Euroeskualdeak bere organo nagusiak berritu ditu Nafarroako Gobernu berria barnean sartzeko

2019.eko azaroak 04

  • Chivite Lehendakaria mugaz haraindiko erakundearen lehendakaria izango da datorren urtera bitarte

Iñigo Urkullu lehendakaria Akitania-Euskadi-Nafarroa euroeskualdea Nafarroako Gobernuak Iruñean duen jauregian egin den Ezohiko Batzarrean izan da, zuzendaritza-organoak berritzeko, Nafarroako Gobernuko kide berriak sartzeko. Bileran izan dira Maria Chivite Nafarroako presidentea, 2020ko ekainera arte mugaz gaindiko organoko presidentea izango dena, eta Alain Rousset Akitania Berriko presidentea, bakoitza bere ordezkaritzaren buru. Lehendakariak ondoan izan ditu Ekonomiaren Garapen eta Azpiegituretako sailburu Arantxa Tapia eta Hezkuntzako sailburu Cristina Uriarte.

Bileran, Batzarreko kideek Euroeskualdearen irudi grafiko berria eta web gune berritua ezagutu dituzte. Halaber, POCTEFA laguntzetan hautatuak izan diren hiru proiekturen ezaugarri nagusiak aurkeztu dituzte; 3,4 milioi euro jasoko dituzte FEDER (Europako Garapen Funtsak) funtsetatik.

Batzarraren ostean, Maria Chivite Nafarroako presidenteak, Iñigo Urkullu lehendakariak eta Alain Rousset Akitania Berriko presidenteak agerraldi bateratua egin dute.

Lehendakariak Euroeskualdearen 2020rako Plan Estrategikoa nabarmendu du, parte hartzeko eta lankidetzan aritzeko eragile gisa, gure erkidego osoaren onurarako proiektu eraginkorrak lotzeko eta partekatzeko. Halaber, Lehendakariak azpimarratu du Euroeskualdearen Biltzar honek garrantzi berezia duela, Europar Batasunak legegintzaldi berri bat hasiko duelako, eta, ziurrenik, Brexit osteko etapa izango delako. "Egoera honetan, gure helburu partekatua lankidetza indartzea eta Euroeskualdearen aldeko apustua egitea da, Arku Atlantikoaren zentralitate handiagoa ahalbidetzeko Europaren etorkizuneko ikuspegian", adierazi du.

Nafarroako ordezkari berriak

Zehazki, lehendakaritza izateaz gain, Nafarroak sei pertsona ditu erakundearen Batzarrean: Chivite Lehendakaria bera, Bernardo Ciriza (Lurralde Kohesioa), Manu Ayerdi (Garapen Ekonomikoa eta Enpresariala), Ana Ollo (Herritarrekiko Harremanak), Juan Cruz Cigudosa (Unibertsitatea, Berrikuntza eta Eraldaketa Digitala) kontseilariak eta Kanpo Ekintzako zuzendari nagusia, Mikel Irujo.

Gainera, Mikel Irujo, eta Enpresa Politikaren, Nazioarteko Proiekzioaren eta Lanaren zuzendari nagusia, Izaskun Goñi, Batzorde Exekutiboan eta Lizitazioen Batzordean egongo dira.

Bestalde, Akitania Berriko eta Euskal Autonomia Erkidegoko ordezkariak ez dira aldatu.

Irudi berria

Halaber, gaurko bileran identitate grafiko berria aurkeztu dute; hain zuzen ere, elkartutako "E" batek osatzen du logotipoa, arkuen antzera, eta Euroeskualdearen izena hiru hizkuntzatan ageri da (gaztelera, euskara eta frantsesa). Dena tonu beltz eta berdearekin egin da. Logotipoaren bidez adierazi nahi da erakundeak zubiak eraikitzen dituela eta itun irekia eskaintzen diela eskualdea osatzen duten hiru lurraldetako herritarren arteko hurbiltasuna indartzen duten proiektu guztiei.

Horrez gain, web berria ezagutzera eman dute. Abenduan jarriko da abian, informaziotik elkarreragitera pasatzeko helburu nagusiarekin. Erreminta operatiboa eskaini nahi da, existitzen diren gailu guztietara sartzeko aukerarekin, herritarrentzat oro har nahiz proiektuen lider eta bazkideentzat. Bertan, Euroeskualdeak eskaintzen dituen baliabide ezberdinak aurkitu eta kudeatu ahal izango dira.

POCTEFA programan hiru proiektu hautatu dira

Azkenik, Batzarrean zehar, POCTEFA programan (Espania-Frantzia-Andorra mugako lurraldearen garapen iraunkorrerako lankidetzarako programa) hautatutako Euroeskualdeko hiru proiekturen berri eman dute. Ekimenen aurrekontua 5,6 milioi eurokoa da, eta 3,4 milioi euroko laguntzak jasoko dituzte Feder funtsetatik.

Tamaina ekonomiko handienekoa “Transfermuga-rrekin” da, mugaz haraindiko garraio-eskaintza hobetzeko dena, pertsonen joan-etorriak eta mugikortasuna errazte aldera. Horretarako, 3.757.203 euro izango ditu.

Bigarren proiektua “Compet+” da, 862.895 euroko aurrekontua duena. Horren helburua da enpresa txiki eta ertainen enpresa-lehiakortasuna eta berrikuntza bultzatzea, mugaz haraindiko fluxuak eta jarduerak identifikatuaz. Azkenik “Forma Naen” proiektuaren xedea da mugaz haraindiko enplegua gehitzea prestakuntza espezifikoa eskainita, eta horrek 746.875 euroko aurrekontua du.

100.000 Km2-ko eta 9 milioi biztanleko elkartea

Egungo AECT (Lurralde Lankidetzarako Europako Elkartea), Akitania Berria-Euskadi-Nafarroa Euroeskualdea, 2017. urtean sortu zen, Nafarroa sartu ondoren. Urte bat lehenago, 2016an, Frantziako Limousin eta Poitou-Charentes eskualdeak sartu ziren Akitania Berriaren egituran. Hiru eskualdeen arteko lehen harremanak, aldiz, 1992koak dira.

2018.urteaz geroztik, Nafarroak betetzen du elkartearen lehendakaritza, eta postu horretan jarraituko du 2020ra arte. Orduan lekukoa Euskadik hartuko du.

Erakundeak 101.000 km2 karratuko hedadura du eta 8,7 milioi pertsonako biztanleria; hau da, Europako biztanleriaren %1,74 hartzen du. 2018ko datuen arabera, 3,95 milioi enplegatu ditu, 1,78 milioi ikasle, %10,5eko langabezia-tasa eta biztanle bakoitzeko 28.400 euroko BPGd, hots, EBeko batez besteko BPGd-a ia.

Euroeskualdea aukera-eremua da osatzen duten eskualdeentzat; izan ere, espezializazio adimentsuaren arloan bakoitzak dituen estrategietan, honako hauek bezalako lehentasunezko sektoreak partekatzen dituzte: osasuna, energia, nekazaritzako elikadura eta sormen-industriak nahiz turismoa, industria aurreratua edo 4.0 industria bezalako gaietan elkarrekin lan egiteko interesa eta enpresen lehiakortasuna, besteak beste.