Lehendakaria Kanpo Harremanetarako Aholku Batzordearen bileraren buru izan da

2019.eko azaroak 20

Iñigo Urkullu Lehendakaria Kanpo Harremanetarako Aholku Batzordearen bileraren buru izan da gaur arratsaldean. Bertan, Aholku Batzorde horretan lanean jarraitzearen garrantzia azpimarratu du, "Gure Kanpo Ekintzako politiketarako eta Euskadi nazioartekotzeko gida eta itsasargia", adierazi du.

Lehendakariak Nazioartekotze Estrategiaren zutabeetako batzuk nabarmendu ditu; besteak beste, "Euskadi Basque Country" marka garatzea, sektore-interesak bultzatzea, 2030 Agendarekiko konpromisoa, Europako proiektuari laguntzea, Euskal Gizataldeen Mundu Biltzarra, eta talentua eta ezagutza erakartzea nazioarteko harremanetan.

Nahiz eta aurtengo testuinguru aldakorra izan, non Europako Hauteskundeak egin diren eta Batzorde berria martxan jarri den, Brexit "betierekoa" ez den amaitu; Estatu Batuen eta Txinaren arteko gerra komertzial eta digitala areagotu den, eta Latinoamerikako hainbat herrialdetan krisi ekonomiko eta sozial larria dagoen, Lehendakariak azpimarratu du Eusko Jaurlaritzak nazioartekotzeko esparru-estrategia hedatzen jarraitu duela.

Kanpo Harremanetarako Aholku Batzordea joan zen urteko uztailean osatu zen, gizarte zibilak parte hartzeko eztabaida gune ireki modura, Euskadin nazioartekotzeari buruzko eztabaida eta aholkularitza bultzatzeko asmoz.

Batzordea Euskadiko eragileek osatzen dute gehien bat, eta batzordekideak askotariko profiletakoak dira eta nazioarteko esparruaren ezagutza zabala dute; besteak beste, soziala, akademikoa, kulturala, teknologikoa eta enpresa-arlokoa.