Laura Mendizabal, Pedro Luis Uriarte, Javier Roquero eta María Ángeles Amenabar dira 2019ko Korta saridunak

4_Korta_Sariak_2019.jpg

2019.eko azaroak 04

  • Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburua da epaimahaiko buru, eta Confebask, ADEGI, CEBEK eta SEA enpresa-elkarteetako eta Joxe Mari Kortaren Bidetik fundazioko ordezkariek ere parte hartzen dute. Epaimahaiak saritutako lau pertsonen bizitza- eta enpresa-ibilbide garrantzitsua nabarmendu du
  • Iñigo Urkullu Lehendakariak banatuko ditu sariak azaroaren 19an, Gasteizko Lehendakaritzan egingo den ekitaldian
  • Joxe Mari Korta sariak 2000. urtean hasi ziren banatzen, -enpresaburu gipuzkoarra eta orduko ADEGIko presidentea zena erail ondoren-, bizitza profesional luzea eta enpresa-hobekuntzaren alde egiten dutenen lana jendaurrean aitortzeko

Confebask, ADEGI, CEBEK eta SEA enpresa-elkarteetako eta Joxe Mari Kortaren Bidetik fundazioko ordezkariek eratzen duten eta Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburua  buru duen epaimahaiak  2019ko Korta sariak honako pertsona hauei ematea erabaki du: Laura Mendizabal, Pedro Luis Uriarte, Javier Roquero eta María Ángeles Amenabar.

Joxe Mari Korta sariak euskal ekosistema ekonomikoaren buru diren eta beren inbertsio eta lanarekin enplegua eta aberastasuna sortzen duten pertsonen ezaugarriak eta ahalegina jendaurrean aintzatesteko sortu ziren; izan ere, enplegua eta aberastasuna gizartearen onurarako elementuak dira.

Hautagaiak hiru lurralde historikoetako enpresa-elkarteek, merkataritza-erakundeek edo profesionalen elkargoek proposa ditzakete, bai eta Joxe Mari Kortaren Bidetik fundazioak eta Euskadin egoitza duten enpresek ere.

Korta Sariak 2019

Laura Mendizábal Arcauz, SEAk proposatua

Oñatin jaioa, baina 1948az geroztik adopzioz arabarra, Laura Mendizabalek Gasteizko Ursulinas de Jesús ikastetxean ikasi zuen batxilergoa. Ondoren, 20 urte zituela, Ingalaterrako Cambridgeko hirira joan zen ingelesa ikastera, Technical School of Cambridge-n. Bertan urtebete egon zen eta aupair gisa lan egin zuen aldi berean.

1967an kontabilitate-administrazioan prestatua eta hiru hizkuntza (gaztelania, frantsesa eta ingelesa) menderatzen zituela, famili negozioan sartu zen; hornigai industrialetan eta bizikleten eta ziklomotoreen salmentan (orduan goraldian zen sektorea) ziharduen negozio bat.

1969an Fernando Gorbearekin ezkondu zen; garai hartan ekintzailea zen bera erregaien banaketako sektorean. Hurrengo hamar urteetan 4 alaba izan zituzten.

1978an, Fernandok eskatuta, eta negozioak gero eta hedadura handiagoa hartzen ari zirela eta administrazioaren/kontabilitatearen kudeaketa zuzenago baten premia ikusita, Laura lanean hasi zen SANTA ENGRACIA hornitegiaren (1967) eta GAMARRA hornitegiaren (1972) famili negozioetan.

1978az geroztik senar-emazteak erabateko dedikazioz jardun zuten hornitegi berriak garatzen eta sortzen: FORONDA hornitegia (1978), ZURBANO hornitegia (1996) eta GORBEA hornitegia (2011).

Garai hartan, erregaien banaketa sektore zail bat zen beren negozioak askatasunez kudeatu nahi zituzten enpresarientzat, hornigaiak zuen monopolioarengatik. Horretarako, gogor egin zuten lan kudeaketan independentzia mantentzearren, zeina beti izan den posible, gaurdaino, AVIA “Esergui” izeneko elkartea sortu eta kide egin izanari esker. Elkartea gasolina-saltzaile independenteen talde batek sortu zuen, hornitegi libreei hornikuntza ziurtatzeko helburu bakarrarekin; gaur egun kooperatiba edo erosketa-zentral gisa hartuko litzatekeena.

Urteak aurrera joan ahala eta enpresa-ikuspegiari esker, zerbitzuak berritzea eta zabaltzea lortu zen, hornitegietan elikagai-dendak eta garbitegiak gehitzean. Gaur egun, zerbitzu horiek oso hedatuak daude, baina hastapenetan Foronda izan zen garbitegia zuen lehenengo hornitegia Araban.

