Nekane Murga Osasuneko sailburuak Euskal Autonomia Erkidegoko osasun-politika arrakastatsuak aurkeztuko ditu Europako kongresuan

2019.eko irailak 26

Sailburuak eskualdeen autonomia baliaraziko du osasunarekin lotutako politiken kalitatearen bermatzaile gisa

Kongresua Chamonixen (Frantzia) izango da irailaren 26an eta 27an, eta bertan 550 bat eragile ekonomiko, sozial, politiko eta komunitariok parte hartuko dute

 

Nekane Murga Osasuneko sailburua Chamonixera (Frantzia) joango da gaur, osasun-sistemen antolaketari eta kudeaketari buruzko Europako kongresu batean parte hartzeko. Europako esparruko arduradun politikoekin eta adituekin esperientziak trukatzeko topaketa honetan, Nekane Murga sailburuak euskal osasun-sistemaren esperientzia aurkeztuko du, eta ideia hau defendatuko du: “eskualdeen autonomia funtsezkoa da osasunaren arloan emaitzak hobetzearekin lotutako politikak jorratzeko”.

Nekane Murgak euskal esperientziaren berri emango du datuen bidez, besteak beste unibertsaltasunaren, etengabeko hobekuntzaren eta pertsonen printzipioak jardunen ardatz nagusitzat hartuta.

Aurreikusita dago bihar, ostirala, hartuko duela hitza gai honen inguruko eztabaida-mahaian: “eskualdeen egitekoa etorkizuneko osasun-sisteman”. Hona parte-hartzaileak: Xavier Bertrand (Frantziako Osasuneko ministro ohia), Hauts-De-Franceko Eskualde Kontseiluko presidentea; Hans Winiberg, “Leading Helth Care” think tank-eko idazkari nagusia; eta Benoît Pericard, KPMG nazioarteko aholkularitza-enpresako osasun-arloaren arduraduna. Sailburua Osasuneko sailburuorde Iñaki Berraondorekin eta Antolaketa eta Kudeaketa Berrikuntzako zuzendari Iñaki Gutierrezekin joango da.

 

EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOA, GARAPEN JASANGARRIAREN EREDU

Nekane Murga sailburuak osasunaren arloko Euskal Autonomia Erkidegoaren eredua azalduko du: “osasuna politika guztietan”. Sailburuak ideia hauek nabarmenduko ditu, besteak beste: kalitatea, unibertsaltasuna, etengabeko hobekuntza eta pertsonak politiken ardatz nagusi gisa.

Gainera, subsidiariotasunaren kontzeptua defendatuko du; hau da, eskualdeek funtsezko zeregina dutela bizi-kalitatearekin lotutako politikak garatzeko.

Eztabaidan, besteak beste, biztanleriaren zahartzearen erronkari, osasun-sistemen jasangarritasunaren etorkizunari edo eredu bakoitzaren ezaugarriei lotutako gaiak jorratuko dituzte. Adibidez, prebentzioaren, berrikuntzaren aldeko apustuaren eta Lehen Mailako Arretaren inguruko gaietan sakonduko dute.

Euskal Autonomia Erkidegoaren egungo egoeraren argazki bat egiteko lagungarri izango dituen datuak baliatuko ditu sailburuak. Gainera, egun, Osakidetza euskal gizarteak ondoen baloratutako sistema publikoa dela eta Espainiako estatuko erreferentziazko sistemetakotzat hartzen dela nabarmenduko du.

 

EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO DATUAK (OSASUNA)

  • Bizi-itxaropena Japoniaren mailan (gizonak 80,3 eta emakumeak 86,5).
  • Desgaitasunik gabeko bizi-itxaropena (gizonak 70,1 eta emakumeak 72,5).
  • Urteko 1.730 €-ko per capita inbertsioa osasunean (Espainiako batez bestekoa 1.295 € da).
  • Euskal Autonomia Erkidegoa EB-27ren buruan dago osasun-egoeraren pertzepzio positiboan. Biztanleriaren % 83,1ek osasun-egoeraren inguruko balorazio positiboa egiten du.
  • Haurren heriotza-tasa: bizirik jaiotako 1.000tik 2,2. 4ko helburu orokorraren azpitik (Suedia 2,9, Finlandia 2,4, Luxenburgo 2,4, Japonia 2,9).
  • Minbiziaren aurreko biziraupena Espainiako eta Europako batez bestekoaren gainetik (% 52,2 gizonak eta % 60 emakumeak).

 

KONGRESUAREN EDUKIA

Kongresuak Convention On Health Analysis And Management izenburua du, eta hura irekitzeaz arduratuko dira Martin Seychell Europako Batzordeko Elikagaien Segurtasuneko zuzendaria eta Katia Julienne Frantziako Gobernuko Osasun Prestazioko zuzendaria. Guztira, 550 bat liderrek eta administrazioaren, medikuntzaren, ikerketaren, industriaren, aseguruen eta politikaren arloetako adituk parte hartuko dutela espero da. Sailburua da bilerara joango den Espainiako estatuko ordezkari bakarra.

Sailburuak “eskualdeen egitekoa etorkizuneko osasun-sisteman” gaiaren inguruko mahaian hartuko du parte, baina euskal ordezkaritzak X. edizioko bi jardunaldietan egingo diren hitzaldi, eztabaida eta solasaldietan izango da. Besteak beste, gai hauek jorratuko dira:

  • Nola indartu Europako osasun-gobernantza?
  • Osasun-erakundeak: zer da ekintzaile izateko askatasuna?
  • Zaintzaileak: lanpostu berria, erantzukizun berriak?
  • Alemaniako esperientzia: kudeaketa publiko-pribatua.
  • Txinako esperientzia: adimen artifiziala ospitaleko gobernantzaren zerbitzura.

Programa osoa

 

Gasteiz, 2019ko irailaren 26a