Merkataritzako Federazioekin lortutako itunaren garrantzia nabarmendu du Retortillo sailburuak "elkarrekin batera ibiltzeko borondatea" adierazten duelako

9E042376-730C-429B-BBE7-FEBDB0B17660.jpeg

2019.eko otsailak 25

  • Digitalizazioaren aldeko apustua eta Federazioen egiturak babestea dira akordioen lehentasunezko ardatzak.

  • Sailburuak adierazi duenez “enplegu duina eta iraunkorra eta merkatu-askatasuna defendatzen baditugu abantailazko posizioen aurka egin behar dugu borroka. Guztiok jokatu behar dugu arau berekin”
  • Sailburuak ohartarazi du “merkataritzaren garai latzak” espero zituztela eta indartu egin behar dela administrazioen babesa.

Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburu Alfredo Retortillok gaur azaldu du Euskadiko Merkataritzako Federazioekin batera Sailak euskal merkataritzarekin lortutako ituna. Euskomerreko presidente Jon Andoni Aspuruk eta Euskaldendakeko presidente Bittor Lizarribarrek ere jardun dute aurkezpenean.

Retortillok gaur aurkeztu ditu merkataritzaren sektorearekin lortu dituen akordioak; garrantzizko gertaera, berak adierazi bezala, arrazoi hauengatik: “niretzat, jarduera-lerro berrietan ematen diren laguntzak zenbaki soilak baino gehiago dira; Federazioen eta Sailaren borondatea adierazten dute, elkarrekin batera ibiltzeko, alde guztiek adostutako proiektuak eta programak martxan jartzeko. Eta, gainera, diagnostiko komun batera iritsi garela adierazten dute”.

Retortillok aztertu bezala, orain, tokiko merkataritzak aurre egin behar die zeharo berriak diren arazoei, eta desabantailazko baldintzetan aritu behar du lehian eragile globalekin. “Enplegu duina eta iraunkorra defendatzen badugu eta merkatu-askatasuna defendatzen badugu abantaila-posizio horien aurka egin behar dugu borroka”.

Bakoitzak, administrazio bakoitzak, bere eremutik, saiatu egin behar du tokiko merkatariaren desabantaila hori gutxitzen, jarraitu du Retortillok, eta kontsumitzaileak ere kokatu ditu erdigunean. “Aldarrikapen bat egiten diet herritarrei tokiko komertzioan erostea erabakitzeko, tratu hurbila eta pertsonalizatua eskaintzen duelako ez ezik, protesta gisa ere operadore handien abantailazko baldintzengatik, merkataritzaren edo ekoizleen sektorean soldata duinak eta enplegu iraunkorra exijitzeko”.

Hori guztia, ahaztu gabe etorkizunak merkataritzaren digitalizazioa behar duela, eta horregatik jarri ditu Sailak lehentasunezko jardute-ardaztzat digitalizaziorako programa eta proiektuentzako laguntzak. “Eremu desberdinetan diharduten zenbait proiektu babestuko ditugu. Eta merkatarien ordezkariekin batera eta adostuta egingo dugu hori”.

Gainera, sailburuak azpimarratu duenez, orain arte, Merkataritzako Federazioei ez zaie esleitu zenbateko espezifikorik beren egituraren gastuak ordaintzeko, eta beraz urtero egin behar izan diote aurre ziurgabetasunari, “eta zenbaitetan malabarismoari”, beren existentzia bera bermatzeko.

“Sail honek aitortu egiten die funtsezko zeregina Federazioei euskal saltokien ordezkari gisa. Eta horregatik, Saileko aurrekontuek zenbateko zuzenak izango dituzte federazioen iraunkortasunari eutsi eta ziurtatzeko. Gure nahia da federazioek beren ahaleginak merkataritzaren eskaintza hobetze aldera egitea, ez ordea bizirauteko borroka egite aldera”.

Azkenik, sailburuak ohartarazi duenez, “oso garai latzak datoz tokiko merkataritzarentzat. Eta merkataritza ez dira bakarrik kaleko denda batzuk: 26.000 negozio dira, 136.000 enplegu dira eta Euskadiko BPGaren % 11 dira. Arazoari duen larritasunarekin egin behar diogu aurre, eta orain artean izan ditugunak baino askoz ere baliabide gehiagorekin aurka egin” esanez amaitu du.