Lehendakariak ID Arte bisitatu du, Arte eta Goi mailako Diseinu Eskola

2019-10-14

  • ID Arte da Euskadin Goi mailako Diseinu Ikasketa Artistikoak eskaintzen dituen zentro publiko bakarra

  • Arte eta Goi mailako Diseinu Eskolak bost titulazio eskaintzen ditu; 343 ikasle ari dira aurten ikasketa horietan

Iñigo Urkullu Lehendakariak, Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuarekin batera ID Arte– Arte eta Goi mailako Diseinu Eskolaren egoitzara bisita egin du gaur goizean, Gasteizko Betoñun daukan kokaleku berrian, Araubide Bereziko Irakaskuntzetako ikasturte hasieraren karietara. Izan ere, ikastetxe honen hezkuntza-eskaintza irakaskuntza horietan kokatzen baita.

Era berean, bisitan parte hartzaile izan dira: Gorka Urtaran Gasteizko alkatea; Jon Urresti, Vital Fundazioko presidentea; Maite Alonso Hezkuntza sailburuordea; Olatz Garamendi Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordea; bai eta ikastetxeko zuzendaritza taldea, irakasle eta ikasleak ere.

ID Arteeskolak 2019-2020 ikasturtea Betoñuko egoitzan hasi du –lehen komentu izana, estilo neogotikokoa-, bi hamarkadatik goragoko ibilbidea Gasteizko Zaramaga auzoko egoitzan egin ondoren. Baina ez da hau eskola honek daukan berritasun bakarra, izan ere ikasturte honetan ikasketa berriak eskaintzen hasi baitira: Animazioko Goi mailako Heziketa Ziklo berria. Ikasturte honetan, 343 ikasle ari dira orotara Arte eta Goi mailako Eskolak eskaintzen dituen bost titulazioetako bat ikasten. Horien guztien prestakuntzaz 46 irakasle espezializatu arduratzen dira.

Instalazioetan barrena bisita egin du Iñigo Urkullu Lehendakariak, eta era horretan bertatik bertara ezagutu ahal izan ditu eskola honen proiektua nahiz jarduera. Bisitaren ondoren, Lehendakariak nabarmendu du etorkizun handiko sektore batean, Kultura eta Sormen Industrien sektorean, ID Arte eskolak eskaintzen duen prestakuntzaren kalitatea. “ID Artek buru sortzaileen laborategi gisa definitzen du bere burua. Mundu ireki eta interkonektatu honetan diseinuaren, irudiaren eta sormenaren abangoardian dauden profesionalak prestatzen dituen eskola da. Zalantzarik gabe, etorkizuneko sektore bat da hau bai Euskadin, bai sarean konektatuta dagoen mundu honetan. Azken urteetan Europan gero eta gehiago hitz egiten ari gara Kultura eta Sormen Industrien inguruan.Aukeraz eta etorkizunez betetako arlo gisa identifikatu da. Uste dugu Euskadik aitzindari izan behar duela sektore honetan. Diseinua etorkizunerako aukera handiak dituen industria bateko zati da. Europako Batasunarekin bat egiten dugu arlo hau espezializazio adimentsuan estrategikotzat hartzean, eta industria honetan posizionatzeko lanean ari gara”.

ID arte, Arte eta Goi mailako Diseinu Eskola

Arte eta Goi mailako Diseinu Eskolak, ID Artek, Arte Plastiko eta Diseinu arloko ikasketak eskaintzen ditu. Egun bost titulazio ditu bere ikasketa-eskaintzan, bai Goi mailako Heziketa Zikloak (bi urteko iraupena dutenak), eta bai Diseinuko Goi Mailako Ikasketak (lau urtekoak).

ID Arteren ikasketa-eskaintza:

-Goi Mailako Heziketa Zikloak (2 urtekoak)

  • Argazkigintza
  • Ilustrazioa
  • Animazioa (berria)

-Diseinuko Goi Mailako Ikasketak, 4 urtekoak 

  • Diseinu Grafikoa
  • Barne Diseinua

Azken bi ikasketa hauen titulazioak (Diseinu Grafikoa eta Barne Diseinua) unibertsitate graduen parekide dira. Gainera, ID Arte da Euskadin Goi mailako Diseinu Ikasketa Artistikoak egiteko aukera eskaintzen duen zentro publiko bakarra.

ID Arte eskolaren hezkuntza-eskaintzaren inguruko informazio guztia, eta ikasketa horietarako sarbidearen inguruko xehetasunak, ikus eskolaren webgunean.