Marcos Muro: "Enplegurako proiektu bereziek aukera ematen dute, Enkarterrin, Lanbideren zerbitzuak koordinatu eta bateratzeko, betiere udal-erreferentearekin batera"

IMG_0781.jpg

2019.eko abenduak 10

  • Deialdiak parte-hartzaileak lan-merkatuan txertatzeko jarduketa integrala ziurtatzen du.
  • 2019ko Proiektu Berezien deialdia finantzatzeko baliabide ekonomikoak 4.000.000 eurokoak dira
  • Enkarterriko Enplegua Dinamizatzeko Planaren aurkezpena
  • Enkarlan Enplegurako Prestakuntza Zentroa, Zalla

Zalla, 2019-12-10

Marcos Muro Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gazteriako sailburuordeak honako hau esan du: “Enplegurako Proiektu Berezien ekimenak aukera ematen du, Enkarterri eskualdean, Lanbideren zerbitzuak koordinatu eta bateratzeko, betiere udal-erreferentearekin batera, parte-hartzaileak lan-merkatuan txertatzea helburu duen jarduketa integrala ziurtatuko duen deialdi bakarrean. 2019ko Proiektu Berezien deialdia finantzatzeko baliabide ekonomikoak 4.000.000 eurokoak dira.

 

Deialdi horren bidez, gizartean eta lanean txertatzeko zailtasun handienak dituzten pertsonek prestakuntza jaso dezakete, haiek lan-merkatuan txertatuko direla bermatzen duen lan-aktibaziorako ekintzekin batera. Dirulaguntzaren lerro horrek beste erakunde batzuen laguntza duten proiektuak finantzatzen ditu.

 

Juan Ramón Urkijo Zallako alkatearekin batera, Marcos Murok, gaur goizean, Enkarlan Zallako Enplegurako Prestakuntza Zentroan parte hartu du, “Enkarterri eskualdean Enplegua Dinamizatzeko Plan”aren aurkezpenean, langile okupatuak eta langabeak gizarteratzeko eta laneratzeko proiektu bereziak garatzeko laguntzen kargura. Bagabiltza-Maristak ABEEak, Lanbiderekin eta Zallako Udalarekin lankidetza, azken urteotan garatu izan du, okupatuak eta langabeak gizarteratzeko eta laneratzeko proiektu bereziak garatzeko laguntzen kargura.

 

Urkijo alkatearen iritziz, ekimena “programako kolektiboak aktibatzeko eta motibatzeko ariketa bat da; horretarako, ikasle ohien esperientzia arrakastatsuak erakusten zaizkie, eta, modu berean, autoestimuko eta konfiantzako mezu zuzenak eskaintzen zaizkie”.

 

“Legegintzaldi honen hasieran, konpromisoa hartu genuen enplegu-arloan honako helburu hauek betetzeko: 2020an langabezia-tasa % 10etik beherakoa izatea, legegintzaldi osoan 58.000 enplegu suspertzea eta 20.000 gazteri lan-aukera ematea”, gogorarazi du Marcos Murok. “Une hauetan, Eustaten - BJAren datuen arabera, langabezia-tasa % 9,2koa da. Lanbiden 113.777 langabe daude erregistratuta, 2016ko abenduan (136.173) baino 22.396 gutxiago. Eta Gizarte Segurantzarekiko afilizazioa dela eta, 979.910 pertsona daude afiliatuta, 2016ko abenduan (925.291) baino 54.619 enplegatu gehiago. 2008ko uztailean izan genuen gehieneko historikoa, eta zifra horretatik oso hurbil gaude, 3.025 afiliaturen aldea baino ez dago eta”.

 

Marcos Murok zehaztu duenez, “Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailak nabarmendu nahi du enplegurako lanbide-prestakuntza eta lan-aktibazioa, Lanbidek pertsonei bere zerbitzu-zorroan eskaintzen dizkien bi tresna horiek, erabakigarriak direla lan-merkatuan txertatzeko edo enplegagarritasuna hobetzeko. Testuinguru horretan, proiektu berezien deialdiak aukera ematen du Lanbideren zerbitzuak koordinatzeko eta deialdi bakarrean bateratzeko, eta, hala, parte-hartzaileak lan-merkatuan txertatzea helburu duen jarduketa integrala ziurtatzeko.

 

Prestakuntza

“Ekimen honen bidez, gizartean eta lanean txertatzeko zailtasun handienak dituzten pertsonek prestakuntza gehiago jaso dezakete, haiek lan-merkatuan txertatuko direla bermatzen duen lan-aktibaziorako ekintzekin batera. Dirulaguntzaren lerro horren bidez, dagoeneko beste erakunde batzuen finantzaketa duten proiektuak finantzatzen dira. Honako ildo honi jarraitu nahi diogu: auzolana, elkarlana, erakunde publiko eta pribatuen arteko koordinazioa, ahaleginak bateratu eta koordinatzeko eta helburuak betetzen direla ziurtatzeko”, esan du Marcos Murok.

 

Enplegu eta Gazteriako sailburuordeak zehaztu duenez, “etorkizuneko Enpleguaren Euskal Sistemaren eta Lanbide Enpleguaren Euskal Zerbitzuaren Erreformaren Legearen zirriborroak izaera integrala eta zeharkakoa izango duen euskal enplegu-politikarako beharrezko lege-esparrua eskainiko du. Euskal Enplegu Sistema arautu nahi dugu, alegia, enplegu-politikaren plangintza, koordinazioa eta betearazpena sustatzeko eta garatzeko egiturak, zerbitzuak eta programak. Azken batean, Euskadiko Enplegu Sistema antolatu nahi dugu, kalitateko zerbitzuak bermatzeko eta, hala, haren baliabideen koordinazioa eta optimizazioa ziurtatzeko”.

 

“Gobernamendu-ereduez ari garenean, landu beharreko bi maila aipatu nahi ditut: gobernamendu bertikala edo enpleguaren eta inklusioaren alde lan egiten duten lurraldeko erakunde publiko eta pribatuekiko elkarlana, eta gobernamendu horizontala Eusko Jaurlaritzaren eta bere erakundeen, aldundien eta udalen artean. Horretarako, elkarlanerako eredu arinagoak garatu behar ditugu, deialdietatik urruntzeko eta lurralde-erakundeekin, azken batean udalekin eta beren agentzia, mankomunitate edo kuadrillekin, pertsona eta enpresei eman behar dizkiegun zerbitzuak hitzartu ahal izateko”.