Lehen Hezkuntza-harrerako Programari diru-laguntza zuzena (Gobernu Bilera 2019-12-17)

fotoconsejo.jpg

2019.eko abenduak 16

Gobernu Kontseiluak, Hezkuntza sailburuaren proposamenez, gaurko bileran onartu du Bilboko Diego Berguinces-Otxarkoaga Prestakuntza Ikastegiari 423.000 euroko diru-laguntza zuzena ematea, ikastetxe honek abian duen Lehen Hezkuntza-Harrerako Programa finantzatzeko. Aipaturiko programa hau lagunduta ez dauden adin txikiko ikasle etorkinei zuzendua da.

Diru-laguntza honen onuradun den Diego Berguinces-Otxarkoaga ikastetxea 2009-2010 ikasturtean hasi zen lagunduta ez dauden adin txikiko ikasle etorkinei (MENA izenez ezagutzen direnei) arreta ematen, Eskolatze Osagarriko Programaren bidez. Ikasle hauen profilak euren premietara hobeto egokitzen den hezkuntza-erantzuna eskatzen duenez, 2015-2016 ikasturtean ikastetxeak Lehen Hezkuntza-Harrerako Programa jarri zuen abian, berariaz ikasle hauei zuzendua.

Programa honen helburuak hainbat lan-ildotan banatzen dira. Ildo horietatik sortzen den programak lotura du, batetik, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzarekin, trebetasun instrumentaletako konpetentziari dagokionez; bestetik, Lanbide Heziketatik ere hurbil dago, trebetasun profesionaletako hastapenari begira, baina baita Eskolatze Osagarriko Programekin ere, garapen pertsonalari dagokionez. Azkenik, hizkuntza indartzeko ikasgelarekin ere uztartuta dago, honako hau ere bada-eta eremu guztiak batzen dituen helburua.