Lehendakariak "ahalegin gehigarria" egiteko eskatu du, hazkuntza-aukerak eta kalitate gehiagoko enplegua sortzen jarraitzeko

2019.eko urriak 16

  • Iñigo Urkullu lehiakortasunean hobetzearen alde agertu da, garapen-eredu inklusibo eta solidario orekatuaren bidez

Iñigo Urkullu Lehendakariak Gaitasunez Harantzago Euskadiko Lehiakortasunari buruzko Konferentzia inauguratu du. Bertan, eraldaketa demografiko-sozialaren, ekologiko-energetikoaren eta teknologiko-digitalaren aurrean eta haren zeharkako eraginaren aurrean, Unibertsitatearen, Lanbide Heziketaren, Enpresaren, Zientzia eta Teknologia Sarearen eta euskal erakundeen lana bateratzeko eskatu du, prestakuntza egokitzeko eta giza garapenean, talentuan eta hazkuntza jasangarrian inbertitzeko eta, horrela, hazkuntzarako eta kalitate handiagoko enplegurako aukerak sortzen jarraitu ahal izateko.“Geuri dagokigu ahalegin gehigarria egitea eta elkarrekin egitea”, esan du.

Ekitaldia ORKESTRA Lehiakortasunerako Euskal Institutuak antolatu du eta, hartan, Lehendakariak aitortu du Orkestraren “Lehiakortasun Txostena” erreferentzia bilakatu dela Eusko Jaurlaritzarentzat. Gainera esan du lehiakortasunaren erronkak eta gizarte-oreka Euskadin garatzen den politikan daudela presente. Adibide gisa, honako hauek aipatu ditu: kontu publikoen kaudimenaren bermea; 2030eko Agendak eta garapen jasangarrirako helburuek ezartzen duten etorkizuneko aukerarekiko estrategia partekatua, eta gazteriaren prestakuntza hobetzen jarraitzeko estrategia.

Konferentzian, “2019ko Lehiakortasun Txostena” aurkeztu da; hark Euskadiko lehiakortasunaren azterlana jaso du, eta arreta berezia eskaintzen die Euskadik etorkizunerako dituen erronkei. Orkestrak prestatu duen diagnostikoak erakusten du Euskadi lehiakortasun sozioekonomikoko eredu orekatuan egiten ari dela aurrera eta, hartan, portaera ekonomikoaren adierazleak eta portaera sozialarenak bilakaera positiboa izaten ari direla.Hori horrela, Lehendakaria lehiakortasunean hobetzearen alde agertu da, garapen-eredu inklusibo eta solidario orekatuaren bidez.“Elkarrekin urrunago iritsi ahal izateko giza garapen jasangarriaren eredua. Lehiakortasuna herritar guztien ongizatera bideratzen duen eredua”, esan du.

Hala ere, 2019ko Lehiakortasun Txostenak etorkizun hurbilenean biziago heltzeko moduko lehentasunen artean kokatzen ditu zenbait erronka.Besteak beste, enpleguarekin eta merkatuaren beharretara egokitutako lanbide-gaitasunen garapenarekin zerikusia duten alderdiak.

Zeharkako gaitasunak direla eta, Lehendakariak, besteak beste, diagnostikorako gaitasuna, denboraren kudeaketa, komunikazioa edo talde-lana nabarmendu ditu. Hori horrela, Iñigo Urkulluk esan du zeharkako gaitasunetako prestakuntzak Prestakuntza Dualaren, “Unibertsitatea + Enpresa” Estrategiaren edo Global Training Beken lan-ildoekin bat egiten duela, profesionalak bizi dugun errealitate global berriaren aurrean prestatzeko.“Prestakuntza mundu irekiagora eta lehiakorragora egokitzeaz ari gara”, esan du.

Baina Urkullu Lehendakariak esan du ez dela nahikoa prestakuntza-eskaintzan jardutea; bere iritziz, eskarian ere esku hartu behar da. Horretarako, etorkizuneko enpleguan eragina izango duten joera handiak aztertu behar dira, besteak beste: eraldaketa digitala, klima-aldaketa edo biztanleriaren zahartzea.

Ekitaldia CRAI Deustuko Unibertsitateko Liburutegian izan da, Bilbon, eta, bertan, Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramailea eta Gobernantza Publikoko eta Autogobernuko sailburua, Pedro Azpiazu Ogasun eta Ekonomiako sailburua eta Mª Jesús San José Lan eta Justiziako sailburua ere izan dira.