Mutilazio genitala prebenitzeko etorkinen elkarteekin elkarlanean aritzeko apustua egingo du Emakundek

2019.eko otsailak 05

Bihar, otsailak 6, Nazio Batuek hala erabakita, Nesken Mutilazio Genitalaren aurreko Tolerantzia ezaren Nazioarteko Eguna ospatzen da.

EAEn  mutilazio genitala egiten den herrialdeetatik etorritako 11.000 pertsona inguru bizi dira eta herri hauetako familietakoak izateagatik mutilazioa jasateko arriskuan egon daitezkeen nesken kopurua 1.000 ingurukoa da. Hala ere, potentzialki arriskuan dagoen populazioa oso mugatua da eta lokalizaturik dago, eta honek alarmarik piztu gabeko interbentzio baterako bidea ematen du.

Mutilazio Genitalaren prebentziorako interbentzioak arlo guztien parte hartze eta koordinazioa dakar, hau da, osasun arloa, hezkuntza, zerbitzu sozialetako profesionalen parte hartzea, eta baita ere, etorkinen elkarteekin, mutilazioa ematen den herrialdeetako populazioarekin lan egiten duten elkarteekin, eta bestelako elkarteekin.

Azken lan hau Enplegu eta Politika Sozialetako sailarekin elkarlanean egingo da, Biltzenen (Gizartaratzea eta Kultura arteko Bizikidetzaren Euskal Zerbitzuaren) bitartez. Helburua da komunitate hauetako pertsonak beraiek, izatea arazo honi aurre egiteko tresnak eskuratuko dituztenak, inolako erruduntasun edo estigmatizazorik gabe, eta emakumeen ahalduntzea ardatz hartuta.

Orain arte hainbat pauso eman dira mutilazioaren prebentzioan EAEn. EAEko egoeraren diagnostiko bat egin eta gero, Osasun saila, Osakidetza eta Emakunderen elkarlanaren ondorioz, Emakumeen Genitalen Mutilazioa. Euskadiko osasun sisteman gomendatutako jardunen gidaliburua eta esku hartzeko oinarrizko printzipioen liburuxka argitaratu ziren. Hezkuntza sailak ere beste gida bat aurkeztu zuen. Hauetan mutilazioa egiten den herrialdeetatik datozen emakume eta neskatoak artatzen dituzten profesionalei gomendio batzuk luzatzen zaizkie. Honekin batera, aipatzen da edozein esku-hartzetan ekidin behar dela herri, komunitate eta familien estigmatizazioa, eta, aldiz, testuingurua kontuan izan behar dela, haien biktimizazio bikoitza ekiditeko.