Lanbide-Heziketako V. Euskal Plana onartu da (Gobernu Bilera 2019-02-12)

2019.eko otsailak 12

Gobernu Kontseiluak, Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak eskatuta, Lanbide Heziketako V. Euskal Plana onetsi du.

Lanbide Heziketako V. Euskal Planak, Eusko Jaurlaritzaren ekintza estrategikoetan jaso denak, Lanbide Heziketako ikasleen prestakuntza sustatzea du helburu eta, horretarako, laugarren industria-iraultzak eskaintzen dituen aukeretara eta dituen eskakizunetara egokitzea. Iraultza horretan behar den bilakaera ez da izango dagoeneko badena hobetzea, baizik eta izango denera iristeko aurrera egitea. V. Euskal Plana hausnarketa horretara zuzentzen da, bereziki.

Zenbait arlok, industriak, zerbitzuek, nekazaritzak edo osasunak, besteak beste, datozen urteotan aldaketa sakona izango dute, bai prestakuntzaren aldetik, bai lanbide-aplikazioaren aldetik. 4.0 inguruneetara aurrera egitea, digitalizazioa eta konektibitatea, sistema adimendunak eta adimen artifiziala direla-eta, Eusko Jaurlaritzak Lanbide Heziketa eraldatu beharko du.

Adimena, jasangarritasuna, osotasuna eta elkartasuna Planaren garapenean funtsezko elementuetako batzuk dira. Errealitateak ikasleak prestatzea eskatzen du, lanbide-eremu zabaletan bermeekin moldatu ahal izateko, eta ez bakarrik lan zehatz batean. Hori dela eta, ikasleei beharrezko tresna berriak eman behar zaizkie, beren etorkizunaren jabe izan daitezen 4.0 gizartearen eredu berrian.

Errealitateak denboretara egokitzea eskatzen du, eraldatzen ari den gizartearen erronka berriei erantzutea, aintzat hartuta gizarte hori gero eta gehiago oinarritzen dela aurrerapen teknologikoetan, baina gizarte-balioak eta giza dimentsioa nabarmentzeko benetako beharrarekin. Hori dela eta, giza garapen jasangarriaren alde lan egin behar da eta, horretarako, pertsonen enplegagarritasunerako eta enpresen lehiakortasunerako beharrizan berriei aurre egin ahal izateko gaitasunak eta trebakuntzak sartu. Bilakaerak, gizarte-kohesioak eta une bakoitzean prestakuntza egokia izateak prestatuta dagoen gizarte modernoaren, aurreratuaren, jasangarriaren eta solidarioaren gizarte-ongizatea lortzera bideratzen gaituzte.

Datozen hiru urteetan, Hezkuntza Sailak ahalegin ekonomiko berezia egingo du, hura ezartzeko. Aldi horretan, Lanbide Heziketako Sailburuordetzaren bidez, Plana garatzeko eta haren ezarpenaren onurak eskuratzeko lan egingo da. Azken helburua da Euskadin Lanbide Heziketako 43.000 ikasle inguruk laugarren industria-iraultzak sustatutako aldaketetara egokitutako prestakuntza lortzea eta, aldi berean, beren bizitzako proiektuetan eta Euskadiko enpresa-egitura sendotzean eragina izango duen enplegagarritasun altua lortzea.   

Lanbide Heziketako zentroak ere funtsezko elementu izango dira, Planean jaso bezala. Horrela, prestakuntza-zentroek jarraituko dute iraultza horrek egokitzeko dituen beharretara egokitzen. Ikasgela berriak, espazio berriak –espazio elkarreragileak, errealitate birtualekoak eta murgiltzekoak–, elkarlaneko robotika, tailer eta biltegi adimendunak, fabrikazio aurreratuko makinak eta sistema adimendunak eta interkonektatuak… Elementu horiek Lanbide Heziketako zentroei sortzen doazen beharrizanetara hobeto egokitzeko bide emango diete.

Lanbide Heziketako V. Euskal Planaren bidez, LHk oraineko eta etorkizuneko erronkei erantzun ahalko die; horrela, LHk aukera izango du, batetik, egokitzapen- eta erreakzio-gaitasuna garatzeko eta, bestetik, aurrerapen- eta disrupzio-gaitasuna barneratzeko. Ezaugarri horiek guztiak beharrezkoak dira etorkizunari bermeekin aurre egiteko.

Lanbide Heziketako V. Euskal Plana, hemen duzu eskura