Lehendakariak Miguel Altuna Lanbide Heziketako Ikastetxeko instalazio berriak bisitatu ditu, Bergaran

2019.eko azaroak 11

  • 8 milioi eurotik gorako inbertsioarekin, ikastetxe berriak 600 ikasle baino gehiago ditu Lanbide Heziketako 8 prestakuntza-ziklotan

  • Euskal Lanbide Heziketak bultzatutako lehenengo ikastetxe adimenduna da, eta erreferente bihurtu da baita Europa mailan ere

Iñigo Urkullu Lehendakariak, Cristina Uriarte Hezkuntza sailburua lagun zuela, Miguel Altuna Lanbide Heziketako Ikastetxe Integratuaren eraikin eta instalazio berriak bisitatu ditu gaur goizean, Bergaran. Ikastetxeko zuzendaritza-taldeak gidatuak, bertako zuzendari Josune Irazabal buru zela, Lehendakariak eta sailburuak instalazio, ikasgela eta tailer nagusiak bisitatu dituzte egoitza berrian, eta zuzenean ezagutu ahal izan dituzte gaur egun Euskadiko Lanbide Heziketak aplikatzen dituen irakaskuntzako eta ikaskuntzako metodologia aktiboen ezaugarriak.

Miguel Altuna LHIIko ikasle eta irakasleek instalazio berriak estreinatuz hasi dute 2019-2020 ikasturte hau. Instalazioak eraikitzeko 8.065.923,15 euroko (BEZ barne) inbertsioa egin du Hezkuntza Sailak.

Lanbide Heziketako ikastetxe honen instalazioek 9.719,42 metro koadroko azalera eraikia dute guztira, eta bi eraikinetan daude banatuta. Bi eraikinak elkarri lotuta daude lehenengo solairuetan egin den pasabide estali baten bitartez. Bien arteko komunikazioa errazten da honela, eta espazioak konektatu. Eraikinetatik lehenengoan (erdi-soto, beheko solairu eta lehenengo solairu batekin) ondokoak daude: ikastetxeko administrazio-gunea, zuzendaritza, irakasleen aretoa, liburutegia eta askotariko erabilerarako areto bat, baita irakaskuntzako guneak ere, Administrazioa eta Kudeaketa lanbide-familiako zikloei dagozkienak. Bigarren eraikinean –handiagoa da hau– ondokoak daude: gela teknikoak, industria-adarretako prestakuntza-zikloak egiten ari diren ikasleentzako tailerra (Elektrizitatea eta Elektronika; Fabrikazio Mekanikoa; Instalazioa eta Mantentzea), ETHAZI metodologia aplikatzeko egokitutako espazioez gain.

2019-2020 ikasturte honetan, 600 ikasle baino gehiago ari dira beren ikasketak egiten Bergarako Miguel Altuna LHIIko geletan eta tailerretan. Hala, bertan ematen diren 8 prestakuntza-ziklo hauetakoren batean matrikulatutako ikasleak dira:

Erdi Mailako Prestakuntza Zikloak

  • Administrazio Kudeaketa
  • Instalazio Elektrikoak eta Automatikoak
  • Mekanizazioa

Goi Mailako Prestakuntza Zikloak

  • Administrazioa eta Finantzak
  • Automatizazioa eta Robotika Industriala
  • Produkzioaren Programazioa Fabrikazio Mekanikoan
  • Diseinua Fabrikazio Mekanikoan
  • Mekatronika Industriala

Metodologia berriak

Lanbide Heziketako ikastetxe integratu honek eskaintzen dituen prestakuntza-ziklo guztiak irakaskuntzako eta ikaskuntzako metodologia berritzaileen bitartez ematen dira. Etekin Handiko Zikloak dira, edo ETHAZI metodologia deritzona. Metodologia horren ardatz nagusia, erronketan oinarrituriko ikaskuntza kolaboratiboa da. Ikasleei, taldean lanean ari direla, egoera problematiko bat planteatzen zaie, haiek erronkatzat hartu behar dutena. Hortik, taldeak aukera izan behar du beharrezko ezagutza sortzeko, emaitza onena lortze aldera. Erronka ebazteko prozesu horretan, ikasleek egiten ari diren zikloari dagozkion konpetentzia teknikoak eta espezifikoak garatzen dituzte, baina baita zeharkako konpetentzia batzuk ere, hauek ere guztiz estrategiko gertatuko zaizkienak etorkizuneko jarduera profesionalerako: autonomia, erabakiak hartzeko gaitasuna, talde-lana, inplikazioa, komunikazioa...

