osakidetzaren Lehen Mailako Arretako zentroetan ezarritako eskariaren kudeaketa-eredu berria ezagutzeko, Euskadiko Lehen Mailako Arretarako Estrategian hartutako konpromisoen barruan. "Talde-lanari eusten dion eredua da", non medikuek, erizainek eta administrariek elkarrekin lan egiten duten pazienteari ahalik eta arreta onena eskaintzeko eta Osakidetzako profesionalen antolaketa hobea bermatzeko.

Eredu berri horri esker, lanbide-kategoria bakoitzak, modu koordinatuan, herritarren beharrei erantzuteko gaitasun gorena garatu ahal izango du, eta Lehen Mailako Arretako profesionalen efizientzia eta ebazpen-gaitasuna areagotuko dira.

"TALDEAN" ARRETA EMATEKO EREDUA

Osakidetzako Lehen Mailako Arretako sarean hedatzen ari da eredu hori. Altzako osasun-zentroak dakarren berritasuna da lehen aldiz zentro osoan modu koordinatuan eta bertako profesional guztien parte-hartzearekin lan egiten dela. Osasun-zerbitzuetako ikerketa-proiektu baten esparruan egindako ekarpenak eta lortutako emaitzak ebaluatuko dira. "Emaitzei esker, hobetu beharreko alderdiak identifikatu ahal izango ditugu, eta horiek beste erakunde batzuetara eraman ahal izango dira", gaineratu du sailburuak.

Sailburuak osasun-zentroko profesionalak aitortu eta eskertu ditu, arreta eraginkorragoa, hurbilagoa eta kalitatezkoa emateko duten inplikazioagatik eta konpromisoagatik.

Arretaren eta barne-antolaketaren eredu hori Lehen Mailako Arretarako Estrategian jasotako neurria da. 35 neurri horietatik 30 martxan daude, eta eredu horrek erizaintzako eta administrazio-esparruko langileen zeregina indartzen du, arreta pertsonalizatuagoa, hurbilagoa eta koordinatuagoa eskaintzeko, bai eta beharrezkoak ez diren atzerapenak saihesteko ere.

EKIPAMENDU INFORMATIKOAREN ALDAKETA

Eredu berri hori berme guztiekin garatu ahal izateko, Osakidetzak bere ekipamendu informatikoa modernizatzeko prozesua hasi du, eta 2019an 15,7 milioi euro bideratu ditu horretara. Hain zuzen ere, orain arte 5.000 ordenagailu berri eta 4.100 inprimagailu instalatu dira. Berrikuntza hori abenduan zehar amaituko da konfigurazio bereziko 215 ordenagailurekin (elektromedikuntzako ekipamendua eta inprimagailu termikoak dituzte), baita 425 inprimagailu gehiagorekin ere.

INBERTSIOAK LEHEN MAILAKO ARRETAN

Osakidetzako osasun-zentroko eta Donostialdeko ESIko arduradunekin egindako bisitan eta topaketan, sailburuarekin  batera izan dira, besteak beste, Osakidetzako zuzendari nagusia, Juan Luis Diego, eta Plangintza, Antolamendu eta Ebaluazio Sanitarioko zuzendaria, Mikel Sanchez. Bisitan, sailburuak adierazi du Osasun Sailak eta Osakidetzak datorren urterako aurreikusita dituzten inbertsioetatik, hiru eurotik bat Lehen Mailako Arretara bideratuko dela. Hala jasotzen da Ogasun sailburuak atzo aurkeztutako Eusko Jaurlaritzaren aurrekontuen proiektuan.

Sailburuak azaldu duenez, inbertsio horren bitartez ekipamenduak berritu, osasun-zentro berriak eraiki edo espazioak hobetu eta egokituko dira, hau da, itxarongela zabalagoak edo erizaintzako eta familia-medikuntzako kontsulta komunikatuak egingo dira.