Lehendakaria: "Gure autogobernu aitortuaren defentsak irmotasuna, sormena, tinkotasuna eta pertseberantzia behar ditu. Baita batasuna ere"

2019.eko urriak 21

Iñigo Urkullu Lehendakaria Gernikako Estatutuaren 40. urteurrena ospatzeko “40Taupada, herri bat”dokumentalaren aurkezpen-ekitaldian izan da; hartan, autogobernuaren taupadei Gernikako Estatutuak bete gabe jarraitzen duelako eusten zaiela esan du.Hori horrela, autogobernu aitortua defendatzeko irmotasuna, sormena, tinkotasuna eta pertseberantzia behar direla nabarmendu du,“Autogobernu aitortua, berezia eta mailaz mailakoa da sinetsi dezakegunaren oinarri irmoa”, esan du.

Euskal Irrati Telebista, alegia komunikabide publikoen etxea, Gernikako Estatutuarekin batera jaio zen, duela 40 urte. Egoitza horren aurrekaria Venezuelako Radio Euskadi da; duela 70 urte, Francoren diktaduran, gazte boluntarioen talde batek Venezuelako oihanetik igortzen zuen, Euskadiren ahotsa berton entzuteko. Gaur egun, Radio Euskadik eta EiTBk egoitza digital honetatik igortzen dute, mundu guztiarentzat. Prozesu hori, Lehendakariaren hitzen arabera, Euskadiren pixkanakako erakundetzearen adibidea da. "Autogobernuak gure herriaren garapenari eta aitorpenari eginiko ekarpenaren kapitulu bat”, esan du. Hori horrela, Iñigo Urkulluk nabarmendu du autogobernua Euskadi gizarte-, kultura- eta nazio-mailan pixkanaka-pixkanaka eraiki ahal izateko aukera ematen ari dela.“Ikusi dugun ‘40 taupada, herri bat’ dokumentalak bilakaera hori sentiarazten digu”, esan du.

Lehendakariak bere gain hartu du Euskadi Basque Countryk gizarte-, kultura- eta nazio-eraikuntzarekin duen konpromisoa, eta herrialdearen irrika aldarrikatu du, taupadak egiten jarraitzeko, “aurrera egiteko nahia, hazten jarraitzeko ilusioa” izateko.Urkullu Lehendakariaren iritziz, kontua gogoak bateratzen jarraitzea da, aurrera egiteko eta jauzi kualitatiboa emateko.

Ekitaldian, dokumentalaren bertsio laburtua emateaz gainera, solasaldi bat ere izan da, Estatutuaren 40 urteek ekarri dutenari buruzkoa.Gainera, KUKAI dantza-taldearen ikuskizuna ere izan da.

EiTBk Bilbon duen egoitzan izan da ekitaldia eta, hartan, honako sailburu hauek ere izan dira: Josu Erkoreka, Pedro Azpiazu, Cristina Uriarte, Nekane Murga, Bingen Zupiria, Estefanía Beltrán de Heredia eta Mª Jesús San José.