Metodologia hau urtetik urtera Euskadiko Lanbide Heziketako gero eta ikastetxe gehiagotan hedatzen ari da, eta espazioak berriro pentsatzea eta definitzea eskatzen du, beste gai batzuen artean. Horregatik, Miguel Altuna LHIIko eraikin berriko solairu oso batek ikasgela moldagarriak eta lotutako espazioak hartzen ditu elkarren segidan, metodologia hori ezartzeko propio diseinatuak. ETHAZI gelak deitzen zaie.

Bestalde, Miguel Altuna ikastetxean ez da hainbeste pluralean hitz egiten tailerrez (tailer desberdinak zikloen arabera) singularrean baizik: tailer bakar bat, zabala eta irekia. Maila eta ziklo desberdinak egiten ari diren ikasleak espazio berean eta denbora berean beren lanak egiten egon daitezke, eta makina berak erabiltzen –makineria erreala eta eguneratua, euskal enpresetan erabili ohi dena–. Era horretan diziplinartekotasuna sustatu nahi da, ikasleek lan-merkatuan sartzean enpresetan ere aurkituko duten errealitate bat dela kontuan hartuta.

Ikastetxe adimenduna

Bergarako Miguel Altuna LHIIk, gainera, Euskadiko Lanbide Heziketa bultzatzen eta ezartzen ari den ikastetxe adimendunaren kontzeptuari erantzuten dio, digitalizazioari eta gero eta hedatuagoa den smart data kontzeptuari esker (datuen kudeaketarekin eta ustiapenarekin lotua). Euskal Lanbide Heziketak bultzatutako lehenengo ikastetxe adimenduna da eta erreferente bihurtu da baita Europa mailan ere: Europako Batzordeak bermatu egiten du Lanbide Heziketari lotutako ikastetxe adimendunen garapena, eta haietan jartzen du fokua.

Aipatutako tailer digitalizatuan, makina guztiak software zentral batera konektatuta daude eta honek erregistratu egiten du datuen emaria, makina horiek beren jardunean sortzen dutena: makinetako bakoitzak unean-unean egiten duen lan-mota, zenbat denboraz, zein erabiltzaile ari den (ikasle nahiz irakasle)… Horrela, baliabide berri bat du ikastetxeak eskura: datuak, datu-bolumen handi bat.

Jarduera horrek sorrarazten dituen datu guztien ustiapenak eta kudeaketak hainbat prozesu hobetu eta optimizatzeko balio dio ikastetxeari: ikasleen ikaskuntza-prozesua bera, nahiz tailerreko makinen mantentze eraginkorrago bati lotutako gaiak. Era berean, biltegi adimendun baten ezaugarriak betetzen ditu tailer horretako biltegiak ere, eta horrek eraginkortasun handiagoa ematen dio honen kudeaketari.

Hortaz, Miguel Altuna LHIIk ikastetxe-testuinguru batean erreproduzitzen ditu bertako ikasleek "lan-merkatuan sartzen direnean" enpresetan edo lantegietan aurkituko dituzten instalazioak, ekipamenduak eta digitalizazio-prozesuak. Ildo beretik, Administrazioa eta Kudeaketa lanbide-familiako zikloak egiten ari diren ikasleak ere “Enpresa simulatua” izeneko ikasgela batean prestatzen dira. Espazio horrek, izenak dioen bezala, simulatu eta erreproduzitu egiten ditu edozein enpresatako administrazioak dituen sail guztiak: kontabilitatea, harrera, erosketak/salmentak, giza baliabideak… Hala, ikasleek espazio horietako bakoitzean garatzen dituzte dagozkien zereginak eta funtzioak.

Helburua hauxe da: ikasleei ahalik eta prestakuntzarik onena ematea, lan-errealitatearen antzeko testuinguru batean, era horretan enpresen premiei erantzuteko gai izan daitezen, eta baita, kasu askotan, haiei ezagutza eta berrikuntza emateko ere, bereziki ETEei (Enpresa Txiki eta Ertainei) eta mikro-ETEei.