Lehendakaritzak Eusko Legebiltzarrean aurkeztu ditu 2020rako aurrekontuak

2019.eko azaroak 11

Lehendakaritzaren 2020rako aurrekontu osoa 126,5 milioi eurokoa da, aurreko ekitaldiko aurrekontua baino 3,9 milioi euro handiagoa, beraz. Zatirik handiena (% 71) Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren laguntza programetara eta proiektuetara bideratuko da (49,2 milioi), eta 40,5 milioi Berrikuntza Fororako izango dira, Euskadiko espezializazio adimendunaren estrategia garatzeko.

Lehendakaritzaren idazkari nagusia, Jesús Peña, arduratu da gobernuak joan den urriaren 22an onartu zuen Aurrekontuen Lege-proiektuan aurreikusitako Lehendakaritzaren kontuak gaur eguerdian Eusko Legebiltzarreko Ogasun eta Aurrekontuen Batzordean aurkezteaz. Aurkezpenean Lehendakaritzaren arloetako arduradunak ere izan dira: Jonan Fernández (Giza Eskubide, Bizikidetza eta Lankidetzaren idazkari nagusia), Marian Elorza (Kanpo Harremanetarako idazkari nagusia), Izaskun Landaida (Emakunderen zuzendaria) eta Paul Ortega (Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako zuzendaria)

Lehendakaritzaren arduradunak gastuen atala aurkeztu du, eta 2020rako aurreikusitako aurrekontu-horniduren programakako banaketa egin du.