Bestalde, “erosketa-zentrala” garatu zen funtsezko inbertsio batekin; biltegiratzeko eta autohornikuntzako Zierbanako terminala. Espazio propio bat zen petrolioaren merkatu konplexuan, eta horrela igaro zen enpresarien talde bat izatetik gaur den horretaraino, hau da, “Esergui S.A”: herrialdeko bosgarren petrolio-enpresa, non Laura Mendizábal izan den kontseilari 2016ra arte, eta oraindik bazkide izaten jarraitzen du.

2000ko irailean bat-batean hil zen Fernando Gorbea, enpresa-taldeko funtsezko irudia eta komertziala. Hala, une hartatik aurrera Laura Mendizábalek hartu zuen beregain negozioen erantzukizun guztia eta etorkizuna; berak hartu zuen negozio horien zuzendaritza eta, beraz, egoera zailei egin behar izan zien aurre, gaur egun gaindituta badaude ere.

Bai Laura bai Fernando euskal enpresen munduan eta beren hiriaren garapenean murgilduta hazi ziren; izan ere, babesle eta kolaboratzaile izan dira beste elkarte batzuekin batera: SEA Arabako Enpresak, Deportivo Alavés, Baskonia, Fundación Laboral San Prudencio Fundazioa, Hirukide, besteren artean.

Orain, Laura Mendizábalek 74 urte ditu eta lanean jarraitzen du erne eta tinko, bere enpresak kudeatzen bere alabetako batzuen laguntzarekin, baita bere 7 bilobez gozatzen ere.

 Pedro Luis Uriarte Santamarina, CEBEKek proposatua

Bilbon jaio zen. Ezkonduta dago eta hiru seme-alaba ditu.

Ekonomia Zientzietan lizentziatua (Enpresa Administrazioa eta Zuzendaritza) Deustuko Unibertsitate Komertzialean (orain Deusto Business School) eta Zuzenbide Lizentziatura ere amaituta Deustuko Unibertsitatean.

2002az geroztik Economía, Empresa, Estrategia S.L.ko Presidente Exekutiboa da, berak sortutako aholkularitza estrategikoko enpresakoa, alegia. Kargu horrekin batera, enpresa desberdinetako Kontseilaria eta Aholkularia da, eta lankidetzan aritzen da unibertsitateko eta gizarteko hainbat jardueratan.

Pedro Luis Uriartek esperientzia zabala du lanbidean eman dituen berrogeita hamabi urteren ondoren: sektore industrialean (6 urte), sektore finantzarioan (23 urte), aholkularitza estrategikoan (17 urte), I+G+b arloan (2 urte) eta Administrazio Publikoan (4 urte), lehenengo Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasuneko sailburu gisa (1980-1984); kargu horretatik lagundu zuen oraingo euskal administrazio publikoaren oinarri operatiboak finkatzen.

Gainera, aldi berean, zazpi urtez izan da unibertsitateko irakasle Deusto Business School-en, enpresaren eraldaketarekin lotutako gaietan, eta jarduera ugari garatu ditu lehiarekin eta berrikuntzarekin lotuak.

Horregatik guztiagatik, sakonetik ezagutzen du Espainiako eta nazioarteko ekonomiaren eta enpresaren errealitatea, enpresa desberdinetako Administrazio Kontseiluarekin lehen eta orain izandako loturari esker, eta bere ibilbide profesionala jorratu izan duen eremu handietan egin duen lanari esker, besteren artean hauek nabarmentzekoak:

Bankuaren arloan hamaika urtez jardun ondoren, 1990eko urtarrilean Banco Bilbao Vizcaya – BBVko Zuzendari Nagusi izendatu zuten, baita bertako Administrazio Kontseiluko kide ere. Lau urte geroago, Bankuko kargu exekutibo gorenera promozionatu zuten: Kontseilari Delegatua (CEO). Hiru urte geroago, bere ibilbide joria aintzatetsi zuten Administrazio Kontseiluko Presidenteorde tituluarekin, eta Kontseilari Delegatu zen bitartean bete zuen kargua.

BBV Argentariarekin fusionatu ondoren BBVA sortzeko, lehenengo Kontseilari Delegatu (CEO) izendatu zuten talde finantzario berrian eta, aldi berean,

Administrazio Kontseiluko Presidenteorde; 2001eko abenduan borondatez aurre-erretiroa hartu zuen arte bete zituen kargu horiek.

BBVko eta BBVAko CEO-Kontseilari Delegatu izan zen zazpi urteetan (1994ko irailetik 2001eko abendura arte) bankuaren eraldaketa-programa handi bat garatu zuen, eta erreferentziazko nazioarteko talde finantzario bat bilakatzea lortu zuen.

