Emakundek bere hezkidetzaren aldeko apustua berretsi du Nahiko hezkidetza programaren VI Jardunaldi Orokorrean

2019.eko martxoak 22

Emakundek gaur Nahiko hezkidetza programaren VI Jardunaldi Orokorra ospatu du Bilbon. Programa hau erakundeak sortu, garatu eta bultzatu egin du 2004. urtetik. 2017-2019 urteen bitartean  Lehen Hezkuntzako 42 ikastetxek parte hartu dute, 301 irakasle eta 6.069 ikasleen partaidetzarekin batera.  

Emakundeko zuzendariak, Izaskun Landaidak jardunaldi orokorrari hasiera eman dio ziurtatuz hezkidetza dela  “gaur egun genero-aurreiritziak eta estereotipoak gainditzeko dugun tresna eraginkorrena”. Bere hitzetan, “hezkidetzaren bitartez pentsamendu kritikoa lantzen dugu ikasleekin sexismoaren aurrean, emakume erreferenteak gerturatzen dizkiegu, elkarbizitza baketsurako  tresnak jartzen dizkiegu eskura, eta, besteak beste, emakumeen aurkako indarkeriaren prebentzioa lantzen dugu”.

Jardunaldian, Hezkuntza Sailaren Hezkidetzarako II. Gida Planaren prestaketan parte hartu duen Bea Ugarte Maiztegik hitz egin du. Bere hitzaldia “Identitateak, harremanak eta bizikidetza hezkidetzarako II Gida Planaren markoan” izan da. Halaber, Amelia Barquin Hezkuntza zientzien irakasleak “Kulturartekotasuna eskolan emakume eta gizonen berdintasunaren eta hezkidetzaren ikuspegitik” hitzaldia eskaini du.

Programa honen oinarrian giza eskubideak daude, bereziki, eguneroko bizitzarekin lotuta, eta ikasleak gizarteratzen diren genero rolen analisia. Helburu nagusia neska eta mutilek euren ahalmenak modu integralean garatu ditzaten lortzea da, sexuaren araberako mugarik gabe.