GLEAko delegazio batek Kubara bidaiatu du

Argitalpen-data: 

GLEAk Kuba bisitatu du bertako gobernuarekin garapenerako lankidetza arloan hitzarmen batetara heltzeko

Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako (GLEA) delegazio bat Kuban izan da ekainaren 22tik 27ra bertako gobernuarekin garapenerako lankidetza arloan hitzarmen berri batetara heltzeko aurre pausoak emateko. GLEAko delegazioa Paul Ortega Etcheverry zuzendariak, Noemí de la Fuente Pereda koordinazio estrategikoko arduradunak, eta Maite Garmendia Eguinoa Erdialdeko Amerika, Mexiko eta Karibeko arduradun teknikariak osatu dute. Bidaia baliatu dute erakundeen arteko harremanak sendotzeko eta herrialdeko errealitate politikoan eta sozialean sakontzeko ere.

Bisitan Kanpo-merkataritzako eta Atzerriko Inbertsioetako Ministerioarekin (MINCEX) bildu dira, garapenerako lankidetzako arloa eramaten duen erakundea. Harremanak izan dituzte nekazaritzako, ondarea eta kulturako, goi mailako hezkuntzako, energiako, zientzietako, teknologia eta berrikuntzako, ingurugiroko, berdintasuneko eta deszentralizazioko erakunde eta entitateekin. Halaber, bilerak eduki dira nazioarteko erakundeekin, garapenerako lankidetzaren delegazioekin eta agentziekin, elkartasun mugimenduekin eta Kuban dauden euskal GGKEekin.  

GLEAko delegazioak euskal lankidetzak finantzatutako Habana Hiriko Historialariaren Bulegoak egiten dituen hainbat ekimen ezagutzeko aukera ere izan du.

1993tik - Kubari lankidetza arloan laguntza ematen hasi zen urtea - Eusko Jaurlaritzak 41 milioi euro baino gehiago eman dizkio. 2007an Kubako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak garapenerako lankidetzan Kubarekiko Euskal Herrialde-Estrategia onartu zuten. Bertan, lankidetza ekimenak zuzentzeko lehentasunak zehazten ziren.

Dokumentu horren sinatzea eta hamar urte ondoren, asmoa da lankidetza arloan Kubaren eta Euskadiren arteko akordioa berritzea eta horretarako hain zuzen ere egin da bidaia. Urtea bukatu baino lehen espero da GLEAk eta MINCEXek hitzarmen berri bat sinatzea. Bertan, Kuban GLEAk laguntzen dituen lankidetza arloan lehentasuna duten lan lerro nagusiak agertuko dira, herrialdeak garapenean dituen lehentasunekin bat eginez.

Argazki guztiak hemen ikus daitezke