Lortutako aldaketa ziurtatuta geratu da honela: 2001ean BBVA banku kapitalizatuena zen (kapital eta fondo propioen ratioan) Euroaren Europako banku nagusien artean, eta bigarrena merkatu-balioan, errentagarritasunean (ROE) eta eraginkortasunean.

Bankuaren burtsa-balioa, bertan CEO zela, 4.200 milioi eurotatik, 1994ko irailean, 45.300 milioi eurotara igo zen, 2001eko abenduan, 56.200 milioi euroko gehienezko balioarekin 2000. urtearen azken aldera. Banku-inbertsio onena izan zen maila globalean, bost urtez hurrenez hurren.

Eusko Jaurlaritzarekin koordinazioan, Innobasque-Berrikuntzaren Euskal Agentzia sortu zuen (aurreneko Presidentea izan zen bertan) Euskadi berrikuntzaren Europako erreferente izatea lortzeko helburuz.

Aditua da finantzazio-sistema automatikoetan, eta oso bereziki Euskal Kontzertu Ekonomikoan, eta aintzatespen ugari jaso ditu bere ibilbideagatik.

Javier Roquero Ussia, ADEGIk proposatua

(Donostia, 1960), SALTO taldeko sortzailekide eta Zuzendari Nagusia, Ekonomia eta Enpresa Zientzietan Lizentziatua da Deustuko Unibertsitatean eta Europar Ikasketetan Diplomatua Amsterdameko Unibertsitatean. SALTO sortu arte bere ibilbide profesionalarekin batera aritu zen irakaskuntza-jardueretan, gai hauekin lotuta: Marketina, Plangintza Estrategikoa eta Salmenta Zuzendaritza, Deustuko Unibertsitatean, Gipuzkoako Merkataritza Bazkundean eta Gipuzkoako Marketin Klubean.

Javierrek kontsumo-enpresetan hasi zuen bere ibilbide profesionala (Bodegas y Bebidas, orain Pernod Ricard) baita enpresa industrialetan ere (GUASCOR, TESA). Baina 2000. urtean lankide talde batekin batera zegozkien lanpostuak uztea eta enpresa berri bat sortzea erabaki zuten. Garai hartan salto estrategiko nabarmena izan zen une hartako teknologiari zegokionez; izan ere, hortik hartu zuten SALTO izena.

SALTOren ekarpen nagusia izan da sarraila elektroniko adimendun bat garatzea (Smart lock) munduko edozein tokitan edozein motako atetan instalatu daitekeena.

8 pertsonak hasitako ibilbidea izan zen hura, Irunen utzi zieten pisu batean, non gela bakoitzean enpresa sortu berriaren eremu bat lantzen zen: I+G, Fabrikazioa, Finantzak, Marketina & Salmentak eta abar. 2001eko irailean, enpresa 16 pertsonak osatzen zuten jada eta 2006an 60 pertsona izatera iritsi ziren. Hala, oraingo Oiartzungo plantara lekualdatu ziren, eta harrezkero etengabe hazi da. Gaur egun, 19 urte geroago, 640 pertsonak osatutako enpresa-talde bat da SALTO; 160 milioi euro fakturatu eta bere salmenta-zifraren % 96 esportatzen du, ondoko hauek osatutako talde baten bitartez: 20 filial propio, 4 sukurtsal, 2 Joint Ventures eta gutxiengo partaidetza batzuk enpresa irmotuetan eta startup-etan.

SALTO enpresaren kapitala Espainiakoa da % 100ean, eta laugarren postua du mundu-mailan sarraila elektronikoen merkatuan, multinazional handien merkatu global batean lehian. Datu gisa, SALTO laugarrena da munduko top 10ean; gainerako bederatziak beroiek edo beren matrizeek dagozkien herrialdeetan burtsan kotizatzen duten enpresak dira.

SALTOk leial izaten jarraitzen du hasieratik hartu zuten kudeaketa industrial eta komertzialaren ereduarekin, hau da, batetik, fabrikazio guztia Gipuzkoako plantan zentralizatzea eta, bestetik, kudeaketa tokiko filialetara deszentralizatzea, 2000. urtean sortu zen unean ohikoa zen ereduaren justu kontrakoa beharbada, non araua baitzen kudeaketa zentralizatzea eta lan-kostu txikiagoko herrialdetarantz lekualdatzea fabrikazioa.

Hasieratik, SALTOk aktiboki babestu du ENPRESA-KULTURA BERRIA (EKB) ekimena, ADEGIk sustatua. Enpresaren kudeaketa-filosofia honek defendatzen dituen balioek eta orientazioak zuzenean konektatzen dute SALTOko akziodunek eta zuzendariek partekatzen dituzten balioekin.

