Manex haziarekin ernaldutako lehenengo bildotsak jaio dira, ARDI proiektuaren baitan

Reba_o_experimental_de_NEIKER.jpg

2019.eko abenduak 13

2.359 dosi erabili dira, Pirinioetako bi aldeetako Latxa-Manex populazioen artean dauden konexio genetikoak indartzeko.

Ekimenaren liderra NEIKER-Tecnalia da, eta ARDI proiektuaren parte da, hobekuntza genetikoko programen kudeaketa bateratuan aurrera egiteko, eta Pirinioetako esnetarako ardien arraza autoktonoen lehiakortasuna hobetzeko.

Mugaz gaindiko ARDI lankidetza proiektuari esker, dagoeneko jaio dira Iparraldeko Manex haziarekin ernaldutako lehenengo bildotsak. Ekimenaren helburua da Pirinioetako bi aldeetako Latxa-Manex populazioen artean dauden konexio genetikoak indartzea. Horri esker, konparazio genetiko objektiboak egin ahal izango dira mugaz bi aldeetako emeen eta arren balio genetikoari buruz.

ARDIren baitan, 2.359 dosi erabili dira (Manex Muturgorriko 1.862 dosi Latxa Muturgorrian eta Manex Muturbeltzeko 497 Nafarroako Latxa Muturbeltzean). Ardien intseminazioak hazi hoztuarekin egiten dira, eta horrek esan nahi du eiakulatzen denetik ardiak intseminatzen diren arte gehienez ere 8 ordu igaro daitezkeela. Horrek koordinazio sendoa eskatu du abeltzainaren, intseminatzaileen eta intseminazio zentroen artean. Urtero, Latxa arrazako 20.000 ardi ingururi jartzen zaie hazia ekainetik irailera bitartean. Iparraldetik datozen semen dosiak totalari gehitzen zaizkio.

Pirinioetako esnetarako ardi arraza autoktonoen biziraupena mehatxatuta dago, produkzio sistema intentsiboagoak dituzten beste arraza batzuk daudelako. ARDI proiektuaren helburu estrategikoa da hobekuntza genetikorako programen kudeaketa komunean aurrera egitea, Pirinioetako esnetarako ardien arraza autoktonoen lehiakortasuna handitzeko eta asentamendua eta ustiapena indartzeko.

ARDI proiektuaren barruan, Euskal Autonomia Erkidego eta Nafarroako eta Iparraldeko abeltzainen arteko bisitak antolatu dira, ekoizpen sistemen eta hautapen eskemen gainean duten ezagutza elkarrekin trukatzeko. Udaberrian ere, Manex Muturbeltzeko abeltzainak bisitan izan ziren Nafarroan, INTIAko CIA Oskotz intseminazio zentroa eta Nafarroako Latxa Muturbeltzeko hainbat artalde ezagutzeko. Bisita horiek, gainera, artzainei aukera ematen diete euren iritziak kontrastatzeko, inpresioak elkartrukatzeko eta eguneroko lanari buruzko alderdietan sakontzeko, proiektuaren barruan horiek ez baitira espezifikoki kontuan hartzen.

Egitasmoaren liderra NEIKER-Tecnalia da, eta bertako kideak dira Frantziako INRA (Nekazaritza Ikerketako Erakunde Nazionala), IDELE (Abeltzaintzako Erakundea) eta CDEO (Departamenduko Ardi Aziendaren Zentroa), Nafarroako ASLANA (Nafarroako Latxa Arrazako Hazleen Elkartea) eta ARDIEKIN (Latxa eta Karrantzar arrazetako ardien Hautaketa eta Intseminazio Artifizialeko Zentroa).

Mugaz gaindiko lankidetza programa

NEIKER-Tecnalia –Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Saileko erakunde publikoa– ARDIren koordinatzailea da, mugaz gaindiko lankidetzarako 2014-2020 POCTEFA proiektuen 2. deialdiaren barruan. Bertan, NEIKER-Tecnalia koordinatzaileaz gain, hauek parte hartzen dute: INRA (Nekazaritza Ikerketako Erakunde Nazionala), IDELE (Abeltzaintzako Erakundea) CDEO (Departamenduko Ardi Aziendaren Zentroa), ASLANA (Nafarroako Latxa Arrazako Hazleen Elkartea) eta ARDIEKIN (Latxa eta Karrantzar arrazetako ardien Hautaketa eta Intseminazio Artifizialeko Zentroa).

Proiektuaren aurrekontu totala 1.155.072 € da, eta POCTEFAk horren %65 laguntzen du diruz.