Lezoko terminal intermodala eta logistikoa garatzeko protokoloa sinatzea baimendu du Gobernuak (Gobernu Bilera 2019-11-12)

intermodal_LEZO.jpg

2019.eko azaroak 12

  • Lankidetzarako protokolo bat da Ekonomiaren Garapena eta Azpiegiturak Sailaren eta Sustapen Ministerioaren artean
  • Lezo-Gaintxurizketa terminal intermodala eta logistikoa Korridore Atlantikoan txertatuko da, Europar Batasuneko garraio-ardatz nagusietako batean
  • Berari esker dinamizatu ahal izango da Pasaiako Portuaren erabilera, Euskal Y-arekin konektatuta UIC zabaleran, eta horrela estaliko dira trenbideko eta portuko mugaz haraindiko funtzio logistikoak eta eragiketak

Gaurko Gobernu Kontseiluak onetsi egin du lankidetzarako protokolo bat sinatzea Ekonomiaren Garapena eta Azpiegiturak Sailaren eta Sustapen Ministerioaren artean, Lezoko terminal intermodala eta logistikoa garatzeko helburuz. Bi erakundeen arteko lankidetza beharrezkoa da Korridore Atlantikoan txertatuko den terminal intermodalaren eta logistikoaren proiektua burutzeko, Europar Batasuneko bidaiaren eta merkantzien garraio-ardatz nagusietako bat dela kontuan izanda.

Lankidetzarako protokoloaren arabera, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapena eta Azpiegiturak Sailak formulatu eta tramitatuko ditu, bere araudiaren arabera eta sustatzailea bera denez gero, Lezoko terminal intermodalaren eta logistikoaren Informazio Azterlana eta Eraikuntza Proiektuak, eta horretarako beharrezko azterlanak eta proiektuak aurrera eramango ditu, Sustapen Ministerioaren adostasunarekin.

Lezoko terminalari esker Pasaiako Portuaren erabilera dinamizatu ahal izango da. Hala, itsasoz iristen diren merkantziak trenera lekualdatu ahal izango dira, eta alderantziz, Euskal Y-arekin konektatuta, eta horrela estaliko dira mugaz haraindiko trenbideko eta portuko funtzio logistikoak eta operazioak, Gipuzkoako eta inguruetako industriaren euskarri izango direnak. Horrek ahalbidetu egingo du Pasaiako Badiako gainerako hiri-perimetroa progresiboki trafiko astunetik libre uztea. Horretarako, Lezoko terminalak hiru trenbide-zabalerak izango ditu: UIC edo estandarra, Iberikoa eta Metrikoa.

Lezoko terminalaren eraikuntza Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Antolamenduaren Gidalerroen betearazpenaren esparruan sartzen da, beste helburu batzuen artean, trena indartzeko helburuz merkantziak garraiatzeko, eta terminal intermodalak eta logistikoak egokitzeko, merkantziak eraginkortasunez banatu ahal izateko.

Bere aldetik, Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Plangintzak jasota du Lezoko terminal logistikoa lehentasunezko interesgunetzat Donostiako Area Funtzionalaren Lurralde Plan Partzialean (Donostialdea-Bidasoa Behea), 2016ko uztailaren 27ko 121/2016 Dekretu bidez behin betiko onetsian.

Eusko Jaurlaritzak konpetentzia esklusiboak ditu interes komunitarioko obra publikoen arloan, trenbideetan eta lurreko garraioetan, EAEko lurraldetik igarotzen direnetan, baita lurralde-antolamenduko eta hirigintzako konpetentziak ere.

Bere aldetik, Sustapen Ministerioak, bere Azpiegiturak, Garraioa eta Etxebizitza Planaren (PITVI) jarduera-proposamenen artean, hau jasotzen du: Azpiegitura Nodalen Sare bat ezartzea, kate logistikoan trenbidea osorik integratzeko. Hala, azpiegitura horietako bat da Lezoko terminal intermodala eta logistikoa.