Lehendakaria "Sociedad Bilbaina"ren 180. urteurrena ospatzeko antolatu den ekitaldiko buru izan da

2019.eko urriak 18

Iñigo Urkullu Lehendakaria “Sociedad  Bilbaina”ren180. urteurrena ospatzeko antolatu den ekitaldiko buru izan da, Antón Pérez-Iriondo Sociedad Bilbainako presidentearekin, Juan Goiria erakunde bereko presidenteordearekin eta zuzendaritza-batzordeko gainerako kideekin batera.

Ospakizun-ekitaldian, Lehendakariak Liburutegia bisitatu du; bertan, 45.000 bolumen daude eta, haien artean, euskal liburuaren hautaketa nabarmendu behar da, 5.000 bolumenetik gorakoa.Iñigo Urkulluk gogorarazi du Sociedad Bilbaina “irakurtzeko eta aisiarako” leku gisa sortu zela, eta Bilbo hiribilduko ikonoetako bat bilakatu dela, itsasadarraren ondoko eraldaketaren lekuko aktibo.“Mota guztietako gorabeherak bizi izan dituzue, baina, zalantzarik gabe, “irakurketa eta aisia, elkartasuna eta eraldaketa” 180 urte hauetan izan dituzuen ideiak izan dira”, esan du.

Lehendakariak, bestalde, Brexita aipatu du, eta esan du Brexita ez dela albiste ona, baina irteteko akordioa positiboa izango litzatekela.Lehendakariaren hitzen arabera, akordioak, baieztatuko balitz, elkarrizketaren eta negoziazioaren balioa berresteko balioko luke irtenbide politikoak hitzartzeko orduan.“Bide bakarra da”, esan du.Hori horrela, Urkullu Lehendakariak adierazi du Eusko Jaurlaritzak konpromisoa duela Erresuma Batua Europar Batasunetik irtetearen eraginpean egongo diren enpresa, familia eta profesionalekin.“Akordioaren bidezko irteerak aukera emango digu euskal interesak baldintza hobeetan bultzatu eta defendatzeko”, esan du.

Bilboko Koral Elkarteak eta Sociedad Bilbainako Abesbatzak zenbait pieza eskaini dituzte, aurkezpen-ekitaldian.

Ekitaldian, honako agintari hauek izan dira, besteak beste: Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko lehendakaria, Jesús Loza Gobernuko ordezkaria, Unai Rementeria Bizkaiko Ahaldun Nagusia, Ana Otadui Bizkaiko Batzar Nagusietako lehendakaria eta Juan Mª Aburto Bilboko alkatea.  Bilboko Koral Elkarteak eta Sociedad Bilbainako Abesbatzak zenbait pieza eskaini dituzte, aurkezpen-ekitaldian.

SOCIEDAD BILBAINAREN HISTORIA

Sociedad Bilbaina, izenak berak erakusten duenez, beti egon izan da Bilbori lotuta.Horrela, hiribilduaren ondoan, Bilbainak lehen, bigarren eta hirugarren karlistaldiak eta gerra zibila bizi izan ditu.Erakundearen historia 1833an hasi zen, bilbotar-talde batek –ez da taldearen izena ezagutzen– Europako beste herrialde batzuetan sortzen ari ziren estilo bereko klub sozialen antzekoa sortzea erabaki zuenean.Ekimena itxura hartzen joan zen eta, 1839ko maiatzean, lehen zuzendaritza-batzordea izendatu eta lehen batzar nagusia egin zen.Urte bereko urriaren 15ean –egun hori ezarri zen erakundearen jaiotza-data bezala–, arauak ezarriko zituen araubidea onetsi zen, eta, lokal sozial gisa, Bilboko Plaza Berriko 5. zenbakiko etxeko lehen solairua aukeratu zen; bertan izan ziren bazkideak 75 urtez.