Enpresako produktuak mundu guztian daude instalatuta, SALTO markaren pean betiere. Beren sarraila elektronikoek hainbat eraikin enblematikotako sarbideak kontrolatzen dituzte, besteak beste: Frantziako Parlamentua, Grenobleko CERN, Princetoneko Unibertsitatea AEBtan, HILTON hotelen katea eta REGUSen coworking zentro modernoak, non urteak dituen egun guztietan inauguratzen den zentro berri bat munduko edozein tokitan, SALTOren produktuekin.

Sendoak dira oinarriak: filial propioen azpiegitura bat, globo osoa hartzen duena; partner ziurtatuen eta fase berrirako prestatuen sare bat, eta osorik merkaturatzeko dagoeneko prest dagoen produktu-plataforma bat.  

María Ángeles Amenabar Errasti, Korta Fundazioak proposatua

1946an Azpeitian jaioa, María Ángeles gerente izan da Zubiola S. Koop.-en 1989tik 2007ra.

Zubiola 1966an eratu zen zuraren mekanizaziorako makineria eta erremintak fabrikatzeko helburuz. Sozietate kooperatibo gisa eratu zen juridikoki eta sortu zenetik Azpeitian dago kokatua.

ZUBIOLAko hasierako negozioak bi jarduera hartu zituen bere baitan:

  • Zurarentzako makineria.
  • Zura mozteko erremintak.

1985ean ZUBIOLAk zura lantzeko mozketa-erremintak soilik fabrikatzea erabaki zuen eta ondorioz beste kooperatiba bati saldu zion Makineria Dibisioa.

1990ean, Maria Ángeles buru zela, sakonetik berritu zen ZUBIOLAko Zuzendaritza, enpresa-proiektu berri baten buru zela antolamendu guztia eztabaidatu zenean. Proiektuaren garapena, Ikerlan zentro teknologikoarekin lankidetzan burutua, I+Gko lan handia bat izan zen eta emaitzek aurrerapauso nabarmenak ekarri zituzten bere produktuen eta prozesuen hobekuntzan.

1994an kalitate-sistema ezartzeari ere ekin zitzaion eta horren emaitzaz ziurtagiria eman zion AENORek 1996an.

2006an Kudeaketa Bikainaren Urrezko Q-a lortu zuen de, Europako EFQM ereduarekin bat etorriz.

Harrezkero, konpromisoz egiten dute lan pertsonetan oinarritutako proiektu batean, non etengabeko hobekuntza-prozesuak eta talde-lana funtsezkotzat hartzen diren bai langile bazkideen garapen profesionalerako bai enpresaren arrakastarako.

Hasieratik, ZUBIOLA lotuta egon da Mondragon kooperatiba-mugimenduari. Ondokoen bazkide da: Laboral Kutxa; Gizarte Aurreikuspeneko Mutualitatea (Lagun Aro BGAE); Ikerlan zentro teknologikoa eta Prebentzio Zerbitzu Mankomunatua (Lagunaro-Mondragon).

Bestalde, eta 1993an eratu zenetik, elkartuta egon da Mondragon Korporazio Kooperatibora (MCC) 2003an kide izateari utzi zion arte.

Kooperatibak 3.500 m2-ko planta industrial bat du eta zazpi Talde Teknologikotan (TTak) oinarrituta dago antolatua; produkzio-prozesu jakinetan espezializatzera bideratutako taldeak dira.

Euskalit-eko ebaluatzaileen Klubleko kidea.

Erabili-ren kolaboratzailea. Eus (Azpeitiko Euskara Patronatua)

Lagun Aro BGAEko Kontseilu Errektoreko kidea 2000. 2003.

Erretiratua baino aktibo, María Angelesek kontu bat du Secot Gipuzkoan; irabazi asmorik gabeko elkarte bat da, apolitikoa, independentea eta ez konfesionala. Bertako boluntarioak Seniorrak dira, profesionalak, zuzendariak eta enpresariak, beren lan-jarduera amaituta, edo aktibo jarraitzen dutenez, altruismoz beren esperientzia eta ezagutzak eskaini nahi dituztenak kudeaketa enpresarialean edo akademikoan, behar dutenentzat.

Helduak Adi-ko kidea, erretiratuta dauden adinekoek bildutako esperientzien eta gauzak egiteko gogoaren potentzialaz baliatzea xedetzat hartuta. Hainbeste jende baliagarri, denbora, baliabideak eta gaitasunak dituena. Esperientzia horien balioa nabarmendu nahi dugu, haiek sistematizatu eta taldeen eta esperientzien arteko ikaskuntza gurutzatua bultzatu.