Lanbide Heziketak klima-aldaketari aurre egiteko mobilizazioak antolatu ditu Bilbon, Bizkaia Iraunkorraren aldeko Gazteen III. Foroan

Argitalpen-data: 

Gasteen_III_Foroa.jpg

Lanbide Heziketako 50 gazte bizkaitar inguru Bilbon bilduko dira datorren abenduaren 10ean, klima-aldaketaren ondorioz eztabaidatzeko, inpaktu horiek arintzeko ekintzak identifikatzeko eta beren inguruan abian jar ditzaketen egokitzapen-neurriak erabakitzeko.

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak Gazteen III. Foroa Bizkaia Iraunkorraren alde antolatu du, Bizkaiko Foru Aldundiko Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala Zaintzeko Sailarekin batera, Ingurugelaren koordinazioarekin. Aurreko edizioetan bezala, helburu nagusia jasangarritasuna eta ingurumeneko egungo erronkak Lanbide Heziketako ikasleengana hurbiltzea da.

Klima-aldaketari buruzko Nazio Batuen biltzarrarekin (COP25) bat etorriz –Madrilen egingo dute data beretan–, foro hau Garapen Jasangarriko 13. Helburuaren (klima-aldaketaren aldeko ekintza) aldeko jarduera zehatza izango da. Gaiaren transbertsalitatea dela eta, garapen jasangarriko beste helburu batzuekin lotzea da asmoa; izan ere, hezkuntzako hainbat familia profesionaletatik oso gertu daude hurrengo hauek: goserik eza, osasuna eta ongizatea, energia eskuragarria eta ez kutsatzailea, ekoizpen eta kontsumo jasangarriak eta kalitatezko hezkuntza.

Helburu horiek lantzeko hainbat adar profesionaletako ikasleek taldeak osatuko dituzte, jasangarritasunean erreferenteak diren eta Lanbide Heziketarekin lotura duten enpresa eta erakundeetako ordezkariekin. Nabarmentzekoa da hurrengo hauen parte-hartzea: Elizegi Taldea, ostalaritzan erreferentea; Eusko Jaurlaritzako Osasun Saila; Eki Fundazioa, energia eskuragarriaren eta ez kutsatzailearen taldean; Sareko Eneek, ekoizpen eta kontsumo jasangarrien taldean; eta Novia Salcedo Fundazioa, kalitatezko hezkuntzan erreferentea.

Jardunaldia amaitzeko, taldeek beren ondorioak azalduko dituzte osoko bilkura batean, non Hezkuntza Saileko, Ingurumen Saileko eta Bizkaiko Foru Aldundiko ordezkariak izango baitira.

 

Zer da Ingurugela?

Ingurugelaren zentroek irakasleei eta ikastetxeei laguntzeko ekipamendu publikoen sarea osatzen dute, eta ingurumen-hezkuntzako planak eta programak koordinatzen dituzte unibertsitatez kanpoko sisteman.

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren eta Ingurumen Sailaren lankidetza-hitzarmenen ondorioz sortu zituzten 1989an, Ingurumenarekiko Irakasbideen Hezkuntza eta Ikerketarako Ikastegiak izenarekin (CEIDA gaztelaniazko sigletan). 2005. urtean eman zieten Ingurugela izena. Egun lau daude Euskal Autonomia Erkidegoan (Bilbon, Donostian, Legazpin eta Gasteizen), eta 15 langile biltzen dituzte, hainbat gaietako aholkularien eta irakasleen artean.